EUSKAL LEGE ZIBILAREN PROPOSAMENA
2012-05-31
Egileak.
Academia Vasca de Derecho-Zuzenbidearen Euskal Akademia (Zuzendaritzak onetsia, 2012-05-28)
Ilustre Colegio de Abogados del Señorío de Bizkaia-Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsua
(Zuzendaritzak onetsia, 2012-05-31)
Zioen azalpena
Eusko Legebiltzarrak ondu zuen 3/92 Euskal Legea, 1992. urteko uztailaren batekoa,
izan zen lehena, euskal zuzenbide zibilaren arauketa gauzatzeko orduan, 1526. urteko
Foruaren ostean. Lege hori euskal legelariek idatzi zuten eta euskal organo legegile batek
onetsi zuen.
Eusko Legebiltzarrak ahalmenak zituen lege hori onesteko, hain zuzen ere, 1978.
urteko Espainiako Konstituzioaren 149.1.8. artikulua. Horrek, Estatuaren mesederako gai
zibiletan legeak egiteko ahalmena gorde bazuen ere, salbuespenak ezarri zituen, besteak
beste, aurrekoari kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek zuzenbide zibilak, forudunak nahiz
bereziak, iraunarazi, aldarazi eta garatu ahal izango dituzte, halakoak direnetan.
Konstituzioaren xedapen horretan oinarri harturik, Euskal Herriaren Autonomia
Estatutuak arautu zuen, 10. artikuluan, 5. zenbakian Euskal Autonomia Erkidegoaren
eskuduntza beregaina, honetara zuzendua: Euskal Herria osatzen duten Herrialde Historikoen
Zuzenbide Zibil Foral eta berezi -idatzia nahiz ohizkoaren- kontserbazio, aldatze eta bilakaera,
bai eta beraren indarraren lurralde-barrutiaren finkapena ere.
Konstituzioaren gaineko iruzkingile batzuek xedapen horien interpretazio murriztaileak
egin arren, gaur egunean, indarraldia hasi eta hogeita hamar urte geroago, murrizketa horiek
sustraia galdu dute eta hitzez hitzeko interpretazioa nagusitu da, hain juxtu ere, legegileak
bereganatu duena, Valentzia eta Galiziako Estatutuen idatzaldian gertatu den bezalaxe.
Iruzkin murriztaile horiek iturburua zuten heziketa zentralista batean, hori izan baitzen
nagusi, urte askotan, gure Zuzenbide Fakultateetan. Hala ere, Konstituzioaren araubide
argiaren aurrean ez da zentzuzkoa mugapenak bilatzea haren testuan, egoki eta erraz ulertzen
baita hura bere hitz soiletan.
Hori dela eta, orain aurkezten dugun testua askatasun osoz idatzi da, muga hertsirik
gabe, aintzat harturik zentzu ona eta guztion onura. Betiere, ideia argia izanik tradiziozko eta
ohiturazko zuzenbideak dakarren esparrua dela oinarrizkoa, baina ez aspaldiko edukia
gordetzeko asmo hutsarekin, ezpada egungo egoera aintzat harturik, batez ere euskal
gizartearen gaurko ekimenak, horiek ezagunak baitira merkataritza edota industria arloan.
Begien bistakoa da hori ezin dela identifikatu mende batzuk lehenago Bizkaiak zuen
nekazaritza giroarekin.
Aurrerakinak
Izatez, Bizkaiko Foru Aldundiak hasi zuen 1992. urteko Legea egiteko bidea. Zalantzarik
gabe, herrialde hori zen gehien ukituta zegoena gai honetan, bertako zuzenbide zibilaren arau
batzuk zeudelako Bizkaiko Foruaren testuan eta gizaldietan bizi izan zituztelako bizkaitarrek.
Horrek argitzen du Bizkaiko Foru Aldundiak lehenez sortzea horretarako ikerketabatzordea eta bertara biltzea legelari aitortuak, besteak beste, testu batera ekartzeko ohitura
zaharrak. Testu hori idatzi ondoren, 1992. urtean aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean, foruarauak gaurkotzeko asmoarekin.
Ez da harrigarria, beraz, egitasmo hura Bizkaiari buruz izatea nagusiki, Bizkaia baitzen
aspaldiko erakunde zibilak bizien zituenak. Testua idatzi eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu
ondoren, hiru euskal herrialdeetako Abokatuen Bazkunek Gasteizen egin zuten bilkura eta
bertan eskatu zuten Gipuzkoa eta Araba ere legegai izatea esparru honetan.
Halakoa gertatu zen Bizkaiko lana bukatuta zegoenean eta Eusko Legebiltzarrean
aurkeztuta. Kontuan hartuta hiru herrialdeentzako legea egitea gehiegi luza zitekeela,
Gipuzkoan eta Araban ez baitziren horretarako egitasmo landuak, idazketa-batzordeak
proposatu zuen azken xedapena, III liburuaren titulupean, testuaren hondarrean kokatzea.
Artikulu bakarra gehitu zitzaion testuari, 147a, Gipuzkoako foru-ohiturak aitortzen
zituena eta erakundeei agindua ematen ziena halako lanak egin zitzaten, herrialde horren
ohiturazko zuzenbidea egungo indarraldian dituen ardatzetan idatzita gera zedin.
Eusko Legebiltzarrak hala erabaki zuen eta horren ondorioz aldarrikatu zuen 3/92
Legea, uztailaren 1ekoa. Horrek barruratu zuen arabarren proposamena, Aiarako Forua
eraberritzeko eta berorri idatzaldi berria emateko, hain juxtu ere, arabarren batzorde batek
ekarri zuena. Harrezkero ere, 1999. urtean, testuari areagotu zitzaion lege-araubide berria
Gipuzkoarentzat.
Horrela sortu zen 1992. urteko uztailaren 1eko euskal legea eta aitortu beharra dago
hura aldarrikatu zela une gogoangarri batean, euskal zuzenbide zibila orduantxe hasi baitzen
herritarren artean ere zabaltzen. Horretara ere, eztabaida hedatzen hasi zen eta espero
izatekoa da eztabaida horretatik formulazio berriak etortzea.
Hori izan zen, izatez, Zuzenbidearen Euskal Akademiak aditu talde bat biltzeko eta gure
zuzenbide zibilaren izaera eta indarrari buruz gogoetak egiten hasteko arrazoia, zuzenbide
hori, neurri handi batean, Bizkaitik kanpo, behinik behin, ohiturazkoa baitzen ia-ia bere
osotasunean.
Gogoeta eta ikerketa horiek erkide egin dituzte Zuzenbidearen Euskal Akademiak eta
Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren Foru Zuzenbidea ikertzeko taldeak eta
Euskal Lege Zibilaren proposamen honetan islatzen da.
Euskal Herriaren beste ezaugarri batzuekin gertatzen den bezalaxe, funts alboraezina
da Castillako eta Europako zuzenbidea, eta horrexegatik testua interpretatu behar da
Espainiako Kode Zibilarekin batera, testu honek ez baitu xede aspaldiko erakunde zibilen eduki
osoa agortzea, horiek bizirik baitaude Kode Zibilak arautzen dituen moduan. Kode Zibil hori
indarrean dago testuaren zatirik zabalenean eta, kasurik okerrenean ere, zuzenbide
ordeztailearen izaera du, salbu eta halako erakunde beregainak arautzen direnean. Horra hor
tronkalitatea, Bizkaian, Laudion eta Aramaion aplikatzen dena.
Euskal zuzenbidea zuzenbide europarra da eta sarturik dago mendebaldeko zuzenbide
europarraren esparruan. Jakina denez, Erdi Arotik barruratu zen zuzenbide erromatarra lekuan
lekuko zuzenbidearen sustraien gainean. Euskal zuzenbideak baditu erakunde batzuk, non
zuzenbide erromatarra ez den aplikagarri. Areago, Ipar Euskal Herrian izan zen halako oldartze
bat, zuzenbide erromatarra ezartzearen aurkakoa. Espainiako euskal lurraldean, berriz,
Castillako zuzenbidea, zuzenbide erromatarraren eragin nabarmena zuena, bertako
zuzenbidearen hutsuneen betegarri zen. Nolanahi ere, badira euskal zuzenbidean ñabardura
esanguratsuak, zuzenbide erkidea aldarazten dutenak eta orain aurkezten dugun testuan
gorde eta garatzen direnak.
Atariko Titulua da testu honetan, oinarri orokorrak baieztatzeko lekua. Bertan
azpimarratzen da gure aspaldiko legeen jabetza eskubidearen sustrai solidarioa eta askatasun
zibilaren baieztapen esanguratsua, horren bidez lege guztiak xede-emaileak direla uste izanik.
Berrikuntzarik nabarmenena, hala ere, euskal auzotasun zibilaren arauketan datza.
Orain arte ez zegoen tokiko auzotasuna baizik eta horrek eragozten zuen, berbarako, izatezko
bikoteen ondorioak arautzeko euskal auzotasuna ardatz moduan hartzea, halakorik ez
zegoelako. Hainbatez, auzotasun administratiboan babestu da izatezko bikoteen araubidea.
Premiazkoa zen, hortaz, auzotasun erkide bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren
herritar guztiontzat. Halakoa sortzen eta arautzen du testu honen 10. artikuluak, hori bera
bateragarria dela tokian tokiko auzotasunarekin. Azken hori da, izan ere, erakunde batzuen
aplikaziorako Aiarako auzotarrek, bizkaitarrek edota gipuzkoarrek dutena.
Testuaren jomuga da, bestalde ere, indarra izatea Euskal Autonomia Erkidego osoan.
Horren xedapenek aplikagarriak behar dute izan lurralde osoan. Egia da, Araba, Gipuzkoa eta
Bizkaia bide desberdinetatik joan zirela baina egia da, orobat, euren arteko desberdintasunak,
urriak izanik ere, kasurik gehienetan, formalak direla, funtsezkoak baino, betiere foruohituraren esparru zabalean.
Egoera horrek ahalbidetu du testu bateratua egitea, herritar guztientzat onargarri izan
daitekeena, lege eta ohitura oso bestelakoetan izan ezik, hala nola, testamentua egiteko
askatasuna Aiaran, edota tronkalitatea eta ondasunen komunikazioa bizkaitarren arteko
ezkontzan.
Desberdintasunek ez dute saihesten auzotasun zibil erkide bat moldatzea, hain zuzen
ere, euskal auzotasuna, aurreko legeak arautu ez zuena. Bistan da hori gabe zaila dela legegatazkak konpontzea. Argi dago, era berean, euskal auzotasun honek ez duela oztopatzen
tokian tokiko auzotasuna izatea, kasu zehatzetan aplikagarri izan daitekeena, adibidez,
bizkaitar tronkalitatean, beste herrialdeetara zabaldu ez dena.
I liburua hasten da ondareari buruzko zuzenbidearen printzipioak adieraziz. Bertara
barneratzen da landa-errendamenduei buruzko aipamena, horiek asko hedatu baitziren XIX eta
XX. mendeetako euskal baserrietan. Epeari dagokionez, mugagabeak ziren, errentaren
ordainketan huts egin ezean. Botere zentralak horri buruz aldarrikaturiko legeek sarritan jarri
zituzten zalantzan landa-errendamendu horiek, aintzat hartzeke baserrien kasuetan
etxebizitzaren erabilera lotzen dela lursailen jorraketarekin, gehienetan bigarren hauek
lehenaren erantsiak direla. 13. artikuluan egiten da halako aipamena, landa-errendamendu
horiei buruz, xedapen zehatzik gabe, horiei buruzko edozein erabaki hartzeko beharrezkoa
baita adostasun politikoa.
Euskal baserrien landa-errentamendua berezko izaera duen erakundea da, beharbada
zentsuetatik hurbil dagoena, eta testuak berezitasun hori gorde nahi du, nahiz eta
erakundearen garatze bidea botere publikoen zeregina izan eta erabaki politikoen menpe
egon.
Legeak, orobat, sozietate zibilak arautu nahi ditu, horiek aspaldiko espiritu baten
adierazleak baitira, besteak beste, gizakumeak elkarrekin jardutekoa. Halakoak irauten du
egunotan ere, kofradia, ermandade eta mutualitateetan eta ez da arauketa propio baten
objektua izan orain arte.
II Liburuak oinordetzak ditu araugai. Aiarako forua eta Bizkaiko tronkalitateari buruzko
arauak salbuetsita, Euskal Herriko oinordetza zuzenbidea beti izan da ohiturazkoa, Bizkaian
ziren arau idatzi bakandu batzuk izan ezik. Gainerakoan, agiri zaharrek adierazten dute arau
bertsuak aplikatu zirela hiru herrialde historikoetan eta alkarpoderosoak eta testamentu
mankomunatuak sarri erabili zirela Bizkaitik kanpo ere. Hori dela eta, idazketa-batzordeak
erabaki du idazkera bera egitea ororentzat, Bizkaiko eta Aiarako arau bereiziak jarraian
datozela. Horretara jarrita, testamentu egilearen askatasuna zabaltzen da.
Hilburuko testamentua heriotza-arriskuan egindako testamentua da eta egoki dago
araututa Bizkaiko Foruan. Hainbatez, arauketa hori hedatzen da hiru herrialde historikoetara,
Zuzenbide Zibil erkidea aplikagarri izan dakien.
Kode Zibilak bereziki debekatu zuen testamentu mankomunatua, Alemaniako
Kodearen debeku gogorra aintzat harturik, baina horrek sortzen dituen susmoak eta errezeloak
gutxitzen joan dira araubide modernoetan. Bizkaiko Forua eta 1992. urteko euskal legeak
haren indarra gorde dute, senar-emazteen artean soil-soilean bada ere.
Testamentu egiteko molde hau Erroman sortu zen gerra egoeran zeuden
soldaduentzat. Hartara, elkarrekiko testamentu egin zezaketen haiek, bata bestearentzat eta
testu honen idazketa-batzordeak horren indarra areagotu nahi izan du, mota horretako
testamentua egiteko aukera emanez bi pertsonen artean, senide edo elkarbizitza harremanak
dituztenak badira horiek.
Nahitaezko oinordetzari dagokionez, desberdintasun handiak dira gure zuzenbide
historikoan. Horiek bateratze bidean jartzea komenigarri izango litzateke. Aiarako Foruak
testamentu egiteko askatasun osoa gordetzen du. Arean ere, ikusirik horrek Aiaran dituen
sustrai sendoak, uste da zuhurra dela erakunde hori gordetzea.
Gainerakoetan, agerikoa da leku askotan Kode Zibilaren seniparte-sistema dagoela
indarrean, Bizkaian izan ezik. Bertan senipartea hartu zen Castillan indarrean zegoen Partiden
Legeetatik, hori ere gure tradizioaren aurkakoa zela, eta jarauntsiaren lau bostenekoa zen,
Kode Zibilak bi herenetara murriztu arren, bat seniparte hetsiarena eta bestea
hobekuntzarena.
Testuak seniparte bakarra ezartzen du, ondarearen heren batena, Euskal Autonomia
Erkidego osorako. Uste izan da erabaki hori oso garrantzitsua dela eta laguntzen duela, beste
edozerk baino gehiago, euskal zuzenbideari batasuna ematen eta Europako legeriei buruz
hurreratzen.
Salbuespen bakarra da, nahitaez, Aiarako haranarekin egin beharrekoa, testamentu
egiteko orduan erabateko askatasuna gorde behar baita.
Alkarpoderosoa edo komisarioaren bidezko testamentua oinarrizko osagaia da Bizkaiko
oinordetzan. Lege honek ñabardura batzuk barruratzen ditu horretan. Testamentua egiteko
ahalordeak euren osotasunean gordetzen ditu, betiere notarioaren aurreko testamentuan
egiten badira. Ezkontideek edota izatezko bikotekideek ezkontza hitzarmenean edo oinordetza
itunean egin dezakete halakoa. Berrikuntzarik nabarmenena izan daiteke, beharbada,
alargunaren eta bizirik dirauen izatezko bikotekidearen arteko berdintasuna, egungo
legeriaren aginduak betetzeko asmoz.
Bizkaiko erakunderik esanguratsuena, zuzenbide pribatuari dagokionez, tronkalitatea
da. Horren lorratza ere begien bistakoa da Nafarroan eta Lapurdiko ohituretan. Aldiz,
Gipuzkoan eta Araban ez dago araututa, herrialde horiek inoiz ere ez baitzituzten euren legeak
idatzi. Bizkaian bilduta dago Foruan eta zabal garatuta 1992. urteko Legean. XX. mende
hasieran, tronkalitatea zen erakunderik bereizgarriena eta estimatuena, bizkaitar legelarien
aldetik.
Egungo gizartearen bilakaera, ostera, mota honetako erakundeen aldekoa ez da.
Nolanahi ere, berorrek Bizkaian dituen sustraiak aintzat hartuta, zuhurtasunak aholkatzen du
berori gordetzea.
Testuak bizirik gordetzen du Bizkaian tronkalitatearen erakundea eta foru sakaren
egikaritza ondasun tronkalak besterentzen direnean. Testuak eskubide horren egikaritza
argitu eta erraztu egin nahi du eta, modu batean zein bestean, horren aplikazioetan gerta
daitezkeen gehiegikeriak arindu. Hartara, berrikuntzarik irtenena da aspaldiko deuseztasun
erabatekoa, tronkalitatetik kanpo diren arrotzen mesederako egindako ekintzetan,
deuseztagarritasun erlatibo edo mugatu bihurtzen dela, Jabetza Erregistroan noiz inskribatu
eta hurrengo lau urtetan egikaritu behar baita.
Saka eskubidearen egikaritzeari dagokionez, ondasun tronkal bat arrotz bati
besterentzen zaionean, testuak mugatu egiten du hori, hiri-lurrean edo sektoreen arabera
urbanizatzeko moduko lurzoruan badaude ondasun horiek. Eskubidea egikaritzeko moduak
ere, bitarikoak proposatzen ditu testuak, bata, zuzenetik egitekoa eta bestea, iragarkien bidez,
bi-biak notarioen fede publikoaren pekoak, tronkaleko senideei deia egiteko.
Testuak arautzen du, orobat, baserri baten errentariak izan dezakeen eskubidea,
errentapeko etxebizitza eskuratzeko, kontratuaren indarraldia berrogei urtekoa baino
gehiagokoa bada. Euskal baserriaren berezitasuna da hori, finkaren errendamenduan
familiaren etxebizitza sartzen baita eta horrek ahalbidetzen du errentariak ere, testuaren 86.
artikuluak arauturikoaren arabera, lehenespenez eskuratzeko eskubidea.
Modu esanguratsuan batzen da testu honetara Aiarako Forua. Tradizioz artikulu
bakarrekoa izan ohi da hori. Hemen, berriz, luze-zabal garatzen da, legelari arabarren
ekarpenekin, botere osoko gozamenaren araubidea, Aiarako modalitateak barne.
Era berean, gipuzkoar baserriaren oinordetzari buruzko arauak garatzen dira testuan.
Baserria zer den 97. artikuluan zehazten da eta orobat, eskuratzaileen betebeharra,
baserriaren xedea gordetzeko.
Oinordetza-itunak hedadura handiz arautzen dira Liburu honetan. Kode Zibilaren
debekua gorabehera, horrek eragozten zuela oinordekoa izateko ituna, erakundea bizirik
zegoen Bizkaian, batez ere ezkontza bidezko itunetan eta debekua ez da arrazoizkoa gaur egun
hainbat legelarirentzat. Horrexegatik eman behar zaio arreta berezia eta berme-arauak ezarri
horren baitan.
III liburuan barneratzen dira ezkontza bitarteko ondasunen araubidea eta horren I
tituluan ezartzen da aukera askeko araubidea, ezkontza egin aurretik zein ondoren.
Hitzarmenik ezean, Kode Zibilak arauturiko irabazpideen araubidea izango da aginduzko.
Bizkaiko Forua aplikagarri non den eta bertako lurraldean, hala ere, liburu honen II
tituluak ezartzen du, tradizioaren arabera, ulertzen dela ezkontideen artean foru komunikazioa
dela aginduzko, Foruak arautzen zuen bezalaxe, eta horren bidez ondasun guztiak erkide
egiten dira, horiek higigarriak edo onibarrak izan, edozein dela euren jatorria.
Jarraian datoz xedapen iragankorrak. Horien artean azpimarratzekoa da zazpigarrena,
horrek ezartzen baitu euskal auzotasun zibila, berori eskuratuko dutela, besterik gabe, Euskal
Autonomia Erkidegoaren herritar guztiek, lege hau indarrean sartzen denetik.
Azken xedapenen artean, bigarrenak zehazten du ezkontzei buruzko ondorioak
hedatzen direla izatezko bikoteengana, horiek badira maiatzaren 7ko 2/2003 Legea, izatezko
bikoteei buruzkoan sarturik daudenak.Bide beretik, lege horri egiten zaizkio eraldaketa
laburrak, dela 2. artikuluan (legearen aplikazioa zehazteko, euskal auzotasun zibila dela
loturazko puntua), dela 5. artikuluan (legezko ondare-erregimen ekonomiko gisa ezarriz
ondasunen banantzearen araubidea).
Azkenean, xedapen indargabetzaileak deuseztatzen du aurretiazko legeek izan
dezaketen indarra, baldin eta orain aldarrikatzen denaren aurkako zerbait arautzen badute.
ATARIKO TITULUA
I. KAPITULUA
Euskal Zuzenbide zibilaren iturriak
1. artikulua
1. Euskal Autonomia Erkidegoko foru-zuzenbide zibila osatzen dute lege honen
xedapenek, ohiturak eta zuzenbide hori eratzen duten printzipio orokorrek.
2. Eusko Legebiltzarrari dagokio lege hau onestea, geroagoko aldarazpenak nahiz
garapenak egitea, eta Europar Batasunak orokorrean ezarritako xedapenei egokitzea ere bai.
3. Ohitura, nabaria ez bada, frogatu egin beharko da.
2. artikulua
Jurisprudentziak Euskal Zuzenbide zibila osatuko du, Euskal Autonomia Erkidegoko
Auzitegi Nagusiaren Zibileko Salak hura aplikatzean ematen duen doktrina errepikatuarekin.
3. artikulua
1. Legerik edo foru-ohitura aplikagarririk izan ezean, ordezko moduan aplikatuko dira
Kode Zibila eta indarrean dauden gainerako xedapen orokorrak.
2. Lege horien etorkizuneko aldaketak aplikatuko dira, euskal zuzenbide zibila zein
printzipiok eratu eta printzipio horien aurkakoak ez diren neurrian.
4. artikulua
Askatasun zibilaren printzipioa, euskal zuzenbide zibilean tradiziozkoa dena,
aintzakotzat harturik, legeak esku-emaileak direla uste izango da, eta legeok eratortzen
dituzten eskubideei uko egitea baliozkoa izango da, interes edo ordena publikoaren
aurkakoa ez bada eta hirugarrenari kalterik egiten ez badio.
II. KAPITULUA
Euskal Lege zibilaren printzipio eratzaileak
5. artikulua
1. Jabetzaren gaineko euskal ikuskera ez da indibidualista, baizik eta solidarioa.
Norberaren interesen gainetik, lehentasuna dute familiaren nahiz gizartearen interesek, eta
pertsonaren duintasunak.
2. Legeek jabetza-forma desberdinak babestuko dituzte, hala nola auzo-jabetza,
familia-jabetza nahiz gizarte-jabetza, betiere tradizio historikoarekin ildotik, eta tradizio hori
zein alditan aplikatzekoa izan eta une horretako gizarte-errealitateari egokituta.
6. artikulua
Pertsonenganako errespetua eta begirunea euskal legeriaren oinarri dira.
7.artikulua
1. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozeinetan formalizatu ahal
izango dira lege honek araututako egintzak eta kontratuak.
2. Egilesleek egilespen-tokiko hizkuntza ofizialetatik zein hitzartu eta hizkuntza
horretan idatziko dira agiri publikoak; eta, hizkuntza ofizialak bat baino gehiago izanez gero,
alderdiek aukeratutakoa erabiliko da. Alderdien artean desadostasuna gertatuz gero, agerkai
publikoa bertako hizkuntza ofizial guztietan idatzi beharko da. Tokiko hizkuntza ofizialetatik
eskatzaileak zein aukeratu eta hizkuntza horretan luzatuko dira kopiak.
III. KAPITULUA
Euskal Lege zibilaren aplikazio-eremua
8. artikulua
Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremu osoan aplikatuko da, salbu
eta manu zehatzek beren-beregi adierazten dutenean manu horiek lurralde jakin batean
bakarrik daudela indarrean.
9. artikulua
1. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean legeria-aniztasunak indarrean dirauen
artean, Eusko Legebiltzarrari dagokio Euskal Lege zibilaren indarraldirako lurralde-eremua
mugatzea, eta, hala denean, barne gatazkak konpontzeko arauak ezartzea ere bai.
2. Arau berezirik izan ezean, zenbait antolamendu juridiko aldi berean izateak
lege-gatazkak eragiten dituenean, gatazkok konponduko dira, estatuak emandako arau
orokorren bidez, kasuan kasuko erakundearen izaera kontuan harturik.
3. Tokiko gatazkak gertatzen direnean, lurralde batzuetan indarrean dauden
arauen artean, edo gatazkak gertatzen direnean arau horien eta Euskal Autonomia
Erkidegoko arau orokorren artean, gatazkok konponduko dira, Kode Zibilaren xedapenen
bitartez, betiere ondasun tronkalen arloan indarrean dagoen lurraldetasun-printzipioari
kalterik egin gabe.
10. artikulua
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide zibila aplikatzen zaie euskal auzotasun
zibila duten pertsona guztiei.
2. Euskal auzotasun zibila, edo, bestela, tokiko auzotasun zibila, hori aplikatu behar
denean, Kode Zibilaren arauekin bat etorriz eskuratu, iraunarazi eta galdu egiten da, betiere
ondasun tronkalen kasuan lurraldetasun-printzipioari kalterik egin gabe.
3. Lege honek zuzenbide zibileko arauak jasotzen dituela kontuan hartuta, halako
batzuk arau berezi moduan indarrean badaude Bizkaiko lurralde historikoan, eta Laudio eta
Aramaioko udaletan, orduan lurralde horietan tokiko auzotasun zibila dutenei aplikatzen
zaizkie arauok, forudun izan zein izan ez.
11. artikulua
Euskal Autonomia Erkidegoan egiletsitako agerkai publikoetan, egileslearen euskal
auzotasun zibila eta tokiko auzotasun zibila agerraraziko dira; eta agerrarazi beharko da,
halaber, egileslearen ezkontzari edo izatezko bikoteari zein ondasun-araubide dagokion,
horrek eragina izan badezake egiletsitako xedapenen gainean edo xedapen horien ondorioen
gainean. Zalantza izanez gero, eta kontrakoa frogatu ezik, uste izango da auzotasun zibila dela
jaiotza-lekuari dagokiona, eta ondasunen araubidea dela, ezkontideen azken egoitza erkidea
non izan eta bertako lege-araubidea; eta, ezkontideek egoitza erkiderik izan ezean, ezkontza
non egin eta bertakoa, edo, izatezko bikoteen kasuan, ondasunen banantze-araubidea.
I. LIBURUA
ONDAREARI BURUZKO ZUZENBIDEAREN PRINTZIPIOAK
12. artikulua
Baserria, izatez, familiaren ustiategia da, nekazaritzaren arlokoa nahiz abeltzaintzaren
arlokoa; ustiategi hori eratzen dute landetxeak berak, eta, horrekin batera, osagai higigarri
desberdinek, abelburuek, ustiatze-eskubideek, makineriak, instalazioek, eta, orobat, landa,
lursail edo mendi batek edo batzuek. Lursail edo landa horiek landetxearen ondoan egon
daitezke edo horretatik aparte, eta, halakoak izendatzeko, baserriari dagozkion lurrak direla
esan ohi da.
12. artikulua
Landa-errentamenduaren kontratuak, euskal tradizioan, ezaugarri bereziak
ditu, errentamenduaren egonkortasunari, errentariaren eskubidea eskualdatzeari eta
bestelako alorrei dagokienez; horiek guztiek justifikatzen dute, lege honen xedapenetatik
kanpo ere, errentamendu hori lege bereziaren bitartez arautzea.
14. artikulua
1. Bide-zorra eskuratzen da, tituluaren bidez edo hogei urteko preskripzioaren bidez.
2. Lur nagusiaren jabeak galdatu ahal izango du, kalte-ordain egokiaren bitartez, bidezorrari zabalera handiagoa ematea, lur horren beharrizanak asetzeko beharrezkoa den
neurrian.
3. Lur nagusiaren jabeak ahalmena du, orobat, bere kontura zoruan sendotze-lanak
egiteko, baldin eta lan horiei komenigarri baderitze lurra hobeto erabiltzeko, eta lanokin ez
bazaio kalterik egiten zorpeko lurraren ustiatzeari; horretarako, aldez aurretik jakinarazpena
egin behar zaio zorpeko lurraren jabeari.
15. artikulua
Jabeak eskubidea du, bere edukitzapeko landa ixteko, baina ezin du eragotzi
gizabanakoek bertatik igarotzea, irabazirik gabeko erabilera dela eta, gizabanako horiek
ez badute inongo ibilgailurik baliatzen.
Norbaitek eskubide hori erabiltzen badu, landaketak errespetatu beharko ditu, eta,
kalteak eraginez gero, kalte-ordaina eman beharko du.
16. artikulua
1. Sozietate zibilak lege honen mende egongo dira, baldin eta halakoak eratzeko erabili
bada kofradia, ermandade edo mutualitateen forma tradizionaletatik edozein.
2. Sozietate horien arauak izango dira, zehatz-mehatz, haien estatutuak eta barne
arauak, betiere horiek guztiak ez direnean lege honen aurkakoak, berau garatzeko ematen
diren arauen aurkakoak eta ordezko legeriaren aurkakoak.
Sozietate zibil horiek inskriba daitezke erregistro bereizi batean, horretarako sortua
Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Sozietateak nortasun juridikoa izango du, inskribaturik egonez
gero.
II. LIBURUA
OINORDETZAK
ATARIKO XEDAPENAK
17. artikulua
1. Pertsona baten eskubideak eta betebeharrak haren oinordekoei eskualdatzen
zaizkie heriotza-unean bertan, lege honen xedapenekin bat etorriz, oinordetza-itunean
ezarritakoa salbu.
2. Delazioa gertatuko da, noiz eta kausatzailearen heriotza-unean, eta non eta
kausatzaile horren azken bizilekuari dagokion tokian, edo, halakorik izan ezean, heriotzari
dagokion tokian. Hildakoak testamentu-ahalordea egiletsita badauka, oinordetza irekiko da,
ahalorde horrek ukitzen dituen ondasunei dagokienez, komisarioak ahalordea erabiltzen duen
unean, edo, bestela, lege honek aipatu arrazoietatik edozeinen ondorioz ahalordea azkentzen
den unean.
18. artikulua
1. Oinordetza gauzatzen da, testamentuaren bidez, oinordetza-itunaren bidez, edo, bi
horiek izan ezean, legearen xedapenen bidez.
2. Ondasun batzuk xedatu ahal dira testamentuaren bidez, eta beste batzuk, itunaren
bidez. Testamentuak ez du oinordetza-ituna ezeztatzen; baina oinordetza-itunak baliorik gabe
uzten du horren aurkakoa den testamentua.
I. TITULUA
TESTAMENTUZKO OINORDETZA
1. ATALA
Xedapen orokorrak
19. artikulua
1. Oinordetza antolatu ahal da, titulu unibertsalaren bidez edo banakako
tituluaren bidez.
2. Jaraunslea da titulu unibertsalaren bidez izendatua izan dena, dela jarauntsi osoan,
dela jarauntsiaren zati alikuota baten gainean. Jaraunsleak kausatzailearen ondasunak eta
eskubideak eskuratzen ditu, horien edukitzari eusten dio, kausatzailearen
betebeharretan subrogatzen da, eta jarauntsiaren zamak betetzeko betebeharra
bereganatzen du.
3. Banakako tituluaren bidezko oinordekoak edo legatu-hartzaileak bere eskubidea
baliatu ahal du, jaraunsle unibertsalen aurka, legatuaren ematea edo ordainketa
galdatzeko.
4. Jaraunslea, aldi berean, legatu-hartzailea denean, legatua onartu eta jarauntsia
arbuiatu ahal izango du.
20. artikulua
Testamentugileak kontrakoa xedatu ezik, norbait banakako tituluaren bidez
izendatzen bada familia- edo lanbide-ondare baten oinordeko, eta horren balioa
jarauntsiaren hiru laurdena baino handiagoa bada, orduan, izendatutako hori,
ondorio guztietarako, jaraunsle unibertsaltzat joko da. Nahitaezko jaraunslea
baldin bada, izendapena seniparteari egotziko zaio, testamentugileak kontrakoa xedatu ezik.
21. artikulua
1. Kausatzaileak utzitako ondasunen kontura ordainduko dira.
a) Kausatzailearen seme-alabei eta ondorengoei zor zaien mantenua, betebehar hori
beste pertsona batzuei ez badagokie.
b) Jarauntsiko zamak eta zorrak, eta
c) Ondasunak iraunarazteko gastuak, tributuak, aseguru-primak eta bestelako gastuak,
betiere halakoek lotura dutenean aipatu ondasunekin; orobat, administratzaileak, kausatzailearen
negozioak kudeatzean, bereganatutako betebeharrak, edota negozio horien ustiatzeak
eratortzen dituenak, baldin eta ezkontide gozamendunak ez baditu horiek ordaindu behar.
2. Jaraunsleak erantzukizuna du kausatzailearen betebeharren gain, legatuen
gain eta zamen gain, jarauntsi bidez eskuratutako ondasunen balioaren neurrian.
22. artikulua
Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude Kode Zibilak testamentua egiteko
arautzen dituen forma guztiak, eta, gainera, «hilburuko» izeneko testamentua, heriotzaarriskuan egitekoa.
2. ATALA
Heriotza-arriskuan edo hilburuko testamentua
23. artikulua
1. Heriotza-arriskuan dagoenak testamentua egiletsi ahal izango du, hiru lekukoren
aurrean, idatziz nahiz hitzez. Testamentu horri, euskaraz, «hilburuko» deritzo.
2. Testamentu hori eraginik gabe geratuko da, baldin eta bi hil igaro badira,
testamentugilea heriotza-arriskutik atera denetik. Testamentugilea epe horretan hiltzen bada,
orduan ere eraginik gabe geratuko da testamentua, baldin eta testamentu hori ez bada
egiaztarazten, prozesuko legeek agindutako moduan, heriotzaren ondorengo hiru hiletan.
3. Testamentugilea heriotza-arriskutik atera arren, beste testamentu bat egilesteko
ezgaituta geratzen bada, egiaztarazte-epea hiru hilekoa izango da, testamentua egiletsi zenetik
zenbatuta.
4. Behin testamentua epaiketa bidez egiaztarazi eta gero, hori notarioaren protokoloan
jaso beharko da.
3. ATALA
Testamentu mankomunatua edo ermandadeko testamentuaren bidezko oinordetza
24. artikulua
1. Bi pertsona elkarrekin lotuta badaude, senidetasuna edo bizikidetasuna dela eta, bi
horiek testamentua egin dezakete, agerkai bakarrean, testamentu mankomunatuaren edo
ermandadeko testamentuaren bidez.
2. Testamentu hori notarioaren aurrean bakarrik egiletsi ahal izango da. Euskal
auzotasun zibila dutenek testamentu hori egiletsi ahal izango dute, dauden tokian daudela.
25. artikulua
Testamentu mankomunatua edo ermandadekoa elkarrekikoa izan daiteke. Kasu
horretan, egilesleek elkar izendatzen dute oinordeko, euren ondasun guztietan edo batzuetan;
eta testamentu horrek jaso ahal ditu hirugarrenen mesederako xedapen zatikakoak nahiz osoosokoak.
26. artikulua
Testamentu mankomunatua edo ermandadekoa bi egilesleek batera ezeztatu
edo aldatu ahal izango dute, beste testamentu baten bitartez edo geroko oinordetzaitunaren bitartez.
27. artikulua
Baliozkoa izango da egilesleetatik batek bere kabuz egindako ezeztapena, baldin
eta besteari, aurretiaz eta notario bidez, jakinarazi badio ezeztatze-borondatea;
betekizun hori izan ezik, ezeztapenak ez du ondorerik sortuko. Ezeztapena notarioaren
aurreko agirian agerrarazi beharko da, eta eraginik gabe utziko ditu ezeztaturiko
testamentuaren klausula guztiak.
28. artikulua
Ezkontideen kasuan, deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-epaia emanez gero, edo,
izatezko bikoteen kasuan, bikote hori bikotekideen bizitza bitartean azkenduz gero, azkentzea
haien arteko ezkontzak eragiten duenean izan ezik, ondorerik gabe geratuko dira haren
xedapen guztiak, salbu eta elkarren mende egin direnak, desgaitasuna duen seme edo
alabaren mesederako.
29. artikulua
1. Testamentu mankomunatu egin duen egilesleetatik bat hildakoan, horren
oinordetza irekitzen da, eta hildakoak egiletsitako xedapen guztiek ondorea sortzen dute.
2. Behin testamentu mankomunatuak eratortzen dituen betebehar guztiak beteta,
bizirik dirauen egilesleak askatasunez xedatu ahal izango ditu bere ondasunak, inter vivos nahiz
mortis causa.
4. ATALA
Komisario bidezko oinordetza
30. artikulua
Testamentugileak komisario baten edo batzuen ardurapean jar ditzake oinordekoaren
izendapena, ondasunen banaketa, eta, oro har, ondasunok oinordetza bidez eskualdatzeko
berak dituen ahalmen guztiak.
31. artikulua
1. Komisarioa notarioaren aurreko testamentuan izendatu beharko da.
2. Ezkontideek, ezkontzaren aurretik zein horren ondoren, komisario izendatu ahal
dute elkar, ezkontzako itunetan nahiz oinordetza-itunean.
3. Izatezko bikotekideek komisario izendatu ahal dute elkar, euren ondarearen
araubide ekonomikoa zein itunek arautu eta itun horretan bertan, edo oinordetza-itunean, baldin
eta ituna notarioaren aurreko agiri publikoan egilesten bada.
32. artikulua
1. Komisarioak gaitasuna izan beharko du, kasuan kasuko egintza burutzeko,
testamentu-ahalordea egikaritzen den unean.
2. Izendatutako oinordekoak edo oinordekoek oinordeko izateko gaitasuna izan
beharko dute, kausatzailearen heriotza-unean, edo, bestela, testamentu-ahalordea egikaritzen
den data horretan.
3. Testamentugileak kontrakoa xedatu ezik, komisarioak ezin izango du fideikomisorik
ezarri; ezin izango ditu oinordekoaren inguruan baldintzapeko izendapenak egin, titulu
unibertsalaren bidez edo banakako tituluaren bidez; eta ezin izango ditu erabakiak hartu,
erabakion helburua baldin bada oinordekoen izendapena eta ondasunen adjudikazioa
atzeratzea.
33. artikulua
1. Komisarioak bere kargua beteko du, ahalorde-emaileak testamentu-ahalorde horretan
beren-beregi ezarritakoarekin bat etorriz, eta ezin izango du inola ere ahalorde hori aldarazi; eta,
bertan ezer adierazi ezik, lege honen arabera eta ordezko zuzenbidearen arabera
testamentugileari dagozkion ahalmen guztiak izango ditu.
2. Testamentugileak adierazi badu komisarioak zein pertsonaren artean aukeratu
behar duen, orduan komisario horrek ahalordean ezarritakoa bete beharko du. Mota
horretako adierazpenik egin ezean, komisarioak aukeratu beharko du alargunaren, bizirik
dirauen izatezko bikotekidearen eta nahitaezko jaraunsleen artean; eta, ondasun tronkalen
kasuan, tronkeroen artean bakarrik aukeratu ahal izango du.
3. Nahitaezko jaraunslerik izan ezean, komisarioak askatasunez izendatu ahal izango
ditu oinordekoak.
34. artikulua
1. Testamentugilea hil eta hurrengo sei hileko epean, behin komisarioak bere
izendapenaren berri jasota, jarauntsiko ondasun, eskubide, zama eta betebehar guztien
inbentarioa egin beharko du; inbentario horren inguruan, kontu-arrazoiak eman beharko dizkie
ustezko oinordekoei, eta, oinordeko horiek, behin aipatu epea bukatuta, komisarioari agindeia
egin ahal izango diote, betebehar hori bete dezan.
2. Komisarioak, agindei hori jaso arren, sei hileko epean ez badu betetzen ondasunen
inbentarioa egiteko beharra, epaileak erabaki ahal izango du inbentarioa komisarioaren
kontura egitea.
3. Ustezko oinordekoek eta jarauntsiko hartzekodunek inbentarioa aurkaratu ahal
izango dute, eta ezkutatutako ondasunak bertan sartzea edota haien balorazioa berrikustea
eskatu ahal izango dute.
35. artikulua
Komisarioak bere buruari adjudikatu ahal izango dizkio kausatzaileak berari eratxiki
dizkion ondasunak, bai eta testamenturik gabeko oinordetzan edo testamentu-ahalordea
egikaritu ezean berari legozkiokeen ondasunak ere.
36. artikulua
1. Komisarioaren kargua, edozein kasutan ere, borondatezko eta doakoa da, eta haren
ahalmenak, mankomunatuak nahiz solidarioak, bere-berezkoak eta eskualdaezinak dira.
2. Komisarioak ahalorde-emailearen jarauntsirako albazea eta kontulari-banatzailea
izendatu ahal izango ditu, ahalorde-emaileak ez badu hori egin.
37. artikulua
1. Oinordetza gauzatu eta jarauntsia onartzen ez den bitartean, ondasunen ordezkari
eta administratzailea izango da testamentugileak bere testamentuan zein pertsona izendatu
eta hori berori, testamentugileak izendatuari eratxiki dizkion ahalmenekin eta horri ezarri
dizkion bermeekin.
2. Izendapena egin ezean, jarauntsia ordezkatu eta administratuko du alargunak edo
bizirik dirauen izatezko bikotekideak, eta, hori izan ezean, komisarioak berak.
38. artikulua
Testamentu-ahalordea egikaritzeko dagoen bitartean, kausatzailearen seme-alabek eta
gainerako ondorengoek mantenu-eskubidea izango dute, jarauntsiko ondasunek ematen
dituzten etekinen kontura, baldin eta mantenu hori eskatzeko lege-egoera betetzen badute,
eta ez badago beste inor, mantenua emateko betebeharra duena.
39. artikulua
Komisarioak betebeharra du, kausatzailearen seme-alaba eta ondorengoen gainean
tutoretza edo kuradoretza era dadin eskatzeko, horiek adingabeak edo ezgaituak baldin badira.
40. artikulua
Testamentugileak komisario batzuk izendatu baditu, horiek modu mankomunatuan
beteko dituzte euren eginkizunak, testamentuaren edukitik besterik ateratzen ez bada.
Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta, berdinketa gertatuz gero, lehenengo izendatuak
hartuko du erabakia.
41. artikulua
1. Testamentugileak testamentu-ahalordea egikaritzeko epea aipatu ahal izango du.
Ezkontidea edo izatezko bikotekidea komisario izendatzen denean, horri epe mugagabea eman
ahal izango zaio, edo bera bizi den urte guztietarako.
2. Epea aipatu ezean, hori urte betekoa izango da, testamentugilearen heriotzatik
zenbatuta, edo haren inguruko heriotza-adierazpena epaiketa bidez eman denetik zenbatuta,
oinordeko guztiak adin nagusikoak baldin badira; bestela, oinordeko horiek guztiek adinnagusitasuna lortzen dutenetik zenbatuta, ondore horietarako emantzipazioa nahikoa ez dela.
da, 3. Komisario izendatu denean alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea, bera
testamentugileak kontrakoa xedatu ezik, jarauntsiko ondarearen ordezkari,
administratzaile eta gozamenduna, eta izaera horri eutsiko dio, baita ahalordea erabili eta gero
ere.
42. artikulua
Testamentugileak kontrakoa xedatu ezean, komisarioak testamentu-ahalordea erabili
ahal izango du egintza batean nahiz batzuetan.
43. artikulua
1. Komisarioak testamentu-ahalordea egikaritu ahal izango du, inter vivos nahiz mortis
causa egintzen bitartez, notarioaren aurreko testamentuan nahiz oinordetza-itunean, titulu
unibertsalaren ondorioz nahiz banakako tituluaren ondorioz, eta, betiere, legeak
testamentugileari ezartzen dizkion mugak baino ez ditu izango.
2. Alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak, notarioaren aurrean bere
testamentua egiten duenean, bertan erabili ahal izango du aurrez hildakoak berari emandako
ahalordea, baina xedapenak egin ahal izango ditu bi-bion seme-alaba edo jaraunsleen artean
bakarrik. Kasu horretan, komisarioak izaera ezeztagarria eman ahal izango dio aurrez hildako
ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen izenean egindako xedapenari.
3. Alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea izendatu bada komisario, eta bera
bada, orobat, jarauntsiko ondarearen ordezkari eta administratzailea, jarauntsiko betebeharrak,
zamak eta zorrak ordainduko ditu; ondasuntza horri dagozkion negozioak kudeatuko ditu; mugaeguneratutako kredituak kobratu ahal izango ditu; kreditu horiek bermatzeko, fidantzak eta
eskubideak eratu badira, horiek ezereztea onartu ahal izango du; eta, oro har, administratzaile
orori dagozkion egintzak burutu ahal izango ditu, baita ahalorde-emaileak berari eratxiki dizkion
kudeaketa-ahalmenak egikaritu ere. Era berean, komisarioak legitimazio aktiboa nahiz pasiboa
izango du, jarauntsiko ondareari dagozkion akzio guztietan.
4. Alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea izendatu bada komisario, eta bera bada,
orobat, jarauntsiko ondarearen ordezkari eta administratzailea, jarauntsiko ondasunak edo
eskubideak xedatu ahal izango ditu, baldin eta ahalorde-emaileak horretarako baimena eman badio,
edo jarauntsiko betebeharrei, zamei eta zorrei aurre egiteko baimena eman badio, edo berak horri
egoki baderitzo, batzuk besteen ordez eskuratzeko. Lortutako kontraprestazioa subrogatuko da
besterendutako ondasunen lekuan, salbu eta jarauntsiko betebeharrak, zamak eta zorrak
ordaintzeko erabiltzen denean.
5. Senipartedunak baldin badaude, alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea
komisario izendatu bada, eta bera bada, orobat, jarauntsiko ondarearen ordezkari eta
administratzaile, eta kostu bidezko xedatze-egintzak burutu baditu ondasun higiezinekin,
enpresekin eta ustiategi ekonomikoekin, balore higigarriekin edo objektu baliotsuekin, nahitaezkoa
izango da jarduteko gaitasun osoa duten senipartedunetatik edozeinek baimena ematea; eta,
senipartedunak adingabeak edo ezgaiak badira, nahitaezkoa izango da epailearen baimena.
44. artikulua
Aurreko artikuluan ezarritako kasuan izan ezik, ezeztaezinak izango dira komisarioak
testamentu ahalordea erabiliz egiletsitako xedapen guztiak. Hori gorabehera, deia berriro egin
ahal izango da, baldin eta xedapena deusez gertatzen bada, edo onuradunek ez badute hori
onartu nahi edo ezin badute hori onartu. Kasu horretan, komisarioak beste izendapen bat egin
ahal izango du, urte beteko epean, egitate horiek sinesgarriro jakin dituenetik zenbatuta.
45. artikulua
Testamentu-ahalordea azkenduko da.
1. Hori egikaritzeko zein epe eman eta epe hori agortzean.
2. Komisarioaren heriotza, ezintasun edo gertatze bidezko ezgaitasunaren ondorioz.
3. Ezkontide komisarioaren kasuan, behin testamentu-ahalordea egiletsi eta gero,
ezkontzaren inguruko banantze-, dibortzio- edo deuseztasun-demanda aurkeztearen ondorioz,
nahiz eta kausatzailea hil aurretik epaia eman ez.
4. Ezkontide komisarioa berriro ezkontzen denean, ezkonduen antzeko bizimodua
egiten duenean edo ezkontzatik kanpoko seme edo alabaren bat duenean, testamentugileak
beren-beregi kontrakoa xedatu duenean izan ezik.
5. Uko egitearen ondorioz. Komisarioak uko egiten duela ulertuko da, baldin eta,
horretarako epailearen bidez agindeia jaso ondoren, ez badu izendapena onartzen, hirurogei
eguneko epean.
6. Kausatzaileari edo horren ondorengoei begira, komisarioak oinordeko izateko
ezduintasun-arrazoiren bat betetzen duenean.
7. Ahalordean bertan ezarritako arrazoien ondorioz.
8. Ezeztapenaren ondorioz.
9. Izatezko bikotea azkentzearen ondorioz, azkentzeko arrazoia ez bada izatezko
bikotekideak elkarrekin ezkontzea.
46. artikulua
Testamentugilearen borondateak lehentasuna du beti, atal honetako arauak
interpretatu eta aplikatzeko orduan.
II. TITULUA
TESTAMENTUA EGITEKO ASKATASUNARI JARRITAKO MUGAPENAK
1. ATALA
Senipartea
47. artikulua
Senipartedunak dira.
a) seme-alabak edo ondorengoak, edozein gradutan; eta.
b) alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea, horren gozamen-kuota dela bide, eta,
betiere, beste jaraunsle-mota guztiekin batera.
Bizkaiko gune forudunean edo Lur Lauan, eta Arabako Laudio eta Aramaioko udal
mugarteetan, tronkalitateari buruzko arauek lehentasuna dute, senipartearen gainean; baina,
tronkeroa seniparteduna denean, berari esleitutako ondasun tronkalak seniparteari egotziko
zaizkio.
48. artikulua
1. Ondorengoen senipartea jarauntsiaren gaineko kuota bat da, balio ekonomikoaren
arabera kalkulatzen dena; testamentugileak kuota hori eratxiki ahal die bere oinordekoei,
jaraunsle-izendapenaren bidez, legatuaren bidez, dohaintzaren bidez nahiz bestelako moduez.
2. Testamentugileak betebeharra du, bere oinordekoei senipartea eskualdatzeko;
baina, horien artean, bat edo batzuk aukera ditzake, eta gainerakoak baztertu, esanbidez nahiz
isilbidez.
3. Bazterketarik ez egitea eta isilbidez baztertzea parekoak dira.
4. Ondorengoa nahitaezko jaraunslea baldin bada, eta, nahita edo nahi gabe,
preterituta geratzen bada, preterizio hori bazterketaren parekoa da.
5. Seniparteari uko egin dakioke, kausatzailearen heriotza gertatu aurretik ere,
horretarako eginiko oinordetza-itunaren bidez, kausatzailearen eta senipartedunaren artean.
Senipartedun guztien uko egitea izan ezik, senipartearen ukiezintasuna gordeko da, berorri uko
egin ez dioten senipartedunentzat.
49. artikulua
Seme-alaba edo ondorengoen senipartea, kopuruari dagokionez, jarauntsiko
ondasunen heren batekoa da.
50. artikulua
Seme-alabak hilda badaude edo jaraunsgabetuak izan badira, euren ondorengoak
izango dira haien ordezko edo ordezkari.
51. artikulua
1. Testamentugileak senipartea eman ahal izango die bere ilobei edo urrunagoko
ondorengoei, nahiz eta horien gurasoak edo aurrekoak bizirik egon.
2. Nahitaezko jaraunsle guztiak preterituz gero, horrek berarekin dakar ondare
izaerako oinordetza-xedapen guztien deuseztasuna.
3. Nahitaezko jaraunslea, esanbidez edo isilbidez, baztertua izan bada, eta
testamentuak seniparte kolektiboari kalte egiten badio, orduan jaraunsle horrek eutsi egiten
die hirugarrenen aurka dituen eskubideei.
52. artikulua
1. Alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak gozamen-eskubidea izango du,
kausatzaileak utzitako ondasun guztien erdien gainean, ondorengoekin edo aurrekoekin batera
agertuz gero.
2. Ondorengorik eta aurrekorik izan ezean, gozamena izango du, ondasunen bi
herenen gainean.
53. artikulua
1. Ezkontideari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari bere gozamen-zatia
ordaintzeko, jaraunsleek esleitu ahal dizkiote bizi arteko errenta, ondasun zehatz batzuen
produktuak edo eskudiruzko kapitala; horretarako, elkarrekin ados jarrita jardun behar dute,
edo, bestela, epailearen aginduz.
2. Hori egiten ez den bitartean, jarauntsiko ondasun guztiak lotuta daude, alargunari
edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari dagokion gozamen-zatiaren ordainketarekin.
3. Alargunaren edo bizirik dirauen izatezko bikotekidearen gozamena diruaren
gainekoa edo inbertsio-funtsen gainekoa baldin bada, funtsok elkarren artean pilatzeko
modukoak izan zein izan ez, gozamen horri, lehenengo eta behin, kausatzailearen xedapenak
aplikatzen zaizkio, bai eta gozamendunaren eta jabe soilen arteko hitzarmenak ere. Halako
hitzarmenik izan ezean, diruaren gaineko gozamena duenak eskubidea du, kapitalaren
ondoriozko korrituen gainean eta bestelako etekinen gainean; eta, bestalde, inbertsio-funtsek
eratorritako partaidetzen gaineko gozamena duenak eskubidea du, eraketa-datatik gozamena
azkendu arte sortutako gainbalioen gainean. Ustezko etekin eta gainbalio horiei fruitu zibilen
erregelak aplikatuko zaizkie.
54. artikulua
Alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak, bere seniparteaz gain, biztantzeko
eskubidea izango du, ezkontzari edo izatezko bikoteari dagokion etxebizitza horretan, betiere
alargun dirauen artean, ezkonduen antzeko bizimodurik egiten ez duen artean, ezkontzatik
kanpoko seme edo alabaren bat ez duen artean edota izatezko beste bikote bat eratzen ez duen
artean.
55. artikulua
Testamentugileak beren-beregi xedatutakoa salbu, banandutako ezkontideak ez du
seniparte-eskubiderik izango, eta, ezkontzari edo izatezko bikoteari dagokion etxebizitza horretan,
ez du biztantzeko eskubiderik izango, baldin eta banantzea epai irmoan adierazi bada, edo
banantze hori elkarrekin ados jarrita erabaki eta modu sinesgarrian jasota badago; orobat,
ezkontideak, ezkonduen antzeko bizimodua egiten duenean, edota bizirik dirauen izatezko
bikotekideak, beste norbaiti lotuta dagoenean, sentimendu- eta sexu-harremanak direla bide.
56. artikulua
1. Seme-alaba eta ondorengoei ezin izango zaie ezarri ordezpen edo kargarik, horrek
xedapen askeko zatia gainditzen badu, salbu eta hori nahitaezko beste oinordeko batzuen
mesederako egiten denean.
2. Alargunari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari aitortutako eskubideek ez dute
eraginik izango senipartea ukitzeko ezintasunaren gainean; ez du ukiezintasun horren gainean
eraginik izango, halaber, hari gozamen unibertsalaren gaineko legatua emateak.
57. artikulua
Kausatzaileak bere ezkontideari legatu gisa eman ahal izango dio bere ondasunen
gaineko gozamen unibertsala; gozamen hori azkenduko da, 55. artikuluko senipartea zein
arrazoik azkendu eta arrazoi berberen ondorioz. Testamentugileak beren-beregi xedatutakoa
salbu, legatu hori eta xedapen askeko zatiaren gainekoa bateraezinak izango dira.
Kausatzaileak bi legatu horiek hautabidez xedatzen baditu, alargunak edo bizirik
dirauen izatezko bikotekideak egingo du aukeraketa.
2. ATALA
Jarauntsia kalkulatzea eta seniparteak ordaintzea
58. artikulua
Seniparte-kuota kalkulatzeko, kontuan hartuko da oinordetzako ondasun guztien
balioa, oinordetzarako delazioa gauzatzen den unean, betiere zor eta zamak kenduta. Balio
likidoari gehituko zaio zenbatu beharreko dohaintzen balioa; halako dohaintzak dira
esanbidezko bazterketarik gabe egindako guztiak, edota nahitaezko jaraunsle ez direnen
mesederako egindakoak.
59. artikulua
1. Zenbatu beharreko dohaintzen balioa izango da dohaintzok kausatzailearen
heriotza-unean zutena; betiere, aurretiaz kendu behar dira dohaintza-hartzaileak
dohaintzapeko ondasunetan egin eta ordaindutako hobekuntza onuragarriak, eta, era berean,
dohaintza-hartzaile horrek ordaindutako artatze- edo konponketa-gastu bereziak, baldin eta
gastuok ez badira beraren erruz gertatu. Ondasunen balioari erantsiko zaio dohaintzahartzailearen erruz gertaturiko narriaduren zenbatespena, narriadurok ondasunen balioa
txikitu badute. Dohaintza-hartzaileak dohaintzapeko ondasunak besterendu baditu, horien
balio gisa hartuko da besterentze-unean ondasunok zutena. Ondasun batzuk dohaintzahartzailearen erruz suntsitu badira, horiek suntsitze unean zuten balioa bakarrik zenbatuko da.
2. Nahitaezko jaraunsleen mesederako dohaintzak kolazionatu beharrekoak izango
dira, bakar-bakarrik, dohaintza-emaileak kontrakoa xedatzen ez duenean edo dohaintzaemaile horrek esanbidezko bazterketarik egiten ez duenean.
3. Kolazionatu beharreko dohaintzak halakoak izango dira, banaketa-unean duten
balioaren neurrian.
4. Senipartedun baten mesederako egindako oinordetza-xedapenak kolazionatu
beharrekoak izango dira, baldin eta halakoetan gainerako senipartedunen esanbidezko
bazterketa egin ez bada.
60. artikulua
Testamentu-ahalordea izanez gero, eta senipartea finkatzeko helburuarekin,
ondasunen balorazioa egingo du.
1. Komisarioak, oinordetzaren gaineko interesik ez badu.
2. Komisarioak, kausatzaileak izendatu duen kontulari-banatzailearekin batera.
3. Komisarioak, ustezko oinordekoekin batera.
4. Epailearen erabakiz.
3. ATALA
Tronkalitatea, Bizkaia, Aramaio eta Laudion
1. azpiatala
Xedapen orokorrak
61. artikulua
1. Bizkaiko Lur Lauan, eta Arabako Aramaio eta Laudioko udal mugarteetan, onibarren
gaineko jabetza tronkala da. Tronkalitateak ondarearen familia-izaera babesten du.
2. Ondasun tronkalen jabeak horiek xedatu ahal ditu, bakarrik, senide tronkeroen
eskubideak errespetatuz.
3. Xedatze-egintzek senide tronkeroen eskubideak urratzen badituzte, egintza horiek
aurkaratu ahal izango dira, lege honetan ezarri forma eta ondoreekin.
62. artikulua
1. Senidetasun tronkala beti zehazten da, Bizkaiko Infantzonatuan edo Lur Lauan, nahiz
Arabako Aramaio eta Laudioko udal mugarteetan kokaturiko onibarrari begira.
2. Onibarrak tronkalak dira, senide tronkeroak daudenean bakarrik.
3. Ondasunak senide tronkeroetatik kanpo eskuratzen direnean, nahiz eta lehenago
horietariko baten jabetzapekoak izan, ez dira tronkal bihurtzen, ondorengo bati eskualdatzen
ez zaizkion bitartean.
63. artikulua
1. Tronkalitatearen ondoreetarako, onibarrak dira jabetza eta gainerako gozatzeeskubide errealak, baldin eta lurzoruaren gainekoak badira, edota bertan eraiki, landatu eta
ereiten den guztiaren gainekoak.
2. Onibar gisa hartuko dira ondasun higigarriak, baldin eta aurreko paragrafoan aipatu
ondasunetarako destinatzen badira edo horiei lotuta badaude, salbu eta, kalterik eragin gabe
banantzeko modukoak izanik, modu independentean eskualdatzen direnean.
3. Fruituak eta landareak, banantzeko modukoak izanik, lurzorutik bereizita eskualdatzen
badira, ez daude tronkalitate-printzipioaren mende, ezta zuhaitzak ere, horiek mozteko
besterentzen badira.
64. artikulua
1. Tronkalitatearen ondoreetarako, onibarrak dira, bakarrik, Bizkaiko Infantzonatu edo
Lur Lauan, nahiz Arabako Aramaio eta Laudioko udalerrietan kokaturikoak.
2. Infantzonatua edo Lur Laua da Bizkaiko lurralde historiko osoa, salbu eta Balmaseda,
Bermeo, Bilbo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein,
Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Plentziako hiribilduen zati forugabea, eta Urduñako hiria.
65. artikulua
1. Aipatu hiribilduen eta hiriaren lurraldearen barruan, tronkalitatea aginduzkoa izango
da, bakarrik, Lur Lauari dagokion gunean; hiriek egindako planoetan dago mugatuta gune hori,
eta Bizkaiko Batzar Nagusiek plano horiek onetsi zituzten, 1994ko maiatzaren 4ko erabakiaren
bitartez.
2. Bizkaiko udalerrien mugetan administrazio-aldarazpenak gertatuz gero, horiek ez
dute aldatuko ukitutako lurraldeetan aplikatu beharreko zuzenbide zibila.
66. artikulua
Senide tronkeroak dira, odolkidetasunez zein adopzio bidez.
1. Beheranzko zuzeneko lerroan, seme-alabak eta gainerako ondorengoak.
2. Goranzko zuzeneko lerroan, onibarra zein lerrotatik etorri eta lerro horretako
aurrekoak, eskuraketa-titulua edozein izanik ere.
Bi ezkontideek ezkontza bitartean eskuratutako onibarrei dagokienez, edota izatezko
bikotekideek bikotearen indarraldian zehar eskuraturiko onibarrei dagokienez, tronkero dira bi
ezkontideak edo izatezko bikotekide biak. Nahiz eta ondasun horiek seme-alabei edo
ondorengoei eskualdatu, ezkontide edo izatezko bikotekide eskuratzaileek eusten diote
goranzko lerroan tronkero izateari, ondorengo titularrarekin duten senidetasun-gradua
edozein izanik ere.
3. Alboko lerroan, laugarren gradurainoko albokoak, betiere onibarra zein lerrotatik
etorri eta lerro horretan.
67. artikulua
1. Beheranzko lerroan, senidetasun tronkala luzatzen da, gradu-mugarik gabe, 62.3
artikuluan xedatutakoa salbu.
2. Goranzkoan, senidetasun tronkala bukatzen da, onibarraren edukitza lehenengoz
izan zuen aurrekoarengan.
3. Albokoan, senidetasun tronkala odoleko laugarren gradu zibileraino heltzen da, hori
ere barne.
68. artikulua
1. Tronkalitatea sortzen da, Bizkaiko toki-auzotasun zibila edo Aramaio eta Laudio udal
mugarteetako toki-auzotasun zibila duen pertsonak onibarra eskuratzen duen unetik; eta, une
horretatik aurrera, tronkalitatea hedatzen zaie pertsona horren ondorengo guztiei, lege honen
62.3 artikuluan ezarritakoa salbu.
2. Behin tronkalitatea eratuta, senide tronkeorek, euskal auzotasun zibila izan zein izan
ez, euren lehenespen-eskubideari eusten diote, titularrak inter vivos nahiz mortis causa
gauzatzen dituen xedatze-egintza guztietan.
3. Familian tronkalitatea azkentzen da, titularra hiltzean ez badago senide tronkerorik.
Tronkalitatea azkentzen da, halaber, titularrak Bizkaiko toki-auzotasun zibila galtzen
duen unean ez badago senide tronkerorik zuzeneko lerroan, ezta alboko lerroko bigarren eta
hirugarren graduetan ere.
69. artikulua
1. Ondasun tronkalak xedatzeko egintzak inter vivos eta doan burutzen badira,
kanpokoen mesederako edo ondasunok eskuratzeko lehenespeneko lerroan ez dauden
senideen mesederako, senide tronkeroek egintza horiek deuseztatu ahal izango dituzte, lau
urteko epean, legitimazioa dutenek xedatze-egintzaren berri izan dutenetik eta, edozein
kasutan ere, Jabetza Erregistroan inskribatu direnetik.
2. Ondasun tronkalak xedatzeko egintzak mortis causa burutzen badira, kanpokoen
mesederako edo lehenespeneko lerroan ez dauden senideen mesederako, egintzok baliozkoak
izango dira; hala ere, senide tronkeroek testamentu- nahiz oinordetza-klausula aurkaratu ahal
izango dute, lau urteko epean, legitimazioa dutenek xedatze-egintzaren berri izan dutenetik
eta, edozein kasutan ere, Jabetza Erregistroan inskribatu direnetik.
70. artikulua
1. Tronkalitate-eskubideak gailentzen dira, seniparteari begira.
2. Pertsona bera, aldi berean, oinordeko tronkeroa eta seniparteduna baldin bada,
tronkero gisa dagozkion ondasunak haren seniparteari egotziko zaizkio.
3. Alargunaren edo bizirik dirauen izatezko bikotekidearen senipartea ondasun eztronkalekin ordainduko da, eta, halakorik ez dagoenean, eta orduan bakarrik, ondasun
tronkaletara jo ahal izango da, beharrezkoa den kopuruan.
4. Ezin izango da ordezpen edo zamarik ezarri ondasun tronkalen gainean, lerro bereko
beste senide tronkero baten mesederako ez bada.
5. Alargunari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari aitortutako eskubideek ez dute
eraginik izango ondasun tronkalak ukitzeko ezintasunaren gainean; ez du ukiezintasun horren
gainean eraginik izango, halaber, hari gozamen unibertsalaren gaineko legatua emateak.
6. Tronkeroek konmutatu ahal izango dute alargunari edo bizirik dirauen izatezko
bikotekideari ondasun tronkaletan dagokion gozamena, 53. artikuluan ezarritakoarekin bat
etorriz; horretarako, eskudiruzko kapitala emango diote, eta hark askatasunez xedatu ahal
izango du kapital hori.
7. Kausatzailearen ondasun tronkalak zenbatuko dira, seniparte-kuota kalkulatzeko;
eta ulertuko da ondasunok, lehenengo lekuan, senipartearen ordainketari egozten zaizkiola,
testamentugileak beren-beregi kontrakoa xedatu ezik.
8. Kausatzailearen zorrak ordainduko dira ondasun higigarrien eta ondasun higiezin eztronkalen zenbatekoarekin; eta batzuk eta besteak nahikoa ez badira, eta orduan bakarrik,
lerro bakoitzeko ondasun tronkalek izango dute erantzukizuna, bakoitzaren zenbatekoaren
arabera.
71. artikulua
Baserria horri lotutako lurrekin batera doan eskualdatzean, eskualdaketa horrek bere
baitara bilduko ditu, kontrakoa xedatu ezean, baserrian bertan hura ustiatzeko dauden
altzariak, abelburuak, ustiatze-eskubideak, makineria eta instalazioak.
2. azpiatala
Lehenespenez eskuratzeko eskubide tronkalak
72. artikulua
1. Tronkeroei lehenespenez eskuratzeko eskubidea dagokie, ondasun tronkalak kostu
bidez besterentzen zaizkienean tronkalitatetik kanpokoei. Eskubide horren hedadura eta hura
egikaritzeko modua azpiatal honen arauei egokitu behar zaizkie.
2. Lehenespeneko tronkeroek bakarrik egikaritu ahal dituzte eskubide horiek; halakotzat
hartzen dira, ondoren, lerroz lerro eta lehenespen-hurrenkeraren arabera aipatuko direnak.
1. Beheranzko zuzeneko lerroan daudenak.
2. Goranzko zuzeneko lerroan daudenak.
3. Anai-arrebak eta hildako anai-arreben seme-alabak, azken horiek haiekin batera
agertzen badira.
3. Era berean, eskubide horiek bidezkoak izango dira, baldin eta besterentzea egiten
bada, lehenespenez eskuratzeko eskubidea nork egikaritu eta geroagoko lerroan
lehenespeneko senide tronkero denaren mesederako.
4. Lehenespenez eskuratzeko eskubideari uko egin ahal zaio edozein unetan; baina
uko-egite hori ez da loteslea izango tronkeroarentzat, horren datatik urte bete igarotakoan.
73. artikulua
Lerro bakoitzaren barruan, hurbileko senideak urrunekoa baztertzen du. Gradu bereko
senideak bat baino gehiago izanik, guztiek ere lehenespenez eskuratzeko eskubidea egikaritu
nahi badute, orduan, finkaren edukitza zein tronkerok izan eta horrexeri dagokio eskubidea.
Halakorik izan ezean, eskuratzailea izendatuko da, notarioaren aurrean egindako zozketaren
bidez.
74. artikulua
Ez da lehenespenez eskuratzeko eskubiderik gertatuko, besterendutako finkak hirilurrean edo sektoreen arabera urbanizatzeko moduko lurzoruan badaude.
75. artikulua
Finka bat baino gehiago besterentzen badira, tronkeroak bere eskubidea egikaritu ahal
izango du, bati edo batzuei begira, eta ez gainerakoei begira; baina, baserria besterentzen
bada, orduan hori ustiategi gisa eskuratu beharko du, horri lotuta besterentzen diren lur
guztiekin batera, nahiz eta Jabetza Erregistroan bananduta inskribaturik agertu.
76. artikulua
Norbaitek ondasun tronkalak besterendu nahi baditu, eta ondasun horiek foru-saka
eskubidearen mendekoak badira, senide tronkeroei dei egingo die, notarioaren bidez.
Deia aldarrikatuko da ediktuen bidez. Horiek artikulu honetan arauturikoaren arabera
argitaratuko dira.
Ediktuan ondorengoak adieraziko dira: besterentzea nork egin nahi duen eta horren
nondik norakoak, besterendu nahi den finkarenak, horren eskuraketa-titulua nondik datorkion,
katastroaren araberako balioa, horrelakorik baldin balego, eta besterentzea gauzatzeko
aukeratutako notarioa, baita finkaren erregistroko inskripzio-ezaugarriak ere, halakoak balitu.
Ediktua, edozelan ere, finka zein udal mugartetan kokaturik egon eta udaletxeko
iragarkietarako tokian emango da argitara.
Deia notario-aktaren bidez adieraziko da. Horretarako, notarioak alkateari ediktua
eskura eman edo jaso izanaren agiridun ziurtatutako postaz igorri diezaioke, iragarkietarako
tokian jarri eta hamabost egunez etenik gabe jendaurrean egon dadin. Jaso duenak hori
horrela izan dela egiaztatuko du berak izenpetutako edo ediktuan beheko aldean onetsitako
egiaztagiriz.
Deia, halaber, zuzeneko notario-jakinarazpenaren bidez egin daiteke. Ediktuaren
xehetasunak bilduko ditu horrek eta senide tronkero guztiei egingo zaie. Ondore horretarako,
alboko senideei egindako jakinarazpenaren kasuan, ulertuko da jakinarazpen hori haien semealaba eta ondorengoei ere egin zaiela.
77. artikulua
1. Tronkeroak onibarra eskuratu nahi badu, jakinarazpen pertsonala zein notariok egin
eta notario horren aurrean agertuko da tronkeroa, jakinarazpenetik zenbatuta hil bateko
epean, edo ediktua argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunetan. Egintza horretan
bertan, tronkeroak gordailutu egingo du, fidantza gisa, katastroaren araberako balioaren
ehuneko hogeia, balio hori ediktuan edo zuzeneko notario-jakinarazpenean agertzen bada.
2. Tronkero bat baino gehiago agertuz gero, guztiek ere fidantza jartzeko betebeharra
izango dute, eta notarioak fidantza atxikiko du, eskritura egiletsi arte; norbaitek fidantza
kentzen badu, bere eskubideari uko egiten diola ulertuko da.
3. Salmenta-eskrituraren aurreko notario-jarduna agerkai bakar batean jasoko da.
Notarioak burututako eginbide guztien lekukotza emango die agertzaileei.
78. artikulua
1. Notarioak alderdiei dei egingo die, alderdiok, aurreko artikuluan aipatu epea mugaeguneratu eta hurrengo hogei egun baliodunetan, peritua izenda dezaten; peritu horrek finka
baloratu beharko du. Alderdiak ados jartzen ez badira, bakoitzak peritu bana izendatuko du,
eta, hirugarren peritua izendatzeko, notarioaren aurrean zakuan sartuko dira lau perituren
izenak. Notarioak berak izendatuko ditu lau horiek, finken izaera kontuan hartuta, finka horiek
bide judizialean baloratzeko baimena duten perituen artean. Behin izenak zakuan sartuta,
zozketa bidez izendatuko da lau horietatik bat. Notarioak perituei epea jarriko die, tasazioa
egin dezaten; epe hori ezingo da izan hogei egunetik gorakoa.
Perituek finkatutako prezioa alderdientzat loteslea izango da, eta alderdiok eskritura
egiletsi beharko dute, tasazioaren emaitza haiei noiz jakinarazi eta hurrengo hamabost
egunetan.
Notarioak aipatu data horretan, saltzailea ez bada agertzen, ulertuko da ados dagoela,
tronkeroek zein peritu proposatu eta peritu horren izendapenarekin.
2. Tasazioa ez da beharrezkoa izango, baldin eta eskualdatzaileak eta lehenespeneko
tronkero izendatuak, prezioa hitzartzen badute, eta, aldi berean, eskritura publikoa
formalizatzen badute.
79. artikulua
1. Fidantzarekin aurre egingo zaie hura nork eman eta horrexen betebeharrei;
pertsona hori ez bada agertzen eskrituraren egilespenera, eskualdatzaileak aukeran du
finkatutako prezioan egilespena egin dadin eskatzea edo hark eskuraketan atzera egin duela
ulertzea; besterentze-asmoa nork iragarri eta horrexen esku geratuko da fidantzaren
zenbatekoa, kalte-ordain gisa eta hori beheratzeko aukeratik gabe. Eskualdaketa aukeratuz
gero, prezioaren zati gisa hartuko da fidantza.
2. Atzera-egite kasuan, notarioak atzera-egite hori jakinaraziko die, hamar eguneko
epean, fidantza eman eta horri eusten dioten senide tronkeroei, salmenta formalizatzeko
eguna eta ordua adieraziz. Jakinarazpenaren eta formalizazio-dataren artean, gutxienez,
hamabost egun igaro beharko dira, salbu eta jakinarazpena jaso dutenek beste tasazio bat
eskatzen dutenean.
80. artikulua
1. Senide tronkeroetatik batek ere ez badu bere burua aurkezten edo batek ere ez
badu bere eskubidea gauzatzen, jabeak onibarra besterentzeko askatasuna izango du, kostu
bidezko tituluetatik edozeinen bidez, eta berak askatasunez erabakitzen dituen prezio eta
baldintzetan; horretarako epea urte betekoa izango da, ediktuan aipatu epea muga-eguneratu
denetik zenbatuta. Epe hori igarota, ezin izango du kostu bidezko besterentzerik gauzatu,
beste dei bat egin gabe.
2. Tronkeroak bere burua ez duela aurkeztu ulertuko da, baldin eta tronkero horrek
azpiatal honetan aipatu epeetatik edozein iraungitzen uzten baditu.
81. artikulua
Notarioaren aurreko agerraldiaren bidez, eta aho batez erabakia hartzen badute
besterentzaileek, eta dei horretara lege bidez agertu diren tronkeroek, lehenespen-graduan ez
daudenek barne, orduan finka hirugarrenari besterendu ahalko zaio; besterentzea formalizatu
beharko da, aurreko artikuluan agindu epean, alegia, urte beteko epean.
82. artikulua
Ondasun tronkalak kostu bidez besterentzeko eskritura guztietan, besterentze hori
lehenespenez eskuratzeko eskubidea mendekoa baldin bada, foru-deia egin den ala ez
agerraraziko da; eta, baiezko kasuan, xehe-xehe aipatuko dira ediktua finkatzeko akta, edo,
ediktua egunkarian argitaratu bada, egunkari horren data eta orrialdea, bai eta geroko
eginbideak ere; kasuan kasuko inskripzioan agerraraziko da, halaber, deia legezko forman egin
den ala ez.
83. artikulua
1. Onibarra besterentzen bada aurretiaz deia egin gabe, 72.2. artikuluan
zerrendaturiko edozein tronkerok foru-saka akzioa egikari dezake, besterentzearen
deuseztasuna eta finkaren adjudikazioa eskatuz, azken hori finkaren beraren balorazio
zuzenaren arabera. Tronkeroak epaiketa adierazle batean egikaritu beharko du eskubide hori,
eta epaiketa hori sustatu beharko du, besterentzailearen aurka, eskuratzailearen aurka eta
erregistroan besterentze hori egin eta harrezkeroko beste eskubide-titular guztien aurka, hiru
hileko epean, Jabetza Erregistroan inskripzioa egin denetik zenbatuta, edo, inskripzioa egin
ezik, besterentzearen berri izan duenetik zenbatuta.
2. Tronkeroak eskubide berbera izango du, baldin eta, foru-deiak egin arren, finka
besterendu bada, iragarritako prezio edo baldintzez bestekoetan.
3. Epaiak oniritzia ematen badio saka-akzioari, salmenta deuseza dela adieraziko du, eta
demandatzailearen mesederako beste besterentze bat egitea aginduko du; epaiak berak
finkatuko du zein prezio ordaindu behar duen demandatzaileak, horretarako, epaiketan bertan,
alderdien arteko aurkakotasunean jardungo dela.
4. Behin epaia irmo izanda, demandatzaileak epai hori betearazteko akzioa egikaritzen
badu, epaitegiaren zainpean utzi beharko du onibarraren balorazio gisa finkatutako prezioa;
prezio horren gain, erosleak lehenespena izango du, saltzailearen beste edozein hartzekoduni
begira, erosketaren prezioa eta horren korrituak kobratzeko. Behin jabariari buruzko
inskripzioa deuseza dela adierazita, inskripzio horren ondorengo zamak baldin badaude
Jabetza Erregistroan, eta zama horiek, epaiaren aginduz, ezereztu beharrekoak badira, orduan,
zainpean utzitako prezioa, lehenengo eta behin, geroagoko hartzekodunen esku geratuko da.
Inguruabar hori epailearen ebazpenean jaso beharko da.
5. Tronkero demandatzaileak eskatu behar du betearazpena, epaia irmoa denetik hiru
hileko epean; behin epe hori igarota, aurkaratutako salmenta baliozkotuta geratuko da.
Epaileak, betearazpena agintzeko unean, erabaki beharko du zainpean jarritako kopuruaren destinoa.
84. artikulua
1. Hipoteka-betearazpenaren kasuan, betearazpen hori epaiketa bidezkoa izan nahiz
epaiketatik kanpokoa izan, eta premiamendu-prozeduretan ere, senide tronkeroek hurrengo
eskubideetatik edozein egikaritu ahal izango dute, foru-sakaren ondoriozko eskubidea duten
neurrian.
Lehenengoa. Lehenespenez eskuratzeko eskubidea, salmenta-adjudikazioaren prezioa
dela bide. Horretarako, enkantea zein organok egin eta organo horren aurrean agertu beharko
da, eta prezioa zainpean utzi beharko du, salmenta-eskritura egiletsi baino lehen, edo organo
eskudunak Jabetza Erregistroan inskribatzeko moduko ziurtagiria luzatu baino lehen.
Bigarrena. Foru-sakaren ondoriozko eskubidea, titulu honetan araututako moduan,
eta, betiere, hiru hileko epean, enkantearen datatik zenbatuta.
2. Adjudikazioa hartzekodun betearazleari egiten zaionean, eskubide berbera izango
dute, hiru hileko epean, adjudikazioaren datatik zenbatuta.
85. artikulua
1. Azpiatal honetan xedatutakoa aplikatuko da trukaketa-kasuetan ere, baldin eta
hurrengo inguruabarretatik bat gertatzen bada.
a) Ondasun tronkala trukatzen edo subrogatzen denean ondasun ez-tronkalekin, edo,
tronkalak izanda, lehenespenez eskuratzeko eskubidetik baztertuta dauden ondasunekin.
b) Jasotako ondasunaren balioa, izatez, trukaketan emandako ondasun tronkalarena
baino txikiagoa denean, heren batean.
2. Titularrak ondasun tronkala besterentzen duenean, bizi arteko errentaren bat edo
mantenua lortzeko, orduan, eskubide hori egikaritzen duenak bermatu beharko du, gutxienez,
pentsio hori ordaintzea edo harako laguntza ematea, besterentzailea eta haren ezkontide edo
bizikidearen bizitzak iraun bitartean.
86. artikulua
1. Errentariaren errentamendu-kontratuak berrogei urtetik gorako indarraldia baldin
badu, errentari horren kausatzaile zein senide izan eta senide horiek guztiek finkaren gainean
izan duten edukitza-epea barne hartuta, orduan errentariak errentapeko finka lehenespenez
eskuratzeko eskubidea izango du, azpiatal honetan araututako moduan.
2. Errentariaren eskubide horrek lehenespena izango du, alboko senideenari begira,
eta tronkeroetatik batek ere ez du lehenespeneko eskubiderik izango, errentariari finka
eskualdatzen zaionean jabetza eskuratzeko eskubidearen ondorioz.
3. Edozein kasutan ere, besterentzeko borondatea errentariari ere jakinarazi beharko
zaio.
87. artikulua
Titulu honetan aitorturiko eskubideek lehenespena izango dute, beste edozein
eskuraketa-eskubideri begira, baita erregistroko hirugarrengotzari begira ere, baldin eta
halakoa sortzen bada, inskripzioa egin delako, lehenespenez eskuratzeko eskubidea
egikaritzeko epeetan zehar.
4. ATALA
Testamentua egiteko askatasuna, Arabako Aiara haranean
88. artikulua
1. Aiarako haranari berezko zaion zuzenbide zibila aplikatuko da Aiara, Amurrio eta
Okondoko udal mugarteetan, eta, Artziniegako udaletik, Mendieta, Erretes Tudela, Santa
Koloma eta Soxogutiko auzoetan.
2. Aipatu udal mugarteetan geroago administrazio-aldarazpenak gertatuz gero, horiek
ez dute aldatuko zuzenbide zibil aplikagarria.
89. artikulua
1. Aiarako toki-auzotasun zibila dutenek euren ondasunak askatasunez xedatu ahal
dituzte, hala nahi eta hobesten duten modurik egokienean, testamentu, dohaintza nahiz
oinordetza-itunaren bidez, titulu unibertsalaren bidez nahiz banakako tituluaren bitartez,
euren nahitaezko jaraunsleak gehiagorekin edo gutxiagorekin baztertuz.
2. Nahitaezko jaraunsle gisa hartzen dira lege honen 47. artikuluaren arabera halakoak
direnak.
90. artikulua
1. Bazterketa esanbidezkoa nahiz isilbidezkoa izan daiteke, banakakoa nahiz baterakoa.
2. Bazterketa ez egiteak sortuko ditu 48.3 artikuluan ezarri ondoreak.
91. artikulua
1. Aiarako toki-auzotasun zibila dutenek botere osoko gozamena eratu ahal dute,
testamentuaren bidez nahiz oinordetza-itunaren bidez.
2. Eratutakoa botere osoko gozamen gisa hartzen da, gozamendunari ahalmena
ematen zaionean, ondasun guztiak edo batzuk dohaineko tituluan, inter vivos nahiz mortis
causa xedatzeko, eratzailearen seme-alaba edo ondorengoen mesederako, eta eratzaileak
beren-beregi aipaturiko beste pertsonen mesederako.
3. Eratzaileak botere osoko gozamenaren edukia zabaldu, murriztu edo zehaztu ahal
du.
4. Testamentu-ahalordea ematen denean ulertzen da botere osoko gozamena ere
egiletsi dela, beren-beregi kontrakoa xedatzen denean izan ezik.
92. artikulua
Botere osoko gozamena bere-berezko eskubidea da. Ezin izango da inolako tituluren
bidez besterendu edo kargatu, eratzaileak horretarako baimena eman ezik.
93. artikulua
Botere osoko gozamendunak ondasun batzuk xedatzen baditu, jasotako ondasunekin
baztertuta geratzen dira senipartedun onuradunak; horri kalterik egin gabe, geroagoko
egintzetan, gozamendunak beste ondasun batzuk eman ahal dizkie senipartedun horiei.
94. artikulua
Gozamendunak ordaindu beharko ditu botere osoko gozamenak zein ondasun hartu,
eta ondasun horien gaineko konponketa, gastu, zama eta kontribuzio guztiak, ondasunok
xedatzen ez dituen bitartean.
95. artikulua
Botere osoko gozamendunak ez du fidantza emateko betebeharrik izango,
kausatzaileak beren-beregi xedatutakoa salbu.
5. ATALA
Baserriari buruzko arau bereziak Gipuzkoan
96. artikulua
Gipuzkoako lurralde historikoan, baserriaren gaineko oinordetza antolatzeko, lege
honen arauak aplikatuko dira, betiere lurralde historiko horretako forma, erakunde eta
printzipio tradizionalei egokituz.
97. artikulua
Baserria, izatez, familiaren ustiategia da, nekazaritzaren arlokoa nahiz abeltzaintzaren
arlokoa; ustiategi hori eratzen du landetxeak berak, eta, horrekin batera, osagai higigarri
desberdinek, abelburuek, ustiatze-eskubideek, makineriak, instalazioek, eta, orobat, landa,
lursail, baso edo mendi batek edo batzuek. Lursail edo landa horiek landetxearen ondoan egon
daitezke edo horretatik aparte, eta, halakoak izendatzeko, baserriari dagozkion lurrak direla
esan ohi da.
98. artikulua
Baserriaren osagaietan ondazilegiak barruraturik daudela ulertuko da.
99. artikulua
Baserria eta bere lursailen eskualdaketak, dohaineko tituluaren bidez egiten denean,
eta aurkakoa hitzartu ezean, aurreko artikuluetan zehaztutako multzoa barruratuko da.
III. TITULUA
OINORDETZA-ITUNAK
1. ATALA
Xedapen orokorrak
100. artikulua
1. Oinordetza-itunaren bidez, ondasunen titularrak horiek xedatu ahal ditu mortis
causa.
2. Itunaren bitartez, halaber, uko egin dakieke jarauntsi oso baten edo zati baten
gaineko oinordetza-eskubideei, jarauntsi horren kausatzailea bizirik dagoen bitartean. Era
berean, xedatu ahal dira hirugarren baten jarauntsiaren gaineko oinordetza-eskubideak,
betiere hirugarren horren adostasunarekin.
3. Oinordetza-ituna baliozkoa izan dadin, nahitaezkoa da egilesleak adin nagusikoak
izatea.
4. Oinordetza-itunak nahitaez egiletsi beharko dira eskritura publikoan.
101. artikulua
1. Oinordetza-itunaren bidez ondasunen oinordekoa izendatzeak ondorerik gabe uzten
ditu itunpeko ondasunen gainean aurretiaz egindako testamentu-xedapen guztiak.
2. Izendapen hori aldarazi edo suntsiarazi egingo da, bakarrik, egilesleek edo euren
oinordekoek beste itun bat eginez gero, eta, orobat, alderdiek ezarri arrazoien ondorioz.
3. Oinordetza-ituna azkentzen da, alderdiek finkatutako arrazoien ondorioz edo legez
ezarritako arrazoien ondorioz.
102. artikulua
Banakako ondasunen gainean mortis causa egindako dohaintza oinordetza-itun gisa
hartzen da, eta halakoa izango da, orobat, inter vivos egindako dohaintza unibertsala,
kontrakoa hizpatu ezik.
103. artikulua
Oinordekoa izendatzeko itunak bere baitan jaso dezake jarauntsiaren gaineko
xedapena, titulu unibertsalaren bidez nahiz banakako tituluaren bidez, baita jarauntsiari uko
egitea ere; bi kasuotan, egilesleek finka ditzakete hari jarri beharreko erreserbak, zamak,
betebeharrak eta baldintzak.
2. ATALA
Oinordekoa izendatzeko itunak
104. artikulua
1. Oinordekoa izendatzen denean, unean bertan ondasunak eskualdatuz, oinordekoak
ondasun horien gaineko titulartasuna eskuratzen du, betiere izendatzaileen intereserako,
familiaren intereserako eta ondasunen ustiatzearen intereserako ezarritako mugekin;
horregatik, kontrako ituna egin ezean, xedatze- edo kargatze-egintza oro baliozkoa izan dadin,
nahitaezkoa izango da izendatzailearen eta izendatuaren baterako adostasuna.
2. Izendatzaileak oinordetza-itunaren aurretik zorrak hartu baditu, izendatzailearen
hartzekodunek lehenespena dute, unean bertan eskualdatutako ondasunen gainean.
105. artikulua
1. Oinordekoa izendatzen denean post mortem eragingarritasunez, izendatuak
ondasunak jasoko ditu, izendatzailea hiltzen den unean; baina, ituna egilesten denetik,
oinordeko-izaera eskuratzen du, eta izaera hori besterenduezina eta enbargaezina da.
2. Izendatzaileak ondasunen gaineko titulartasunari eusten dio, eta, kontrakoa itundu
ezean, ondasun horiek xedatu ahal izango ditu kostu bidez. Eskualdatutako ondasunak, izatez,
ekoizpen-ondareak badira, eta izendatuak ondare horietan lan egiten badu, haren adostasuna
nahitaezkoa izango da, ondasunok kostu bidez besterentzeko, baldin eta izendatzaileak eta
izendatuak ez badute bestelakoa itundu.
3. Oinordekoa izendatzen denean post mortem eragingarritasunez, izendapen horren
barruko ondasunek erantzukizuna dute, izendatzaileak hartutako zorren gainean.
106. artikulua
Oinordetza-itunak post mortem eragingarritasuna badu eta ezkontzako itunetan
egilesten bada, izendatuak bere eskubidea xedatu ahal izango du dohaineko tituluaren bidez,
baita izendatzailea bizirik dagoenean ere, inter vivos nahiz mortis causa egintzen bitartez, bere
seme-alaba eta ondorengoen mesederako.
Izendatua izendatzailea baino lehen hilez gero, izendatuaren eskubidea haren
ondorengoei eskualdatzen zaie. Baldin eta badira, lehenez eta abintestato hildako izendatu
baten seme-alaba edo ondorengo batzuk, izendatzaileak aukera ditzake horietariko bat edo
batzuk, testamentu, itun edo bestelako oinordetza-titulu baten bidez.
107. artikulua
1. Familia-ondarearen oinordekoa izendatzen denean, horrekin batera izendatzaileen
eta izendatuen arteko bizikidetasun-ituna egin daiteke, sozietate-mota desberdinen
formapean edo ondasun-erkidegoaren araubidea erabiliz. Itundutako bizikidetasunaraubideari edo familia-sozietateari aplikatuko zaio, lehenengo eta behin, titulu eratzailea, eta,
ordezko moduan, Euskal Lege zibil honetan xedatutakoa.
2. Kontrako ituna egin ezean, izendatzaileetatik bat hiltzean ulertuko da horren
ezkontideak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak, itunaren egilesle denak, bizi artean eta
oso-osorik gordetzen dituela bi-biok erreserbatu izan dituzten eskubideak.
3. Izendatzaileari itzuliko zaizkio mantenuaren kargapean oinordetza-itunaren bidez
eskualdatutako ondasunak, izendatua hiltzen bada, seme-alaba eta ondorengorik utzi gabe,
izendatzailea bizirik dagoela.
108. artikulua
Izendatzaileek izendapena ezeztatu ahal dute.
1. Itundutako arrazoien ondorioz.
2. Ezarritako zama eta baldintzen ez-betetze larriaren ondorioz.
3. Izendatua ezduintasun- edo jaraunsgabetze-arrazoia betetzearen ondorioz.
4. Izendatuaren jokabidearen ondorioz, horrek familiaren ohiko elkarbizitza oztopatzen
badu.
5. Izendatuaren ezkontzari dagokionez, deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa
gertatzen denean, edota izatezko bikotea azkentzen denean, baldin eta oinordetza-ituna
egiletsi bada, ezkontza horren edo izatezko bikote horren eretzean. Salbuetsita geratzen da
izatezko bikotearen kasua, horren azkentzearen arrazoia bada bikotearen kideak beraien
artean ezkondu direla.
109. artikulua
Oinordekoaren gaineko izendapena suntsiarazi egingo da.
1. Izendapen horren gaineko baldintza suntsiarazlea betetzearen ondorioz.
2. Izendatua ondorengorik gabe hiltzearen ondorioz, edo halakoak utzi arren, 106.
artikuluan aurreikusita dagoen eskualdaketa gertatu ez bada.
3. Egilesleek eskritura publikoan formalizaturiko hitzarmenaren ondorioz.
IV. TITULUA
LEGEZKO OINORDETZA
110. artikulua
Legezko oinordetza gertatzen da, jarauntsi osoa edo horren zati bat baliozkotasunez
xedatu ez denean, dela testamentuaren bidez, dela oinordetza-itunaren bidez, lege honetan
xedatutakoarekin bat etorriz.
111. artikulua
1. Ondasun tronkalen kasuan, legezko oinordetzaren hurrenkera izango da 66.
artikuluan ezarritakoa, baina alargunari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari aitortzen
zaizkio lege honetan araututako eskubide guztiak; ondasun ez-tronkalik izan ezean edo horiek
aski ez direnean, eskubideok ondasun tronkalen gainekoak izango dira.
2. Oinordeko tronkerorik ez dagoenean, ondasun guztiak ez-tronkalak direla ulertuko
da.
112. artikulua
Ondasun ez-tronkalen kasuan, legezko oinordetza gauzatzen da, honako hurrenkera
honetan.
1. Lehenengo eta behin, seme-alaba edo ondorengoen mesederako.
2. Alargunaren mesederako, legezko banantzerik edo modu sinesgarrian bi
ezkontideen arteko hitzartutako banantzerik izan ez denean eta bizirik dirauen izatezko
bikotekidearen mesederako, bikote hori azkendu denean bikotekideetatik bat hiltzearen
ondorioz.
3. Aurrekoen mesederako.
Albokoen mesederako, laugarren graduaren barruan, odolkidetasunez zein adopzio bidez.
113. artikulua
1. Seme-alabak jaraunsle dira, berezko eskubidearen ondorioz, jarauntsitik hartzeko
dutena zati berdinetan banatzen dela.
2. Ilobak eta gainerako ondorengoak jaraunsle izango dira, ordezkapen-eskubidearen
ondorioz.
114. artikulua
1. Ondorengorik izan ezean, eta aurrekoak eta albokoak baino lehenago, oinordekoa
izango da alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea, bikote hori azkendu denean
bikotekideetatik bat hiltzearen ondorioz.
2. Edozein kasutan ere, alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak bere
seniparte-eskubideei eutsiko die, gozamenari dagokionez.
115. artikulua
1. Gurasoek jarauntsiko ondasunak eskuratzen dituzte erdi bana. Euretatik bat hilda
badago, bizirik dirauenak ondasun guztiak jasoko ditu.
2. Gurasoetatik bat ere ez badago bizirik, gainerako aurrekoak izango dira oinordeko,
bi lerroetan ondasunak erdi bana eginez; eta, lerroren batean ez badago aurrekorik, ondasun
guztiak zati berdinetan eskuratuko dituzte aurrekoak zein lerrotan egon eta lerro horretako
aurrekoek.
116. artikulua
1. Ondorengorik, aurrekorik eta alargunik edo bizirik dirauen izatezko bikotekiderik
izan ezean, alboko senideak izango dira oinordeko; lehenengo eta behin, anai-arrebak eta
hildako anai-arreben seme-alabak, eta, halakoak izan ezean, seniderik hurbilenak, betiere
laugarren graduaren barruan.
2. Ordezkapen-eskubidea gertatuko da, bakarrik, anai-arrebak anai-arreben seme-alabekin
batera agertzen direnean; lehenengoak oinordeko izango dira buruko, eta bigarrenak, leinuko.
Lotura bikoitzeko anai-arrebak lotura bakarreko anai-arrebekin agertzen badira, haiek horien
bikoitza jasoko dute oinordeko gisa.
117. artikulua
Aurreko artikuluen arabera lege-aginduz oinordetzara deituriko pertsonarik izan ezean,
ondasun guztien oinordekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio
Orokorra. Horrek heren bat eratxikiko dio bere buruari, beste heren bat, hildakoaren azken
egoitzari dagokion Foru Aldundiari eta gainerako herena, hildakoak zein udaletan izan duen
bere egoitza eta udal horri.
Administrazio Publiko horien eskubide eta betebeharrak beste oinordekoen parekoak
izango dira, baina beti ulertuko da jarauntsia inbentario onuraren arabera onartzen dela, horri
buruzko adierazpena beharrezkoa ez dela.
V. TITULUA
OINORDETZA FORMA DESBERDIN GUZTIENTZAKO XEDAPEN ERKIDEAK
118. artikulua
Aurrekoak
jaraunsle
gisa
eskuratzen
baditu
ondasun
batzuk
bere
ondorengoarengandik, eta ondorengoak ondasun horiek jaso baditu dohaineko tituluaren
bidez, beste aurreko batengandik edo anai nahiz arreba batengandik, orduan aurrekoak
betebeharra du lege-aginduz jasotakoak erreserbatzeko, ondasunok zein lerrotatik etorri
eta lerro horretan hirugarren gradurainoko senide direnen mesederako.
119. artikulua
Onibarrak dohaintzan eman badira ezkontza baterako, ezkontza horren aurretik zein
ondoren, ondasunon oinordeko izango dira ezkontza horretan izandako seme-alabak edo
ondorengoak, beste guztiak baztertuz.
120. artikulua
Kausatzaileak kontrakoa xedatu ezean, alarguna edo bizirik dirauen izatezko
bikotekidea berriz ezkontzen bada, izatezko bikote berria eratu edota hildakoarena ez den
seme edo alabaren bat baldin badu, alargun edo hildako bikotekidearena, horren betebeharra
izango da hildakoarekin izandako seme-alaba eta ondorengoei erreserbatzea berak
harengandik testamentuaren bidez, oinordetza-itunaren bidez nahiz dohaineko beste edozein
tituluren bidez eskuratutako ondasun guztiak.
121. artikulua
Titulu honetan arauturiko erreserbek, edozein kasutan ere, euren baitan hartzen
dituzte erreserbagileak egindako eraikin, landaketa eta hobekuntzak; eta betebeharra sortzen
da, horri edo beraren jaraunsleei halakoen balio eguneratua ordaintzeko, erreserbahartzaileak horien edukitza noiz eskuratu, eta hurrengo urtebete eta egun bateko epean.
122. artikulua
Erreserbagileak, titulu honetan araututako kasu guztietan, oinordekoa izendatu ahal
izango du erreserba-hartzaileen artean, testamentuzko oinordetzari edota oinordetza-itunari
buruz ezarritakoaren arabera; eta ezin izango du ordezpenik eta kargarik ezarri, horien
mesederako ez bada.
123. artikulua
Aurrekoak oinordeko dira, aurkako oinordetza-ituna izan ezean, euren seme-alaba edo
ondorengoei eman dizkieten ondasun ez tronkaletan, baldin eta seme-alaba edo ondorengo
horiek hil badira ondorengorik utzi gabe, eta dohaintzan emandako objektuak eurak
oinordetzan badaude. Objektuok besterendu badira, aurrekoak oinordeko izango dira,
dohaintza-hartzaileak objektu horiei begira izango zituzkeen akzio guztietan; objektuok saldu
badira, prezioan; eta trukatu edo aldatu badira, horien ordezko diren ondasunetan.
124. artikulua
Aurreko artikuluan zehazten diren ondasunen balioa zenbatuko da kausatzaileak
utzitako ondasunetan, oinordetzaren delazioa burutzen den unean.
III. LIBURUA
EZKONTZAKO ONDASUNEN ARAUBIDEA
I. TITULUA
LEGE-ARAUBIDEA
125. artikulua
Ezkontzako ondasunen araubidea izango da ezkontideek ezkontzako itunetan
ezarritakoa, bai beren-beregi araubide horren baldintzak hizpatzen dituztenean, bai lege
honetan nahiz beste lege batzuetan ezarritako sistema ekonomikoetatik edozein aipatzen
dutenean.
126. artikulua
Ezkontzaren araubide ekonomikoa, itundutakoa izan nahiz legezkoa izan, aldarazi ahal
izango da, beste ezkontza-itun batzuk egiletsiz.
127. artikulua
1. Ezkontzako itunak egin ezean, edota egindakoak askiezak edo deusezak izanez gero,
ezkontzari aplikatuko zaizkio Kode Zibilean irabazpidezko sozietateari buruz ezarritako arauak.
2. Ezkongaiak Bizkaiko Lur Lauko, Aramaioko edo Laudioko auzotarrak direnean,
ezkontzari aplikatuko zaio, ituna egin ezean, III. liburu honen II. tituluan araututako araubidea.
3. Ezkontideetatik batek bakarrik badu bere auzotasun zibila Bizkaiko Lur Lauan,
Aramaion edo Laudion, ondasunen araubidea izango da, ituna egin ezean, ezkontideen
lehenengo eta ohiko bizileku erkideari dagokiona, eta, halako bizilekua izan ezean, ezkontza
non egin eta toki horri dagokiona.
128. artikulua
Ezkontzako ondasunen araubidea aldarazteak ez du ondorerik sortuko hirugarrenen
aurka, aldarazpena Erregistro Zibilean, edo, hala denean, Jabetza Erregistroan edo
Merkataritza Erregistroan inskribatzen denetik baino.
II. TITULUA
ONDASUNEN FORU-KOMUNIKAZIOARI BURUZKO ARAUBIDEA
1. ATALA
Foru-komunikazioa
129. artikulua
Foru-komunikazioaren bitartez, erkide egiten dira, ezkontideentzat erdi bana,
ondasun, eskubide eta akzio guztiak, horien jatorria edozein izanik ere, batarenak izan zein
bestearenak izan, edozein tituluren ondoriozkoak, bai ekarritakoak, bai ezkontza bitartean
eskuratutakoak, eta horien kokalekua edozein izanik ere.
130. artikulua
Foru-komunikazioak, ezkontza bitartean, lege honetan ezarritako norainokoa eta
mugapenak ditu, eta zuzenean bukatuko da, ezkontideen arteko banantze-epaia, ezkontzaren
deuseztasunari buruzkoa edo dibortzio-epaia ematean, bai eta ezkontzako itunak egilestean
ere, baldin eta ezkontideek beste izaera bateko araubide ekonomikoa ezartzen badute.
131. artikulua
Foru-komunikazioa bukatuko da, halaber, epailearen erabakiz eta ezkontideetatik
batek hori eskatuta, hurrengo kasuetan.
1. Beste ezkontidea epaiketa bidez ezgaituta geratu denean, haren absentzia-adierazpena
nahiz hartzekodunen konkurtso-adierazpena eman denean.
2. Beste ezkontideak xedatze- eta kudeatze-egintzak gauzatzen dituenean, haren
kalterako edo haren eskubideei iruzur eginez.
3. Egitez urte bete baino gehiago bananduta egon direnean, nahiz eta elkarrekin
adostutako banantzea izan.
Komunikazio-araubidea desegin ondoren, ezkontza bera ez bada azkentzen,
ezkontideak ondasunen banantze-araubidearen mende geratuko dira, Kode Zibilean arautu
bezala, kontrakoa itundu ezik.
132. artikulua
1. Foru-komunikazioa, ezkontzarekin sortzen dena, sendotu egiten da, ezkontideetatik
bat hiltzearen ondorioz desegiten den unean, bi-bion seme-alabak edo ondorengoak baldin
badaude.
2. Ezkontideetatik edozeinek ezkontza desegin arte lortu dituen ondasun, eskubide eta
akzio guztiak komunikatu direla ulertuko da; ez, ordea, pertsonari datxezkion eskubideak, ezta
ezkontideetatik baten heriotzaz geroztik eskuratutakoak ere. Era berean, ez dira komunikatuko
ondasun eta eskubide eskualdaezinak, ezta norberaren erabilerarako direnak ere.
133. artikulua
Foru-komunikazioa indarrean dagoen bitartean, irabazitako ondasunak eta ezkontide
batengan jatorria duten ondasunak bereiziko dira, eta bereizketa horri aplikatuko zaizkio
legeria zibil orokorrak irabazpidezko ondasunen gainean eta ondasun pribatiboen gainean
ezarritako arauak.
134. artikulua
1. Ezkontzaren zamatzat hartuko dira familia mantentzeko, seme-alaba erkideak
elikatu eta hezteko, eta, ezkontide batenak bakarrik izanik, familiaren etxean bizi diren semealabak elikatu eta hezteko beharrezkoak diren guztiak. Beste edozein gastu ondasun
erkideekin ordaintzen bada, baina ezkontide baten interes edo ondasunei buruzkoa baldin
bada, itzulketa eskatzeko eskubidea sortuko da, komunikazioa likidatzeko unean.
2. Ezkontzaren zamak ordainduko dira, lehenengo eta behin, irabazitako ondasunekin
eta, halakorik izan ezean edo horiek nahikoa ez badira, eta orduan bakarrik, ezkontide
bakoitzarengan jatorria duten ondasunekin, horien balioaren arabera.
3. Azken horiekin ordaindutakoa etorkizuneko irabaziekin konpentsatuko da.
135. artikulua
1. Foru-komunikazioan, ondasunak xedatzeko egintzetarako nahitaezkoa izango da bi
ezkontideen adostasuna. Ezkontideetatik batek adostasuna ukatzen badu, epaileak xedapena
baimendu ahal izango du, hori familiaren intereserako dela uste badu.
2. Hala ere, ezkontideetatik edozeinek bere kabuz xedatu ahal izango ditu bere
titulartasunpeko dirua, kuotak, kooperatibei egindako ekarpenak edota sozietateetan dituen
partaidetzen zati ordezkatzaileak, finantza-aktiboak edo balore higigarriak.
3. Modu berean, ezkontide batek beste ezkontidearen mesederako egin badu
pribatibotasunaren aitortzea, legeria zibil orokorraren arabera, eta aitortza hori Jabetza
Erregistroan inskribatu ondoren, ondasun hori xeda dezake hipoteka-legerian ezarritako
moduetan, hipoteka-legeria hori dela xedapen egintzaren unean indarrean dagoena.
136. artikulua
Kreditu-eskubideak, horien izaera edozein izanik ere, zein ezkontideren izenean eratu
eta horrexek egikarituko ditu.
137. artikulua
1. Ezkontide bakoitzari dagokio, modu esklusiboan, berarengan jatorria duten
ondasunak kudeatu eta administratzea, Merkataritza Kodean ezarritakoari kalterik egin gabe.
2. Era berean, ezkontide bakoitzak bere ondasunen fruituak eta produktuak xedatu
ahal izango ditu, eta, aldian-aldian, besteari argibideak eman beharko dizkio, ondasun horien
egoerari buruz.
138. artikulua
1. Ezkontideetatik edozeinek zorrak eta betebeharrak hartzen baditu bestearen
adostasunik gabe, hartutako horiek betebeharpekoari dagokion erdiaren kontura bakarrik
geratuko dira, hurrengo mugapenekin.
Lehenengoa. Erantzukizunetik aske geratuko dira beti ezkontide ez-zordunarengan
jatorria duten ondasunak.
Bigarrena. Prozesu judizialetan edota betearazpen-prozesuetan, hurrengo erregelen
mende geratuko da irabazitako ondasunen eta zordunarengan jatorria duten ondasunen
gaineko erantzukizuna.
Ezkontide ez-zordunari jakinarazi beharko zaio enbargoa, eta ezkontide horrek
eskubidea izango du, edozein enbargoren aurka jartzeko, baldin eta enbargo horrek,
irabazitako ondasunen gainekoa izanik, berari dagokion erdia gainditzen badu. Era berean,
ezkontide ez-zordunak, egutegiko hamabost eguneko epean, foru-komunikazioaren desegitea
eskatu ahal izango du, 145. artikuluko erregelen arabera; kasu horretan, betebeharpekoari
adjudikaturiko ondasunak bakarrik geratuko dira erantzukizunaren menpe, eta ezkontzari
ondasunen banantze-araubidea aplikatuko zaio aurrerantzean. Eskubide hori ez da gertatuko,
baldin eta hartzekodunak frogatzen badu zorrak onura ekarri diola familiari.
Foru-komunikazioa desegitearen ondorioz, ondasunak adjudikatu behar direnean,
adjudikazio hori betearazpen-prozeduran bertan egingo da, eta, zehatzago, pieza bananduan,
eta, horretarako, jarauntsien banaketari buruz ezarritako arauak aplikatuko dira.
Hirugarrena. Betebeharpekoaren erdi komunikatua saltzen bada, ezkontide
erantzuleak ezkontza bitartean ez du inolako zatirik izango, beste erdiaren gainean; erdi hori
beste ezkontidearen administraziopean geratuko da. Ezkontideak ezin izango du erdi hori
besterendu, epailearen baimenik gabe, eta haren fruituak familiaren gastu arruntetarako
destinatu beharko ditu.
Laugarrena. Irabazpidezko ondasunen gaineko erantzukizuna subsidiarioa da, eta
ezkontide ez-zordunak halakoak enbargatzea saihestu ahal izango du, zordunaren ondasun
propioak behar besteko kopuruan adieraziz.
2. Edozein kasutan ere, betearazpena zein ondasunen gainean gauzatu eta ondasun
horiek ezkontide zordunak jasotakotzat hartuko dira, komunikazioan horrek duen
partaidetzaren kontura, eta sozietatea likidatzeko unean haiek duten balioaren neurrian.
139. artikulua
Foru-komunikazioa indarrean dagoen bitartean, jarauntsira deitutako ezkontideak ezin
izango du hori arbuiatu, bestearen adostasunik gabe. Adostasuna lortu ezean, jarauntsia
inbentario-onuraren arabera onartu dela ulertuko da.
2. ATALA
Ondasunen komunikazioari buruzko araubidea desegitea
140. artikulua
Ezkontza desegiten bada ezkontideetatik baten heriotzaren ondorioz, eta seme-alaba
edo ondorengo erkiderik badago, foru-komunikazioa sendotu eta ondasun-erkidego bihurtzen
da, batetik, alargunaren, eta, bestetik, aurrez hildakoaren oinordeko diren seme-alaba edo
ondorengoen artean, ondasunak zatitu eta adjudikatu arte.
141. artikulua
1. Kausatzaileak komisarioa izendatu badu, ondasunak erkidegoan egongo dira,
oinordekoa izendatu arte.
2. Ondasunak egoera horretan diren bitartean, alarguna izango da, testamentugileak
kontrakoa xedatu ezean, jarauntsiaren ordezkari bakarra eta ondasun guztien
administratzailea, izendatutako oinordekoek jarauntsia onartzen ez duten bitartean.
3. Testamentugileak kontrakoa xedatu ezean, alarguna komisario izendatu bada, bera
bakarrik edo beste pertsona batzuekin batera, alargun horrek, testamentu-ahalordea
erabiltzen ez duen bitartean, xedatzeke dauden ondasunen gaineko gozamena izango du, eta
ez du fidantza emateko betebeharrik izango.
142. artikulua
1. 140. artikuluan xedatutakoa salbuetsita, alarguna komisario izendatu bada, alargun
horrek bere buruari adjudikatu ahal izango dio ondasun guztien erdia, eta beste erdia aurrez
hildakoaren oinordetzarako utzi ahal izango du, oinordetza erreserbei kalterik egin gabe.
2. Kausatzaileak kontulari-banatzailea izendatu badu, ezkontide komisarioak, kontularibanatzailearekin batera, eratutako erkidegoaren desegitea eta likidazioa egin ahal izango ditu, 144. artikuluan ezarritako moduan; horrela, kausatzailearen oinordetzan geratuko dira horri
adjudikaturiko ondasunak. Era berean, hori egin ahal izango du, ustezko oinordekoekin batera,
edo, osterantzean, berak epaileari hala eskatu eta horrexen erabakiz.
143. artikulua
Ezkontza desegin bada, seme-alabak edo ondorengoak daudela, alargunak, epaiketa
bidez, hildakoaren oinordekoei eskatu ahal izango die haren intereseko jarauntsietatik edozein
onartzea. Epaileak adierazi epea ezin izango da hogeita hamar egunetik gorakoa izan; eta,
behin hori igarota, oinordekoek ez badute adierazi jarauntsia onartzeko borondatea dutenik,
edo jarauntsia arbuiatu badute, aipatu ezkontideak jarauntsi hori onartu ahal izango du
inbentario onuraren arabera.
144. artikulua
1. Komunikaziopeko ondasunak adjudikatzean, hurrengo erregelak beteko dira.
Lehenengoa. Lehenengo eta behin, alargunari adjudikatuko zaizkio, horren hartzekoa
ordaintzeko, berarengan jatorria duten onibar tronkalak.
Bigarrena. Horiek ez badira nahikoa, alargunaren hartzekoa osatuko da ondasun
higigarri eta onibar ez-tronkalekin.
Hirugarrena. Aurreko bi erregeletako ondasunak nahikoa ez direnean, eta orduan
bakarrik, aurrez hildako ezkontidearen onibar tronkala erabiliko da.
2. Alargunaren hartzekoa zehazteko, aintzakotzat hartuko da 138. artikuluan
xedatutakoa.
145. artikulua
1. Foru-komunikazioa azkentzen denean ezkontideetatik bat hiltzeagatik, ondorengo
erkiderik utzi gabe, edota banantze-, deuseztasun- edo dibortzio-epaia emateagatik, hurrengo
erregelak aplikatuko dira.
Ezkontide bakoitzari dagozkio berarengan jatorria duten ondasunak edota horiekin
eskuratutakoak nahiz haien salmentaren ondorioz eskuratutakoak. Eskuraketa, zati batez,
beste jatorri bateko ondasunekin egin bada, halako ondasunetan proindibisoa sortuko da,
ondasunon titularren artean, bakoitzak jarritako kopuruaren arabera.
Irabazitako ondasunak erdibanatu egingo dira bi ezkontideen artean.
3) Ezkontide baten ondasuna edo horren balioa familiaren intereserako gastatu bada,
horren balio eguneratua kontuan hartuko da, irabazitako ondasunekin hori ordaintzeko; eta,
irabazitako ondasunak nahikoa ez badira, alde horretatik beste ezkontideak ordainduko du
berari dagokion zatia, bakoitzak dituen ondasunen balioaren arabera.
2. Foru-komunikazioa azkentzen bada ezkontzaren araubide ekonomikoa
aldaraztearren, itundutakoa beteko da, eta, horren ezean, aplikagarria izango da artikulu
honetan xedatutakoa.
146. artikulua
Desegitea gertatzen bada ezkontideetatik baten heriotzaren ondorioz, eta ez badago
ondorengorik, orduan, aurreko artikuluaren erregelez gain, hurrengoak aplikatuko dira.
1. Alarguna aurrez hildakoaren baserrira ezkondu bada, orduan eskubidea izango du,
alargun dagoen bitartean, baserri horretan geratzeko, urtebete eta egun bat; horrek ez die
kalterik egingo legezko edo borondatezko xedapenaren ondorioz alargunak dituen beste
eskubideei.
2. Alargunak ezkonsaria ekarri badu edo bestelako ekarriak egin baditu, aurreko
erregelan ezarritako epea luzatu egingo da, hildakoaren jaraunsleek alargunari ekarri horiek
itzultzen ez dizkioten bitartean.
3. Onibar tronkalak kostu bidez eskuratu badira, edo horietan hobekuntzak egin
badira, eskuraketa eta hobekuntza horiek izango dira ondasunok zein lerrotatik etorri eta lerro
horretako ezkontidearentzat edo horren jaraunsle tronkeroentzat; baina, ezkontza-sozietatea
likidatzean, aintzakotzat hartuko da egindako inbertsioen balio eguneratua, eta beste
ezkontideari edo horren jaraunsleei ordainduko zaie hari dagokion hartzekoa.
Gerta daiteke ordainketa horrek ondorerik ez izatea, alarguna hil arte, horri eskubidea
aitortzen baitzaio, bizirik dagoen bitartean, bere erdia askatasunez gozatu eta lupertzeko.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa
Lege honen eta beronek indargabetzen dituenen artean, aldi arteko gatazkak sortzen
badira, gatazkok konpontzeko aplikatuko dira Kode Zibilaren atariko xedapen iragankorra, eta
1, 2, 3, 4 eta 12. xedapen iragankorrak.
Aldi arteko gatazka ezin bada konpondu aurreko xedapenen bitartez, kontuan hartuko
da lege honen ondoriozko aldaketek ezin dietela kalterik egin aurreko legeriaren arabera
eskuratutako eskubideei.
Bigarrena
Bide-zorraren gaineko edukitza hasi bada lege hau indarrean jarri baino lehen, edukitza
horretatik probetxua aterako du edukitzaileak, preskripzio bidez hura eskuratzeko
ondoreetarako.
Hirugarrena
Lege honen aurretik egiletsitako testamentu-ahalordeei atzera eraginez aplikatuko
zaizkie 41. artikulua, testamentu-ahalordea egikaritzeko epeari buruz; 43. artikuluaren 3, 4 eta
5. paragrafoak, ondarearen administratzaile eta ordezkari den komisarioaren ahalmenei buruz;
eta 42. artikulua, ahalordea egintza edo egilespen bakarrean nahiz batzuetan egikaritzeko
aukerari buruz.
Laugarrena
1992ko uztailaren 1eko Legea indarrean jarri aurretik egiletsitako testamentuahalordeetan, alarguna komisario izendatzeak berarekin ekarriko du alargun horri bizi arteko
gozamena eratxikitzea, eta gozamen hori ez da azkenduko ahalordea erabiltzeagatik.
Bosgarrena
Xedatze-egintzak burutzen badira, Kode Zibilaren 831. artikuluaren itzalpean edo
Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legearen 13.
artikuluaren itzalpean, egintza horiek guztiz baliozkoak izango dira.
Seigarrena
Hilobien gaineko tronkalitate-eskubideei, egun indarrean dauden neurrian, Euskal
Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legearen xedapenak
aplikatuko zaizkie.
Zazpigarrena
Lege hau indarrean jartzeaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeetatik
edozeinetan auzotasun zibila dutenek zuzen-zuzenean eskuratuko dute euskal auzotasun
zibila, eta, hala denean, eurei dagokien toki-auzotasun zibila ere bai.
Xedapen honetan ezarritakoarekin bat etorriz, haiei aplikatu beharreko legeria berria
ezarriko da, eta legeria horrek ez du aldatuko ezkontzaren araubide ekonomikoa, edo, izatezko
bikoteen kasuan, ondare-araubidea, salbu eta hori ezkontzako hitzarmenetan edo itunetan
erabakitzen denean; eta, harreman pertsonalei eta oinordetza-harremanei dagokienez,
lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoa beteko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa
Eusko Legebiltzarrak foru-aldundiei eskatzen die, horiek, euren zerga-eskumenak
baliatuta, euren tributu-arauak molda ditzaten, lege honek garatzen dituen erakundeen
arabera, eta, horren ondorioz, zerga-arauak euskal zuzenbide zibilaren printzipioekin bat etor
daitezen.
Bigarrena
Martxoaren 7ko 2/2003 Legea, izatezko bikoteak arautzekoa, aldarazi egiten da, eta,
zehatzago, lege horren 2 eta 5. artikuluak aldarazten dira, eta, aurrerantzean, hauxe izango da
horien idazkera.
“2. artikulua. Izatezko bikotearen kontzeptua eta aplikazio-eremua.
Lehenengoa. Lege hau aplikatzeko, izatezko bikotea da bi pertsonaren arteko elkartze
askearen ondorioa; pertsona horiek adinez nagusi edo adingabeko emantzipatuak izan behar
dute, gaitasun osoa izan behar dute, eta ezin dute euren artean lerro zuzeneko odol- edo
adopzio-ahaidetasunik eduki, ez eta alboko lerroko bigarren mailako odol-ahaidetasunik ere.
Harreman sexual edo afektiboa izan behar dute elkarren artean, eta berdin izango da pertsona
horiek sexu berekoak edo desberdinekoak izatea. Gainera, bikoteko kideek, ez batak ez
besteak, ezin dute ezkontza edo izatezko bikotearen bidezko loturarik izan beste inorekin ere.
Lege honetako xedapenak 3. artikuluan eta ondokoetan zehazten den eran eratutako
izatezko bikoteei aplikatuko zaizkie.
Horrela, bada, izatezko bikotea inskribatzeko, bikotekideetatik batek behintzat euskal
auzotasun zibila izan beharko du”.
“5. artikulua. Bikotearen harremanak eta ondare-erregimen ekonomikoa arautzea.
1. Izatezko bikoteko kideek beren elkartzearen ondorio diren harreman pertsonal eta
ondarezkoak arautu ahal izango dituzte agiri publiko edo pribatuaren bitartez, eta bakoitzaren
eskubide eta betebeharrak zehaztuko dituzte hor, bai eta bikotea deseginez gero, eman
beharreko ordain ekonomikoak ere.
2. Ezin izango da hitzartu izatezko bikotea aldi baterako eratzea, ez eta haren eraketa
baldintzaren baten menpe ezarri ere. Administrazio publikoek ez dituzte erregistroan jasoko
edozein bikotekideren oinarrizko eskubide eta askatasunak hautsi litzaketen itunak.
3. Esanbidezko ituna egin ezean, lege honek araututako izatezko bikoteen ondareerregimen ekonomikoa izango da Kode Zibilean ondasunen banantzeari buruz araututakoa”.
Hirugarrena
Ulertuko da izatezko bikoteen inguruan lege honetan egiten diren aipamenak, besterik
gabe, martxoaren 7ko 2/2003 Legea eta horren 4. artikuluan ezarritako erregistroan
inskribaturik dauden izatezko bikoteei buruzkoak direla
Laugarrena
Lege hau indarrean jarriko da, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzen
denetik hiru hilabete igarotakoan.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Aurreko lege guztiak indarrik gabe geratzen dira, orain aldarrikatzen den honetan zer
xedatu eta horren aurkako diren heinean.
