EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FORU-ZUZENBIDE ZIBILARI
BURUZKO LEGEAREN AURREPROIEKTUA
ATARIKO TITULUA
I. KAPITULUA
ZUZENBIDE ZIBILAREN ITURRIAK
1. artikulua
1. Euskal Autonomia Erkidegoko foru-zuzenbide zibila osatzen dute lege honen
xedapenek, ohiturak eta zuzenbide hori eratzen duten printzipio orokorrek.
2. Eusko Legebiltzarrari dagokio lege hau onestea, geroagoko aldarazpenak
nahiz garapenak egitea, eta Europar Batasunak orokorrean ezarritako xedapenei
egokitzea ere bai.
3. Ohitura, nabaria ez bada, frogatu egin beharko da.
2. artikulua
Jurisprudentziak foru-zuzenbide zibila osatuko du, Euskal Autonomia
Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Zibileko Salak hura aplikatzean ematen duen doktrina
errepikatuarekin.
3. artikulua
1. Legerik edo foru-ohitura aplikagarririk izan ezean, ordezko moduan aplikatuko
dira Kode Zibila eta indarrean dauden gainerako xedapen orokorrak.
2. Lege horien etorkizuneko aldaketak aplikatuko dira, euskal zuzenbide zibila zein
printzipiok eratu eta printzipio horien aurkakoak ez diren neurrian; horri kalterik egin gabe,
euskal lege batek xedapen desberdinak prestatu ahal izango ditu.
4. artikulua
Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparru osoan aplikatuko da,
salbu eta manu zehatzek beren-beregi adierazten dutenean manu horiek lurralde jakin
batean bakarrik daudela indarrean.
II. KAPITULUA
FORU-LEGE ZIBILAREN PRINTZIPIO ERATZAILEAK
5. artikulua
Askatasun zibilaren printzipioa, euskal zuzenbide zibilean tradiziozkoa dena,
aintzakotzat harturik, legeak esku-emaileak direla uste izango da, eta legeok eratortzen
dituzten eskubideei uko egitea baliozkoa izango da, interes edo ordena publikoaren
aurkakoa ez bada eta hirugarrenari kalterik egiten ez badio.
6. artikulua
1. Jabetzaren gaineko euskal ikuskera ez da indibidualista, baizik eta solidarioa.
Norberaren interesen gainetik, lehentasuna dute familiaren nahiz gizartearen
interesek, eta pertsonaren duintasunak.
2. Legeek jabetza-forma desberdinak babestuko dituzte, hala nola, auzo-jabetza,
familia-jabetza nahiz gizarte-jabetza, betiere tradizio historikoarekin ildotik, eta tradizio
hori zein garaitan aplikatzekoa izan eta une horretako gizarte-errealitateari egokituta.
7. artikulua
1. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozeinetan formalizatu
ahal izango dira lege honek araututako egintzak eta kontratuak.
2. Egilesleek egilespen-tokiko hizkuntza ofizialetatik zein hitzartu eta hizkuntza
horretan idatziko dira agiri publikoak; eta, hizkuntza ofizialak bat baino gehiago izanez
gero, alderdiek aukeratutakoa erabiliko da. Alderdien artean desadostasuna gertatuz
gero, agerkai publikoa bertako hizkuntza ofizial guztietan idatzi beharko da. Tokiko
hizkuntza ofizialetatik eskatzaileak zein aukeratu eta hizkuntza horretan luzatuko dira
kopiak.
8. artikulua
Pertsonenganako errespetua eta begirunea euskal legeriaren oinarri dira.
III. KAPITULUA
LEGE-GATAZKAK
9. artikulua
1. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean legeria-aniztasunak indarrean
dirauen artean, Eusko Legebiltzarrari dagokio foru-lege zibilaren indarraldirako
lurralde-esparrua zehaztea, eta, hala denean, barne gatazkak konpontzeko arauak
ezartzea ere bai.
2. Arau berezirik izan ezean, zenbait antolamendu juridiko aldi berean
izateak lege-gatazkak eragiten dituenean, gatazkok konponduko dira, estatuak
emandako arau orokorren bidez, kasuan kasuko erakundearen izaera kontuan harturik.
3. Tokiko gatazkak gertatzen direnean, lurralde batzuetan indarrean dauden
arauen artean, edo gatazkak gertatzen direnean arau horien eta Euskal Autonomia
Erkidegoko arau orokorren artean, gatazkok konponduko dira, Kode Zibilaren
xedapenen bitartez, betiere ondasun tronkalen arloan indarren dagoen tronkalitateprintzipioari kalterik egin gabe.
10. artikulua
1. Euskal Autonomia Erkidegoko foru-zuzenbide zibila aplikatzen zaie euskal
auzotasun zibila duten pertsona guztiei.
2. Euskal auzotasun zibila, edo, bestela, tokiko auzotasun zibila, hori
aplikatu behar denean, Kode Zibilaren arauekin bat etorriz eskuratu, iraunarazi
eta galdu egiten da, betiere ondasun tronkalen kasuan lurraldetasun-printzipioari
kalterik egin gabe.
3. Lege honek zuzenbide zibileko arauak jasotzen dituela kontuan hartuta, halako
batzuk arau berezi moduan indarrean badaude Bizkaiko lurralde historikoan, eta Laudio
eta Aramaioko udaletan, orduan lurralde horietan tokiko auzotasun zibila dutenei
aplikatzen zaizkie arauok, forudun izan zein izan ez.
11. artikulua
Euskal Autonomia Erkidegoan egiletsitako agerkai publikoetan, egileslearen
euskal auzotasun zibila eta tokiko auzotasun zibila agerraraziko dira; eta agerrarazi
beharko da, halaber, egileslearen ezkontzari edo izatezko bikoteari zein ondasunaraubide dagokion, horrek eragina izan badezake egiletsitako xedapenen gainean edo
xedapen horien ondorioen gainean. Zalantza izanez gero, eta kontrakoa frogatu ezik,
uste izango da auzotasun zibila dela jaiotza-lekuari dagokiona, eta ondasunen
araubidea dela, ezkontideen azken egoitza erkidea non izan eta bertako legearaubidea; eta, ezkontideek egoitza erkiderik izan ezean, ezkontza non egin eta
bertakoa, edo, izatezko bikoteen kasuan, ondasunen banantze-araubidea.
I. LIBURUA
ONDAREARI BURUZKO ZUZENBIDEAREN PRINTZIPIOAK
12. artikulua
Jabeak eskubidea du, bere edukitzapeko landa ixteko, baina ezin du eragotzi
gizabanakoek bertatik igarotzea, irabazirik gabeko erabilera dela eta, gizabanako
horiek ez badute inongo ibilgailurik baliatzen. Norbaitek eskubide hori erabiltzen
badu, landaketak errespetatu beharko ditu, eta, kalteak eraginez gero, kalte-ordaina
eman beharko du.
13. artikulua
1. Landa-errentamenduaren kontratuak, euskal tradizioan, ezaugarri
bereziak ditu, errentamenduaren egonkortasunari, errentariaren eskubidea
eskualdatzeari eta bestelako alorrei dagokienez; horiek guztiek justifikatzen dute,
lege honen xedapenetatik kanpo ere, errentamendu hori lege bereziaren bitartez
arautzea.
2. Baserria, izatez, familiaren ustiategia da, nekazaritzaren arlokoa nahiz
abeltzaintzaren arlokoa; ustiategi hori eratzen du landetxeak berak, eta, horrekin batera,
osagai higigarri desberdinek, abelburuek, ustiatze-eskubideek, makineriak, instalazioek,
eta, orobat, landa, lursail edo mendi batek edo batzuek. Lursail edo landa horiek
landetxearen ondoan egon daitezke edo horretatik aparte, eta, halakoak izendatzeko,
baserriari dagozkion lurrak direla esan ohi da.
14. artikulua
1. Sozietate zibilak lege honen mende egongo dira, Euskal Autonomia
Erkidegoan egoitza dutenean. Lege honek arautuko ditu, halaber, sozietate zibilak,
baldin eta halakoak eratzeko erabili bada kofradia, ermandade edo mutualitateen forma
tradizionaletatik edozein.
2.Sozietate horien arauak izango dira, zehatz-mehatz, haien estatutuak eta
barne arauak, betiere horiek guztiak ez direnean lege honen aurkakoak, berau garatzeko
ematen diren arauen aurkakoak eta ordezko legeriaren aurkakoak.
3. Sozietateek xede zibila dutenean, eta xede horren eretzean, Merkataritza
Kodean aitortutako formetatik edozein izan dezakete, edo kooperatiba nahiz
mutualitateei buruzko legerietan aitortutako formetatik edozein; halakoetan, kasuan
kasuko arautegi indarrekoaren mende geratuko dira sozietateok.
15. artikulua
1. Sozietate zibilak euren erregistro berezian inskribatu ahal izango dira, Eusko
Jaurlaritzak horretarako sortuko baitu erregistro hori. Sozietate horiek inskribatuko dira,
orobat, euren sozietate-egoitza non izan eta bertako merkataritza-erregistroan, baldin eta,
eskritura publikoan eratuta, Merkataritza Kodean aitortutako formetatik bat bereganatzen
dutenean.
2. Sozietate zibil inskribatuak nortasun juridikoa izango du, eta, kontrakoa itundu
ezik, bazkideen erantzukizuna mugatuta geratuko da, bazkideok dagoeneko ekarritako
edo gerora ekarri beharreko kapital horretara.
Edozein kasutan ere, sozietateen estatutuetan agerrarazi beharko da.
1).- Sozietatearen izena; izen horretan, esamolde hau jaso beharko da: “Sociedad
Civil Limitada” edo “S. Civil L.”.
2).- Sozietatearen xedea.
3).- Egoitza.
4).- Erabakiak hartzeko eta sozietatea administratzeko araubidea, eta bazkidemotak; kontrakoa itundu ezik, ordezko moduan aplikatuko da kooperatibei buruzko
legeria.
5).- Iraupena eta bazkideek hitzartutako beste itun guztiak.
6).- Kooperatiben araubidea, edo, bestela, erantzukizun mugatuko sozietateen
araubidea aukeratu izana, honako arlo hauek guztiak direla eta.
a) Kapitala itxuratzea
b)Galerak eta irabaziak banatzea
c) Nahitaezko funtsak zuzkitzea
3. Publizitate-ondorioetarako, kasuan-kasuan indarrean dauden xedapenak
aplikatuko dira. Merkataritza Erregistroan inskribatutako sozietate zibilei aplikatuko
zaizkie, bereziki, erantzukizun mugatuko sozietateentzat indarrean dauden xedapenak.
4. Sozietate zibil inskribatuak, eraketa-unean, bazkide bakarra izan dezake,
eta, halaber, boto-eskubide guztiak titular bakarraren eskuetan pila daitezke (pertsona
bakarreko sozietatea). Sozietate horientzat aplikagarria izango da Europar Batasunaren
Kontseiluak 1989ko abenduaren 12an sozietateei buruzko zuzenbidearen arloan emandako
zuzentaraua, zuzentarau horrek arautzen baititu bazkide bakarreko eta erantzukizun
mugatuko sozietateak.
16. artikulua
1. Bide-zorra eskuratzen da, tituluaren bidez edo hogei urteko preskripzioaren bidez.
2. Lur nagusiaren jabeak galdatu ahal izango du, kalte-ordain egokiaren bitartez,
bide-zorrari zabalera handiagoa ematea, lur horren beharrizanak asetzeko beharrezkoa
den neurrian.
3. Lur nagusiaren jabeak ahalmena du, orobat, bere kontura zoruan sendotzelanak egiteko, baldin eta lan horiei komenigarri baderitze lurra hobeto erabiltzeko, eta
lanokin ez bazaio kalterik egiten zorpeko lurraren ustiatzeari; horretarako, aldez aurretik
jakinarazpena egin behar zaio zorpeko lurraren jabeari.
II. LIBURUA
OINORDETZAK
ATARIKO XEDAPENAK
17. artikulua
1. Pertsonaren eskubideak eta betebeharrak haren oinordekoei eskualdatzen
zaizkio heriotza-unean bertan, lege honen xedapenekin bat etorriz oinordetza-itunean
ezarritakoa salbu.
2. Delazioa gertatuko da, noiz eta kausatzailearen heriotza-unean, eta non eta
kausatzaile horren azken bizilekuari dagokion tokian, edo, halakorik izan ezean,
heriotzari dagokion tokian. Hildakoak testamentu-ahalordea egiletsita badauka,
oinordetza irekiko da, ahalorde horrek ukitzen dituen ondasunei dagokienez,
komisarioak ahalordea erabiltzen duen unean, edo, bestela, lege honek aipatu
arrazoietatik edozeinen ondorioz ahalordea azkentzen den unean.
18. artikulua
1. Oinordetza gauzatzen da, testamentuaren bidez, oinordetza-itunaren
bidez, edo, bi horiek izan ezean, legearen xedapenen bidez.
2. Ondasun batzuk xedatu ahal dira testamentuaren bidez, eta beste batzuk,
itunaren bidez. Testamentuak ez du oinordetza-ituna ezeztatzen; baina oinordetza-itunak
baliorik gabe uzten du horren aurkakoa den testamentua.
I. TITULUA
TESTAMENTUZKO OINORDETZA
1. ATALA
Xedapen orokorrak
19. artikulua
1. Oinordetza antolatu ahal da, titulu unibertsalaren bidez edo banakako
tituluaren bidez.
2. Jaraunslea da titulu unibertsalarekin izendatua izan dena, dela jarauntsi osoan,
dela jarauntsiaren zati alikuota baten gainean. Jaraunsleak kausatzailearen ondasunak
eta eskubideak eskuratzen ditu, horien edukitzari eusten dio, kausatzailearen
betebeharretan subrogatzen da, eta jarauntsiaren zamak betetzeko betebeharra
bereganatzen du.
3. Banakako tituluaren bidezko oinordekoak edo legatu-hartzaileak bere
eskubidea baliatu ahal du, jaraunsle unibertsalen aurka, legatuaren ematea edo
ordainketa galdatzeko.
4. Jaraunslea, aldi berean, legatu-hartzailea denean, legatua onartu eta
jarauntsia arbuiatu ahal izango du.
20. artikulua
Testamentugileak kontrakoa xedatu ezik, norbait banakako tituluaren bidez
izendatzen bada baserriaren, tailerraren, enpresaren edo ondare txiki baten
oinordeko, eta horren balioa jarauntsiaren hiru laurena baino handiagoa bada,
orduan, izendatutako hori, ondorio guztietarako, jaraunsle unibertsaltzat
joko da. Nahitaezko jaraunslea baldin bada, izendapena seniparteari egotziko zaio,
testamentugileak kontrakoa xedatu ezik.
21. artikulua
1. Kausatzaileak utzitako ondasunen kontura ordainduko dira.
a) Kausatzailearen seme-alabei eta ondorengoei zor zaien mantenua, betebehar
hori beste pertsona batzuei ez badagokie.
b) Jarauntsiko zamak eta zorrak. Eta
c) Ondasunak iraunarazteko gastuak, tributuak, aseguru-primak eta bestelako
gastuak, betiere halakoek lotura dutenean aipatu ondasunekin; orobat, administratzaileak,
kausatzailearen negozioak kudeatzean, bereganatutako betebeharrak, edota negozio horien
ustiatzeak eratortzen dituenak, baldin eta ezkontide gozamendunak ez baditu horiek
ordaindu behar.
2. Jaraunsleak erantzukizuna du, kausatzailearen betebeharren gain,
legatuen gain eta zamen gain, jarauntsi bidez eskuratutako ondasunen balioaren
neurrian.
2. ATALA
Testamentua egiteko formak
22. artikulua
Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude Kode Zibilak testamentua
egiteko arautzen dituen forma guztiak, eta, gainera, «hilburuko» izeneko testamentua,
heriotza-arriskuan egitekoa.
23. artikulua
1. Heriotza-arriskuan dagoenak testamentua egiletsi ahal izango du, hiru
lekukoren aurrean, idatziz nahiz hitzez. Testamentu horri, euskaraz, «hilburuko» deritzo.
2. Testamentu hori eraginik gabe geratuko da, baldin eta bi hil igaro badira,
testamentugilea heriotza-arriskutik atera denetik. Testamentugilea epe horretan hiltzen
bada, orduan ere eraginik gabe geratuko da testamentua, baldin eta testamentu hori ez
bada egiaztarazten, prozesuko legeek agindutako moduan, heriotzaren ondorengo hiru
hiletan.
3. Testamentugilea heriotza-arriskutik atera arren, beste testamentu bat
egilesteko ezgaituta geratzen bada, egiaztarazte-epea hiru hilekoa izango da,
testamentua egiletsi zenetik zenbatuta.
4. Behin testamentua epaiketa bidez egiaztarazi eta gero, hori notarioaren
protokoloan jaso beharko da.
3. ATALA
Testamentu mankomunatua edo ermandadeko testamentua
24. artikulua
1. Bi pertsona elkarrekin lotuta badaude, senidetasuna edo bizikidetasuna
dela eta, bi horiek testamentua egin dezakete, agerkai bakarrean, testamentu
mankomunatuaren edo ermandadeko testamentuaren bidez.
2. Testamentu hori notarioaren aurrean bakarrik egiletsi ahal izango da. Euskal
auzotasun zibila dutenek testamentu hori egiletsi ahal izango dute, dauden tokian
daudela.
25. artikulua
Testamentu mankomunatua edo ermandadekoa elkarrekikoa izan daiteke. Kasu
horretan, egilesleek elkar izendatzen dute oinordeko, euren ondasun guztietan edo
batzuetan; eta testamentu horrek jaso ahal ditu hirugarrenen mesederako xedapen
zatikakoak nahiz oso-osokoak.
26. artikulua
Testamentu mankomunatua edo ermandadekoa bi egilesleek batera
ezeztatu edo aldatu ahal izango dute, beste testamentu baten bitartez edo geroko
oinordetza-itunaren bitartez.
27. artikulua
Baliozkoa izango da egilesleetatik batek bere kabuz egindako ezeztapena,
baldin eta besteari, aurretiaz eta notario bidez, jakinarazi badio ezeztatzeborondatea; betekizun hori izan ezik, ezeztapenak ez du ondorerik sortuko.
Ezeztapena notarioaren aurreko agirian agerrarazi beharko da, eta eraginik gabe
utziko ditu ezeztaturiko testamentuaren klausula guztiak.
28. artikulua
Ezkontideen kasuan, deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-epaia emanez gero,
edo, izatezko bikoteen kasuan, bikote hori bikotekideen bizitza bitartean azkenduz gero,
azkentzea haien arteko ezkontzak eragiten duenean izan ezik, ondorerik gabe geratuko
dira haren xedapen guztiak, salbu eta elkarren mende egin direnak, desgaitasuna duen
seme edo alabaren mesederako.
29. artikulua
1. Egilesleetatik bat hildakoan, horren oinordetza irekitzen da, eta
hildakoak egiletsitako xedapen guztiek ondorea sortzen dute.
2. Behin testamentu mankomunatuak eratortzen dituen betebehar guztiak beteta,
bizirik dirauen egilesleak askatasunez xedatu ahal izango ditu bere ondasunak, inter
vivos nahiz mortis causa.
4. ATALA
Komisario bidezko testamentua
30. artikulua
Testamentugileak komisario baten edo batzuen ardurapean jar ditzake
oinordekoaren izendapena, ondasunen banaketa, eta, oro har, ondasunok oinordetza
bidez eskualdatzeko berak dituen ahalmen guztiak.
31. artikulua
1. Komisarioa notarioaren aurreko testamentuan izendatu beharko da.
2. Ezkontideek, ezkontzaren aurretik zein horren ondoren, komisario izendatu
ahal dute elkar, ezkontzako itunetan nahiz oinordetza-itunean.
3. Izatezko bikotekideek komisario izendatu ahal dute elkar, euren ondarearen
araubide ekonomikoa zein itunek arautu eta itun horretan bertan, edo oinordetza-itunean,
baldin eta ituna notarioaren aurreko agiri publikoan egilesten bada.
32. artikulua
1. Komisarioak gaitasuna izan beharko du, kasuan kasuko egintza burutzeko,
testamentu-ahalordea egikaritzen den unean.
2. Izendatutako oinordekoak edo oinordekoek oinordeko izateko gaitasuna
izan beharko dute, kausatzailearen heriotza-unean, edo, bestela, testamentu-ahalordea
egikaritzen den data horretan.
3. Testamentugileak kontrakoa xedatu ezik, komisarioak ezin izango du
fideikomisorik ezarri; ezin izango ditu oinordekoaren inguruan baldintzapeko
izendapenak egin, titulu unibertsalaren bidez edo banakako tituluaren bidez; eta ezin
izango ditu erabakiak hartu, erabakion helburua baldin bada oinordekoen izendapena eta
ondasunen adjudikazioa atzeratzea.
33. artikulua
1. Komisarioak bere kargua beteko du, ahalorde-emaileak testamentu-ahalorde
horretan beren-beregi ezarritakoarekin bat etorriz, eta ezin izango du inola ere ahalorde
hori aldarazi; eta, bertan ezer adierazi ezik, lege honen arabera eta ordezko
zuzenbidearen arabera testamentugileari dagozkion ahalmen guztiak izango ditu.
2. Testamentugileak adierazi badu komisarioak zein pertsonaren artean aukeratu
behar duen, orduan komisario horrek ahalordean ezarritakoa bete beharko du. Mota
horretako adierazpenik egin ezean, komisarioak aukeratu beharko du alargunaren,
bizirik dirauen izatezko bikotekidearen eta nahitaezko jaraunsleen artean; eta, ondasun
tronkalen kasuan, tronkeroen artean bakarrik aukeratu ahal izango du.
3. Nahitaezko jaraunslerik izan ezean, komisarioak askatasunez izendatu ahal
izango ditu oinordekoak.
34. artikulua
1. Testamentugilea hil eta hurrengo sei hileko epean, behin komisarioak
bere izendapenaren berri jasota, jarauntsiko ondasun, eskubide, zama eta betebehar
guztien inbentarioa egin beharko du; inbentario horren inguruan, kontu-arrazoiak eman
beharko dizkie ustezko oinordekoei, eta, oinordeko horiek, behin aipatu epea bukatuta,
komisarioari agindeia egin ahal izango diote, betebehar hori bete dezan.
2. Komisarioak, agindei hori jaso arren, sei hileko epean ez badu betetzen
ondasunen inbentarioa egiteko beharra, epaileak erabaki ahal izango du inbentarioa
komisarioaren kontura egitea.
3. Ustezko oinordekoek eta jarauntsiko hartzekodunek inbentarioa aurkaratu ahal
izango dute, eta ezkutatutako ondasunak bertan sartzea edota haren balorazioa
berrikustea eskatu ahal izango dute.
35. artikulua
Komisarioak bere buruari adjudikatu ahal izango dizkio kausatzaileak berari
eratxiki dizkion ondasunak, bai eta testamenturik gabeko oinordetzan edo testamentuahalordea egikaritu ezean berari legozkiokeen ondasunak ere.
36. artikulua
1. Komisarioaren kargua, edozein kasutan ere, borondatezko eta doakoa da, eta
haren ahalmenak, mankomunatuak nahiz solidarioak, bere-berezkoak eta
eskualdaezinak dira.
2. Komisarioak ahalorde-emailearen jarauntsirako albazea eta kontularibanatzailea izendatu ahal izango ditu, ahalorde-emaileak ez badu hori egin.
37. artikulua
1. Oinordetza gauzatu eta jarauntsia onartzen ez den bitartean, ondasunen
ordezkari eta administratzailea izango da testamentugileak bere testamentuan zein
pertsona izendatu eta hori berori, testamentugileak izendatuari eratxiki dizkion
ahalmenekin eta horri ezarri dizkion bermeekin.
2. Izendapena egin ezean, jarauntsia ordezkatu eta administratuko du alargunak
edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak, eta, hori izan ezean, komisarioak berak.
38. artikulua
Testamentu-ahalordea egikaritzeko dagoen bitartean, kausatzailearen semealabek eta gainerako ondorengoek mantenu-eskubidea izango dute, jarauntsiko
ondasunek ematen dituzten etekinen kontura, baldin eta mantenu hori eskatzeko legeegoera betetzen badute, eta ez badago beste inor, mantenua emateko betebeharra duena.
39. artikulua
Komisarioak betebeharra du, kausatzailearen seme-alaba eta ondorengoen
gainean tutoretza edo kuradoretza era dadin eskatzeko, horiek adingabeak edo ezgaituak
baldin badira.
40. artikulua
Testamentugileak komisario batzuk izendatu baditu, horiek modu
mankomunatuan beteko dituzte euren eginkizunak, testamentuaren edukitik besterik
ateratzen ez bada. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta, berdinketa gertatuz gero,
lehenengo izendatuak hartuko du erabakia.
41. artikulua
1. Testamentugileak testamentu-ahalordea egikaritzeko epea aipatu ahal izango
du. Ezkontidea edo izatezko bikotekidea komisario izendatzen denean, horri epe
mugagabea eman ahal izango zaio, edo bera bizi den urte guztietarako.
2. Epea aipatu ezean, hori urte betekoa izango da, testamentugilearen heriotzatik
zenbatuta, edo haren inguruko heriotza-adierazpena epaiketa bidez eman denetik
zenbatuta, oinordeko guztiak adin nagusikoak baldin badira; bestela, oinordeko horiek
guztiek adin-nagusitasuna lortzen dutenetik zenbatuta, ondore horietarako
emantzipazioa nahikoa ez dela.
3. Komisario izendatu denean alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea,
bera da, testamentugileak kontrakoa xedatu ezik, jarauntsiko ondarearen ordezkari,
administratzaile eta gozamenduna, eta izaera horri eutsiko dio, baita ahalordea erabili
eta gero ere.
42. artikulua
Testamentugileak kontrakoa xedatu ezean, komisarioak testamentu-ahalordea
erabili ahal izango du egintza batean nahiz batzuetan.
43. artikulua
1. Komisarioak testamentu-ahalordea egikaritu ahal izango du, inter vivos nahiz
mortis causa egintzen bitartez, notarioaren aurreko testamentuan nahiz oinordetzaitunean, titulu unibertsalaren ondorioz nahiz banakako tituluaren ondorioz, eta, betiere,
legeak testamentugileari ezartzen dizkion mugak baino ez ditu izango.
2. Alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak, notarioaren aurrean bere
testamentua egiten duenean, bertan erabili ahal izango du aurrez-hildakoak berari
emandako ahalordea, baina xedapenak egin ahal izango ditu bi-bion seme-alaba edo
jaraunsleen artean bakarrik. Kasu horretan, komisarioak izaera ezeztagarria eman ahal
izango dio aurrez-hildako ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen izenean egindako
xedapenari.
3. Alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea izendatu bada komisario,
eta bera bada, orobat, jarauntsiko ondarearen ordezkari eta administratzailea, jarauntsiko
betebeharrak, zamak eta zorrak ordainduko ditu; ondasuntza horri dagozkion negozioak
kudeatuko ditu; muga-eguneratutako kredituak kobratu ahal izango ditu; kreditu horiek
bermatzeko, fidantzak eta eskubideak eratu badira, horiek ezereztea onartu ahal izango
du; eta, oro har, administratzaile guztiei dagozkien egintzak burutu ahal izango ditu, baita
ahalorde-emaileak berari eratxiki dizkion kudeaketa-ahalmenak egikaritu ere. Era berean,
komisarioak legitimazio aktiboa nahiz pasiboa izango du, jarauntsiko ondareari
dagozkion akzio guztietan.
4. Alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea izendatu bada komisario, eta
bera bada, orobat, jarauntsiko ondarearen ordezkari eta administratzailea, jarauntsiko
ondasunak edo eskubideak xedatu ahal izango ditu, baldin eta ahalorde-emaileak horretarako
baimena eman badio, edo jarauntsiko betebeharrei, zamei eta zorrei aurre egiteko baimena
eman badio, edo berak horri egoki baderitzo, batzuk besteen ordez eskuratzeko. Lortutako
kontraprestazioa subrogatuko da besterendutako ondasunen lekuan, non ez den
erabiltzen jarauntsiko betebeharrak, zamak eta zorrak ordaintzeko.
5. Senipartedunak baldin badaude, alarguna edo bizirik dirauen izatezko
bikotekidea komisario izendatu bada, eta bera bada, orobat, jarauntsiko ondarearen
ordezkari eta administratzaile, eta kostu bidezko xedatze-egintzak burutu baditu ondasun
higiezinekin, enpresekin eta ustiategi ekonomikoekin, balore higigarriekin edo objektu
baliotsuekin, nahitaezkoa izango da jarduteko gaitasun osoa duten senipartedunetatik
edozeinek baimena ematea; eta, senipartedunak adingabeak edo ezgaiak badira, nahitaezkoa
izango da epailearen baimena.
44. artikulua
Aurreko artikuluan ezarritako kasuan izan ezik, ezeztaezinak izango dira
komisarioak testamentu-ahalordea erabiliz egiletsitako xedapen guztiak. Hori
gorabehera, deia berriro egin ahal izango da, baldin eta xedapena deusez gertatzen bada,
edo onuradunek ez badute hori onartu nahi edo ezin badute hori onartu. Kasu horretan,
komisarioak beste izendapen bat egin ahal izango du, urte beteko epean, egitate horiek
sinesgarriro jakin dituenetik zenbatuta.
45. artikulua
Testamentu-ahalordea azkenduko da.
1) Hori egikaritzeko zein epe eman eta epe hori agortzean.
2) Komisarioaren heriotzaren ondorioz, ezintasunaren ondorioz edo gertatze
bidezko ezgaitasunaren ondorioz.
3) Ezkontide komisarioaren kasuan, behin testamentu-ahalordea egiletsi eta
gero, ezkontzaren inguruko banantze-, dibortzio- edo deuseztasun-demanda
aurkeztearen ondorioz, nahiz eta kausatzailea hil aurretik epaia eman ez.
4) Ezkontide komisarioa berriro ezkontzen denean, ezkonduen antzeko
bizimodua egiten duenean edo ezkontzatik kanpoko seme edo alabaren bat duenean,
testamentugileak beren-beregi kontrakoa xedatu duenean izan ezik.
5) Uko egitearen ondorioz. Komisarioak uko egiten duela ulertuko da, baldin
eta, horretarako epailearen bidez agindeia jaso ondoren, ez badu izendapena onartzen,
hirurogei eguneko epean.
6) Kausatzaileari edo horren ondorengoei begira, komisarioak oinordeko izateko
ezduintasun-arrazoiren bat betetzen duenean.
7) Ahalordean bertan ezarritako arrazoien ondorioz.
8) Ezeztapenaren ondorioz.
9) Izatezko bikotea azkentzearen ondorioz, azkentzeko arrazoia ez bada izatezko
bikotekideak elkarrekin ezkontzea.
46. artikulua
Testamentugilearen borondateak lehentasuna du beti, atal honetako arauak
interpretatu eta aplikatzeko orduan.
II. TITULUA
TESTAMENTUA EGITEKO ASKATASUNARI JARRITAKO MUGAK
1. ATALA
Senipartea edo nahitaezko jarauntsia
47. artikulua
Senipartedunak dira, jarraiko hurrenkeraren arabera: seme-alabak edo ondorengoak,
edozein gradutan; eta alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea, horren gozamenkuota dela bide, eta, betiere, beste jaraunsle-mota guztiekin batera.
Bizkaiko gune forudunean, Laudion eta Aramaion, tronkalitateari buruzko
arauek lehentasuna dute, senipartearen gainean; baina, tronkeroa seniparteduna denean,
berari esleitutako ondasun tronkalak seniparteari egotziko zaizkio.
48. artikulua
1. Ondorengoen senipartea jarauntsiaren gaineko kuota bat da, balio
ekonomikoaren arabera kalkulatzen dena; testamentugileak kuota hori eratxiki ahal die
bere oinordekoei, jaraunsle-izendapenaren bidez, legatuaren bidez, dohaintzaren bidez
nahiz bestelako moduez.
2. Testamentugileak betebeharra du, bere oinordekoei senipartea eskualdatzeko;
baina, horien artean, bat edo batzuk aukera ditzake, eta gainerakoak baztertu, esanbidez
nahiz isilbidez.
3. Bazterketarik ez egitea eta isilbidez baztertzea parekoak dira.
4. Ondorengoa nahitaezko jaraunslea baldin bada, eta, nahita edo nahi gabe,
preterituta geratzen bada, preterizio hori bazterketaren parekoa da.
49. artikulua
Seme-alaba edo ondorengoen senipartea, kopuruari dagokionez, jarauntsiko
ondasunen bi herenekoa da.
50. artikulua
Seme-alabak hilda badaude edo jaraunsgabetuak izan badira, euren ondorengoak
izango dira haien ordezko edo ordezkari.
51. artikulua
1. Testamentugileak senipartea eman ahal izango die bere ilobei edo
urrunagoko ondorengoei, nahiz eta horien gurasoak edo aurrekoak bizirik egon.
2. Nahitaezko jaraunsle guztiak preterituz gero, horrek berarekin dakar
testamentua deuseza izatea.
3. Nahitaezko jaraunslea, esanbidez edo isilbidez, baztertua izan bada, eta
testamentuak seniparte kolektiboari kalte egiten badio, orduan jaraunsle horrek eutsi
egiten die hirugarrenen aurka dituen eskubideei.
52. artikulua
1. Alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak gozamen-eskubidea
izango du, kausatzaileak utzitako ondasun guztien erdien gainean, ondorengoekin edo
aurrekoekin batera agertuz gero.
2. Ondorengorik eta aurrekorik izan ezean, gozamena izango du, ondasunen bi
herenen gainean.
53. artikulua
1. Ezkontideari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari bere gozamen-zatia
ordaintzeko, jaraunsleek esleitu ahal dizkiote bizi arteko errenta, ondasun zehatz batzuen
produktuak edo eskudiruzko kapitala; horretarako, elkarrekin ados jarrita jardun behar
dute, edo, bestela, epailearen aginduz.
2. Hori egiten ez den bitartean, jarauntsiko ondasun guztiak lotuta daude,
alargunari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari dagokion gozamen-zatiaren
ordainketarekin.
3. Alargunaren edo bizirik dirauen izatezko bikotekidearen gozamena diruaren
gainekoa edo inbertsio-funtsen gainekoa baldin bada, funtsok elkarren artean pilatzeko
modukoak izan zein izan ez, gozamen horri, lehenengo eta behin, kausatzailearen xedapenak
aplikatzen zaizkio, bai eta gozamendunaren eta jabe soilen arteko hitzarmenak ere. Halako
hitzarmenik izan ezean, diruaren gaineko gozamena duenak eskubidea du, kapitalaren
ondoriozko korrituen gainean eta bestelako etekinen gainean; eta, bestalde, inbertsiofuntsek eratorritako partaidetzen gaineko gozamena duenak eskubidea du, eraketadatatik gozamena azkendu arte sortutako gainbalioen gainean. Ustezko etekin eta
gainbalio horiei fruitu zibilen erregelak aplikatuko zaizkie.
54. artikulua
Alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak, bere seniparteaz gain,
biztantzeko eskubidea izango du, ezkontzari edo izatezko bikoteari dagokion etxebizitza
horretan, betiere alargun dirauen artean, ezkonduen antzeko bizimodurik egiten ez duen
artean, ezkontzatik kanpoko seme edo alabaren bat ez duen artean edota izatezko beste
bikote bat eratzen ez duen artean.
55. artikulua
Testamentugileak beren-beregi xedatutakoa salbu, banandutako ezkontideak ez du
seniparte-eskubiderik izango, eta, ezkontzari edo izatezko bikoteari dagokion etxebizitza
horretan, ez du biztantzeko eskubiderik izango, baldin eta banantzea epai irmoan adierazi bada,
edo banantze hori elkarrekin ados jarrita erabaki eta modu sinesgarrian jasota badago; orobat,
ezkontideak, ezkonduen antzeko bizimodua egiten duenean, edota bizirik dirauen izatezko
bikotekideak, beste norbaiti lotuta dagoenean, sentimendu- eta sexu-harremanak direla
bide.
56. artikulua
1. Seme-alaba eta ondorengoei ezin izango zaie ezarri ordezpen edo
kargarik, horrek xedapen askeko zatia gainditzen badu, non ez den hori egiten
nahitaezko beste oinordeko batzuen mesederako.
2. Alargunari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari aitortutako
eskubideek ez dute eraginik izango senipartea ukitzeko ezintasunaren gainean; ez du
ukiezintasun horren gainean eraginik izango, halaber, hari gozamen unibertsalaren
gaineko legatua emateak.
57. artikulua
Testamentugileak bere ezkontideari legatu gisa eman ahal izango dio bere
ondasunen gaineko gozamen unibertsala; gozamen hori azkenduko da, 47. artikuluko
senipartea zein arrazoik azkendu eta arrazoi berberen ondorioz. Testamentugileak berenberegi xedatutakoa salbu, legatu hori eta xedapen askeko zatiaren gainekoa bateraezinak
izango dira.
Testamentugileak bi legatu horiek hautabidez xedatzen baditu, alargunak edo
bizirik dirauen izatezko bikotekideak egingo du aukeraketa.
2. ATALA
Jarauntsia kalkulatzea eta seniparteak ordaintzea
58. artikulua
Seniparte-kuota kalkulatzeko, kontuan hartuko da oinordetzako ondasun guztien
balioa, oinordetzarako delazioa gauzatzen den unean, betiere zor eta zamak kenduta. Balio
likidoari gehituko zaio zenbatu beharreko dohaintzen balioa; halako dohaintzak dira
esanbidezko bazterketarik gabe egindako guztiak, edota nahitaezko jaraunsle ez direnen
mesederako egindakoak.
59. artikulua
1. Zenbatu beharreko dohaintzen balioa izango da dohaintzok kausatzailearen
heriotza-unean zutena; betiere, aurretiaz kendu behar dira dohaintza-hartzaileak
dohaintzapeko ondasunetan egin eta ordaindutako hobekuntza onuragarriak, eta, era
berean, dohaintza-hartzaile horrek ordaindutako artatze- edo konponketa-gastu bereziak,
baldin eta gastuok ez badira beraren erruz gertatu. Ondasunen balioari erantsiko zaio
dohaintza-hartzailearen erruz gertaturiko narriaduren zenbatespena, narriadurok
ondasunen balioa txikitu badute. Dohaintza-hartzaileak dohaintzapeko ondasunak
besterendu baditu, horien balio gisa hartuko da besterentze-unean ondasunok zutena.
Ondasun batzuk dohaintza-hartzailearen erruz suntsitu badira, horiek suntsitze-unean
zuten balioa bakarrik zenbatuko da.
2. Nahitaezko jaraunsleen mesederako dohaintzak kolazionatu beharrekoak
izango dira, bakar-bakarrik, dohaintza-emaileak kontrakoa xedatzen ez duenean edo
dohaintza-emaile horrek esanbidezko bazterketarik egiten ez duenean.
3. Kolazionatu beharreko dohaintzak halakoak izango dira, banaketa-unean
duten balioaren neurrian.
60. artikulua
Testamentu-ahalordea izanez gero, eta senipartea finkatzeko helburuarekin,
ondasunen balorazioa egingo du.
1) Komisarioak, oinordetzaren gainean interesik ez badu.
2) Komisarioak, kausatzaileak izendatutako kontulari-banatzailearekin batera.
3) Komisarioak, ustezko oinordekoekin batera.
4) Epailearen erabakiz.
3. ATALA
Tronkalitatea, Bizkaia, Aramaio eta Laudion
1. azpiatala
Xedapen orokorrak
61. artikulua
1. Bizkaiko Lur Lauan, eta Arabako Aramaio eta Laudioko udaletan,
onibarren gaineko jabetza tronkala da. Tronkalitateak ondarearen familia-izaera babesten
du.
2. Ondasun tronkalen jabeak horiek xedatu ahal ditu, bakarrik, senide
tronkeroen lehenespena eta gainerako eskubideak errespetatuz.
3. Xedatze-egintzek senide tronkeroen eskubideak urratzen badituzte, egintza
horiek aurkaratu ahal izango dira, lege honetan ezarri forma eta ondoreekin.
62. artikulua
1. Senidetasun tronkala beti zehazten da, Bizkaiko Infantzonatuan edo Lur
Lauan, nahiz Arabako Aramaio eta Laudioko udaletan kokaturiko onibarrari begira.
2. Onibarrak tronkalak dira, senide tronkeroak daudenean bakarrik.
3. Ondasunak familiatik kanpo eskuratzen direnean kostu bidez, ondasun horiek
ez dira tronkal bihurtzen, ondorengoari eskualdatzen ez zaizkion bitartean.
63. artikulua
1. Tronkalitatearen ondoreetarako, onibarrak dira jabetza eta gainerako
gozatze-eskubide errealak, baldin eta lurzoruaren gainekoak badira, edota bertan eraiki,
landatu eta ereiten den guztiaren gainekoak.
2. Onibar gisa hartuko dira ondasun higigarriak, baldin eta aurreko
paragrafoan aipatu ondasunetarako destinatzen badira edo horiei lotuta badaude, salbu
eta, kalterik eragin gabe banantzeko modukoak izanik, modu independentean
eskualdatzen direnean.
3. Fruituak eta landareak, banantzeko modukoak izanik, lurzorutik bereizita
eskualdatzen badira, ez daude tronkalitate-printzipioaren mende, ezta zuhaitzak ere,
horiek mozteko besterentzen badira.
64. artikulua
1. Tronkalitatearen ondoreetarako, onibarrak dira, bakarrik, Bizkaiko
Infantzonatu edo Lur Lauan, nahiz Arabako Aramaio eta Laudioko udalerrietan
kokaturikoak.
2. Infantzonatua edo Lur Laua da Bizkaiko lurralde historiko osoa, salbu eta
Balmaseda, Bermeo, Bilbo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, MarkinaXemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Plentziako hiribilduen zati forugabea, eta
Urduñako hiria.
65. artikulua
1. Aipatu hiribilduen eta hiriaren lurraldearen barruan, tronkalitatea aginduzkoa
izango da, bakarrik, Lur Lauari dagokion gunean; hiriek egindako planoetan dago
mugatuta gune hori, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek plano horiek onetsi zituzten, 1994ko
maiatzaren 4ko erabakiaren bitartez.
2. Bizkaiko udalerrien mugetan administrazio-aldarazpenak gertatuz gero, horiek
ez dute aldatuko ukitutako lurraldeetan aplikatu beharreko zuzenbide zibila.
66. artikulua
Senide tronkeroak dira.
1) Beheranzko zuzeneko lerroan, seme-alabak eta gainerako ondorengoak.
2) Goranzko zuzeneko lerroan, onibarra zein lerrotatik etorri eta lerro horretako
aurrekoak, eskuraketa-titulua edozein izanik ere.
Bi ezkontideek ezkontza bitartean eskuratutako onibarrei dagokienez, edota
izatezko bikotekideek bikotearen indarraldian zehar eskuraturiko onibarrei dagokienez,
tronkero dira bi ezkontideak edo izatezko bikotekide biak. Nahiz eta ondasun horiek
seme-alabei edo ondorengoei eskualdatu, ezkontide edo izatezko bikotekide
eskuratzaileek eusten diote goranzko lerroan tronkero izateari, ondorengo titularrarekin
duten senidetasun-gradua edozein izanik ere.
3) Alboko lerroan, laugarren gradurainoko albokoak, betiere onibarra zein
lerrotatik etorri eta lerro horretan.
67. artikulua
1. Beheranzko lerroan, senidetasun tronkala luzatzen da, gradu-mugarik gabe.
2. Goranzkoan, senidetasun tronkala bukatzen da, onibarraren edukitza
lehenengoz izan zuen aurrekoarengan.
3. Albokoan, senidetasun tronkala odoleko laugarren gradu zibileraino heltzen
da, hori ere barne.
68. artikulua
1. Tronkalitatea sortzen da, Bizkaiko toki-auzotasun zibila duen pertsonak
onibarra eskuratzen duen unetik; eta, une horretatik aurrera, tronkalitatea hedatzen zaie
pertsona horren ondorengo guztiei, lege honen 62.3 artikuluan ezarritakoa salbu.
2. Behin tronkalitatea eratuta, senide tronkeroek, euskal auzotasun zibila izan
zein izan ez, euren lehenespen-eskubideari eusten diote, titularrak inter vivos nahiz
mortis causa gauzatzen dituen xedatze-egintza guztietan.
3. Familian tronkalitatea azkentzen da, titularra hiltzean ez badago senide
tronkerorik.
Tronkalitatea azkentzen da, halaber, titularrak Bizkaiko toki-auzotasun zibila
galtzen duen unean ez badago senide tronkerorik zuzeneko lerroan, ezta alboko lerroko
bigarren eta hirugarren graduetan ere.
69. artikulua
1. Ondasun tronkalak xedatzeko egintzak inter vivos eta doan burutzen badira,
kanpokoen mesederako edo ondasunok eskuratzeko lehenespeneko lerroan ez dauden
senideen mesederako, senide tronkeroek egintza horiek deuseztatu ahal izango dituzte,
lau urteko epean, Jabetza Erregistroan inskribatu direnetik, edo legitimazioa dutenek
xedatze-egintzaren berri izan dutenetik.
2. Ondasun tronkalak xedatzeko egintzak mortis causa burutzen badira,
kanpokoen mesederako edo lehenespeneko lerroan ez dauden senideen mesederako,
egintzok baliozkoak izango dira; hala ere, senide tronkeroek testamentu- nahiz
oinordetza-klausula aurkaratu ahal izango dute, lau urteko epean, Jabetza Erregistroan
inskribatu direnetik, edo horretarako legitimazioa dutenek xedatze-egintzaren berri izan
dutenetik.
70. artikulua
1. Tronkalitate-eskubideak gailentzen dira, seniparteari edo nahitaezko
jarauntsiari begira.
2. Pertsona bera, aldi berean, oinordeko tronkeroa eta seniparteduna baldin bada,
tronkero gisa dagozkion ondasunak haren seniparteari egotziko zaizkio.
3. Alargunaren edo bizirik dirauen izatezko bikotekidearen senipartea ondasun
ez-tronkalekin ordainduko da, eta, halakorik ez dagoenean, eta orduan bakarrik,
ondasun tronkaletara jo ahal izango da, beharrezkoa den kopuruan.
4. Ezin izango da ordezpen edo zamarik ezarri ondasun tronkalen gainean,
lerro bereko beste senide tronkero baten mesederako ez bada.
5. Alargunari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari aitortutako eskubideek
ez dute eraginik izango ondasun tronkalak ukitzeko ezintasunaren gainean; ez du
ukiezintasun horren gainean eraginik izango, halaber, hari gozamen unibertsalaren
gaineko legatua emateak.
6. Tronkeroek kommutatu ahal izango dute alargunari edo bizirik dirauen
izatezko bikotekideari ondasun tronkaletan dagokion gozamena, 53. artikuluan
ezarritakoarekin bat etorriz; horretarako, eskudiruzko kapitala emango diote, eta hark
askatasunez xedatu ahal izango du kapital hori.
7. Kausatzailearen ondasun tronkalak zenbatuko dira, seniparte-kuota
kalkulatzeko; eta ulertuko da ondasunok, lehenengo lekuan, senipartearen ordainketari
egozten zaizkiola, testamentugileak beren-beregi kontrakoa xedatu ezik.
8. Kausatzailearen zorrak ordainduko dira, ondasun higigarrien eta ondasun
higiezin ez-tronkalen zenbatekoarekin; eta batzuk eta besteak nahikoa ez badira, eta
orduan bakarrik, lerro bakoitzeko ondasun tronkalek izango dute erantzukizuna,
bakoitzaren zenbatekoaren arabera.
71. artikulua
Baserria horri lotutako lurrekin batera doan eskualdatzean, eskualdaketa horrek
bere baitara bilduko ditu, kontrakoa xedatu ezean, baserrian bertan hura ustiatzeko
dauden altzariak, aziendak, ustiatze-eskubideak, makineria eta instalazioak.
2. azpiatala
Lehenespenez eskuratzeko eskubide tronkalak
72. artikulua
1. Tronkeroei lehenespenez eskuratzeko eskubidea dagokie, ondasun tronkalak
kostu bidez besterentzen zaizkienean tronkalitatetik kanpokoei. Eskubide horren
hedadura eta hura egikaritzeko modua azpiatal honen arauei egokitu behar zaizkie.
2. Lehenespeneko tronkeroek bakarrik egikaritu ahal dituzte eskubide horiek;
halakotzat hartzen dira, ondoren, lerroz lerro eta lehenespen-hurrenkeraren arabera
aipatuko direnak.
1) Beheranzko zuzeneko lerroan daudenak.
2) Goranzko zuzeneko lerroan daudenak.
3) Neba-arrebak eta hildako neba-arreben seme-alabak, azken horiek haiekin
batera agertzen badira.
3. Era berean, eskubide horiek bidezkoak izango dira, baldin eta
besterentzea egiten bada, saka-eskubidea nork egikaritu eta geroagoko lerroan
lehenespeneko senide tronkero denaren mesederako.
4. Lehenespenez eskuratzeko eskubideari uko egin ahal zaio edozein unetan;
baina uko-egite hori ez da loteslea izango tronkeroarentzat, horren datatik urte bete
igarotakoan.
73. artikulua
Lerro bakoitzaren barruan, hurbileko senideak urrunekoa baztertzen du. Gradu
bereko senideak bat baino gehiago izanik, guztiek ere lehenespenez eskuratzeko
eskubidea egikaritu nahi badute, orduan, finkaren edukitza zein tronkerok izan eta
horrexeri dagokio eskubidea. Halakorik izan ezean, eskuratzailea izendatuko da,
notarioaren aurrean egindako zozketaren bidez.
74. artikulua
Ez da lehenespenez eskuratzeko eskubiderik gertatuko, besterendutako finkak
hiri-lurrean egonez gero, edota hirigintza-legeriaren eta plangintza aplikagarriaren
arabera urbanizatu beharreko lurrean egonez gero.
75. artikulua
Finka bat baino gehiago besterentzen badira, tronkeroak bere eskubidea
egikaritu ahal izango du, bati edo batzuei begira, eta ez gainerakoei begira; baina,
baserria besterentzen bada, orduan hori ustiategi gisa eskuratu beharko du, horri lotuta
besterentzen diren lur guztiekin batera, nahiz eta Jabetza Erregistroan bananduta
inskribaturik agertu.
76. artikulua
1. Norbaitek ondasun tronkalak besterendu nahi baditu, eta ondasun horiek
lehenespenez eskuratzeko eskubidearen mendekoak badira, senide tronkeroei dei egingo
die, notarioaren bidez. Deia forma pribatuan nahiz publikoan egin ahal izango da.
2. Forma pribatuan egikaritzekotan, zuzeneko notario-jakinarazpena egingo zaie
senide tronkero guztiei. Ondore horretarako, alboko senideei egindako jakinarazpenaren
kasuan, ulertuko da jakinarazpen hori haien seme-alaba eta ondorengoei ere egin zaiela.
3. Forma publikoaren kasuan, nahitaezkoa da zuzeneko jakinarazpena
egitea tronkerorik hurbilenari; horretarako, ediktua argitaratu eta jarriko da, hamabost
egunetan zehar, finka zein udalerritan egon eta bertako udaletxeko iragarki-taulan.
Ondore horietarako, aurrekoa izango da tronkerorik hurbilena, betiere tronkero baldin
bada; eta, horren ezean, seme-alaba edo ondorengoetatik zaharrena. Horien ezean,
jakinarazpena egingo zaio lerrorik hurbileneko senide albokoetatik bati.
4. Deia notario-aktan luzatuko da; notarioak akta horren kopia eskuetsia
emango die jakinarazpena jaso duten tronkeroei, eta, hala denean, dei hori bidaliko dio
alkateari, hamabost egunetan zehar, jendaurrean jar dezan.
77. artikulua
1. Tronkeroak onibarra eskuratu nahi badu, jakinarazpen pertsonala zein
notariok egin eta notario horren aurrean agertuko da tronkeroa, jakinarazpenetik
zenbatuta hil bateko epean, edo ediktua argitaratu eta hurrengo hamar egun
baliodunetan. Ondorio fiskaletarako, ondasun higiezinari gutxieneko balioa eratxiki
behar zaiola kontuan hartuta, egintza horretan bertan, tronkeroak gordailutu egingo du,
fidantza gisa, gutxieneko balio horren ehuneko hamarra.
2. Tronkero bat baino gehiago agertuz gero, guztiek ere fidantza jartzeko
betebeharra izango dute, eta notarioak fidantza atxikiko du, eskritura egiletsi arte;
norbaitek fidantza kentzen badu, bere eskubideari uko egiten diola ulertuko da.
3. Salmenta-eskrituraren aurreko notario-jarduna agerkai bakar batean jasoko da.
Notarioak burututako eginbide guztien lekukotza emango die agertzaileei.
78. artikulua
1. Notarioak alderdiei dei egingo die, alderdiok, aurreko artikuluan aipatu
epea muga-eguneratu eta hurrengo hogei egun baliodunetan, peritua izenda dezaten;
peritu horrek finka baloratu beharko du. Alderdiak ados jartzen ez badira, bakoitzak
peritu bana izendatuko du, eta, hirugarren peritua izendatzeko, notarioaren aurrean
zakuan sartuko dira lau perituren izenak. Notarioak berak izendatuko ditu lau horiek,
finken izaera kontuan hartuta, finka horiek bide judizialean baloratzeko baimena duten
perituen artean. Behin izenak zakuan sartuta, zozketa bidez izendatuko da lau horietatik
bat. Notarioak perituei epea jarriko die, tasazioa egin dezaten; epe hori ezin izango da
hogei egunetik gorakoa izan.
Perituek finkatutako prezioa alderdientzat loteslea izango da, eta alderdiok
eskritura egiletsi beharko dute, tasazioaren emaitza haiei noiz jakinarazi eta hurrengo
hamabost egunetan.
Notarioak aipatu data horretan, saltzailea ez bada agertzen, ulertuko da ados
dagoela, tronkeroek zein peritu proposatu eta peritu horren izendapenarekin.
2. Tasazioa ez da beharrezkoa izango, baldin eta eskualdatzaileak eta
lehenespeneko tronkeroak, hori aukeratutakoa izan nahiz izendatutakoa izan, prezioa
hitzartzen badute, eta, aldi berean, eskritura publikoa formalizatzen badute.
79. artikulua
1. Fidantzarekin aurre egingo zaie hura nork eman eta horrexen
betebeharrei; pertsona hori ez bada agertzen eskrituraren egilespenera, eskualdatzaileak
aukeran du finkatutako prezioan egilespena egin dadin eskatzea edo hark eskuraketan
atzera egin duela ulertzea; besterentze-asmoa nork iragarri eta horrexen esku geratuko
da fidantzaren zenbatekoa, kalte-ordain gisa. Eskualdaketa aukeratuz gero, prezioaren
zati gisa hartuko da fidantza.
2. Atzera-egite kasuan, notarioak hori jakinaraziko die, hamar eguneko epean,
fidantza eman eta horri eusten dioten senide tronkeroei, salmenta formalizatzeko eguna
eta ordua adieraziz. Jakinarazpenaren eta formalizazio-dataren artean, gutxienez,
hamabost egun igaro beharko dira, jakinarazpena jaso dutenek beste tasazio bat eskatzen
dutenean izan ezik.
80. artikulua
1. Senide tronkeroetatik batek ere ez badu bere burua aurkezten edo batek ere ez
badu bere eskubidea gauzatzen, jabeak onibarra besterentzeko askatasuna izango du,
kostu bidezko tituluetatik edozeinen bidez, eta berak askatasunez erabakitzen dituen
prezio eta baldintzetan; horretarako epea urte betekoa izango da, ediktuan aipatu epea
muga-eguneratu denetik zenbatuta. Epe hori igarota, ezin izango du kostu bidezko
besterentzerik gauzatu, beste dei bat egin gabe.
2. Tronkeroak bere burua ez duela aurkeztu ulertuko da, baldin eta tronkero
horrek azpiatal honetan aipatu epeetatik edozein iraungitzen uzten baditu.
81. artikulua
Notarioaren aurreko agerraldiaren bidez, eta aho batezko erabakia hartzen badute
besterentzaileak, eta dei horretara lege bidez agertu diren tronkeroek, lehenespengraduan ez daudenek barne, orduan finka hirugarrenari besterendu ahalko zaio;
besterentzea formalizatu beharko da, aurreko artikuluan agindu epean, alegia, urte
beteko epean.
82. artikulua
Ondasun tronkalak kostu bidez besterentzeko eskritura guztietan, besterentze
hori foru-sakaren mendekoa baldin bada, foru-deia egin den ala ez agerraraziko da; eta,
baiezko kasuan, xehe-xehe aipatuko dira ediktua finkatzeko akta, edo, ediktua
egunkarian argitaratu bada, egunkari horren data eta orrialdea, bai eta geroko eginbideak
ere; kasuan kasuko inskripzioan agerraraziko da, halaber, deia legezko forman egin den
ala ez.
83. artikulua
1. Onibarra besterentzen bada aurretiaz deia egin gabe, eta edozein tronkerok
lehenespeneko eskubidea baldin badu eskuratzailearen eskubideari begira, orduan
tronkero horrek foru-saka egikari dezake, besterentzearen deuseztasuna eta finkaren
adjudikazioa eskatuz, azken hori finkaren beraren balorazio zuzenaren arabera.
Tronkeroak adierazpen-epaiketan egikaritu beharko du eskubide hori, eta epaiketa hori
sustatu beharko du, saltzailearen aurka, eroslearen aurka eta erregistroko beste titular
guztien aurka, hiru hileko epean, Jabetza Erregistroan inskripzioa egin denetik
zenbatuta, edo, inskripzioa egin ezik, besterentzearen berri izan duenetik zenbatuta.
2. Tronkeroak eskubide berbera izango du, baldin eta, foru-deiak egin
arren, finka saldu bada, iragarritako prezio edo baldintzez bestekoetan.
3. Epaiak oniritzia ematen badio saka-akzioari, salmenta deuseza dela
adieraziko du, eta demandatzailearen mesederako beste besterentze bat egitea aginduko du;
epaiak berak finkatuko du zein prezio ordaindu behar duen demandatzaileak, horretarako,
epaiketan bertan, alderdien arteko aurkakotasunean jardungo dela.
4. Behin epaia irmo izanda, demandatzaileak epai hori betearazteko akzioa
egikaritzen badu, epaitegiaren zainpean utzi beharko du onibarraren balorazio gisa
finkatutako prezioa; prezio horren gain, erosleak lehenespena izango du, saltzailearen
beste edozein hartzekoduni begira, erosketaren prezioa eta horren korrituak kobratzeko.
Behin jabariari buruzko inskripzioa deuseza dela adierazita, inskripzio horren
ondorengo zamak baldin badaude Jabetza Erregistroan, eta zama horiek, epaiaren
aginduz, ezereztu beharrekoak badira, orduan, zainpean utzitako prezioa, lehenengo eta
behin, geroagoko hartzekodunen esku geratuko da. Inguruabar hori epailearen
ebazpenean jaso beharko da.
5. Tronkero demandatzaileak eskatu behar du betearazpena, epaia irmoa
denetik hiru hileko epean; behin epe hori igarota, aurkaratutako salmenta baliozkotuta
geratuko da. Epaileak, betearazpena agintzeko unean, erabaki beharko du zainpean jarritako
kopuruaren destinoa.
6. Tronkeroak betearazpen-akzioa izanik, akzio hori iraungitzen bada, saltzaile
demandatuak aukeran izango du, hurrengo hiru hiletan, epaiaren aplikazioa
erreklamatzea; hori eginez gero, epaia dagoen-dagoenean betearazi beharko da, baita
premiamendu-bidean ere.
84. artikulua
1. Hipoteka-betearazpenaren kasuan, betearazpen hori epaiketa bidezkoa izan
nahiz epaiketatik kanpokoa izan, eta premiamendu-prozeduretan ere, senide tronkeroek
hurrengo eskubideetatik edozein egikaritu ahal izango dute, foru-sakaren ondoriozko
eskubidea duten neurrian.
Lehenengoa. Lehenespenez eskuratzeko eskubidea, adjudikazio-prezioa edo
salmenta-prezioa dela bide. Horretarako, enkantea zein organok egin eta organo
horretan agertu beharko da, eta prezioa zainpean utzi beharko du, salmenta-eskritura
egiletsi baino lehen, edo organo judizialak Jabetza Erregistroan inskribatzeko moduko
ziurtagiria luzatu baino lehen.
Bigarrena. Foru-sakaren ondoriozko eskubidea, titulu honetan araututako
moduan, eta, betiere, hiru hileko epean, enkantearen datatik zenbatuta.
2. Adjudikazioa hartzekodun betearazleari egiten zaionean, eskubide berbera
izango dute, hiru hileko epean, adjudikazioaren datatik zenbatuta.
85. artikulua
1. Atal honetan xedatutakoa aplikatuko da trukaketa-kasuetan ere, baldin eta
hurrengo inguruabarretatik bat gertatzen bada.
a) Finka tronkala trukatzen denean ondasun ez-tronkalekin, edo, tronkalak izanda,
lehenespenez eskuratzeko eskubidetik baztertuta dauden ondasunekin.
b)Jasotako finkaren balioa, izatez, trukaketan emandako finka tronkalarena
baino txikiagoa denean, heren batean.
2. Titularrak ondasun tronkala besterentzen duenean, bizi arteko errentaren bat
lortzeko, edo egoitzako laguntzak sortzen dituen gastuei aurre egiteko, orduan, eskubide
hori egikaritzen duenak bermatu beharko du, gutxienez, pentsio hori ordaintzea edo
harako laguntza izatea, besterentzailearen bizitza bitartean, bai eta haren ezkontide edo
bizikidearen bizitza bitartean ere.
86. artikulua
1. Errentariaren errentamendu-kontratuak berrogei urtetik gorako indarraldia
baldin badu, errentari horren kausatzaile zein senide izan eta senide horiek guztiek
finkaren gainean izan duten edukitza-epea barne hartuta, orduan errentariak errentapeko
finka lehenespenez eskuratzeko eskubidea izango du, atal honetan araututako moduan.
2. Errentariaren eskubide horrek lehenespena izango du, alboko senideenari
begira, eta tronkeroetatik batek ere ez du lehenespeneko eskubiderik izango, errentariari
finka eskualdatzen zaionean jabetza eskuratzeko eskubidearen ondorioz.
3. Edozein kasutan ere, besterentzeko borondatea errentariari ere jakinarazi
beharko zaio.
87. artikulua
Titulu honetan aitorturiko eskubideek lehenespena izango dute, beste edozein
eskuraketa-eskubideri begira, baita erregistroko hirugarrengotzari begira ere, baldin eta
halakoa sortzen bada, inskripzioa egin delako, saka-eskubidea egikaritzeko epeetan
zehar.
4. ATALA
Testamentua egiteko askatasuna, Aiarako haranean
88. artikulua
1. Aiarako haranari berezko zaion zuzenbide zibila aplikatuko da Aiara, Amurrio
eta Okondoko udalerrietan, eta, Artziniegako udaletik, Mendieta, Erretes Tudela, Santa
Koloma eta Soxogutiko auzoetan.
2. Aipatu udalerrietan geroago administrazio-aldarazpenak gertatuz gero, horiek
ez dute aldatuko zuzenbide zibil aplikagarria.
89. artikulua
1. Aiarako toki-auzotasun zibila dutenek euren ondasunak askatasunez xedatu
ahal dituzte, hala nahi eta hobesten duten modurik egokienean, testamentu, dohaintza
nahiz oinordetza-itunaren bidez, titulu unibertsalaren bidez nahiz banakako tituluaren
bitartez, euren nahitaezko jaraunsleak gehiagorekin edo gutxiagorekin baztertuz.
2. Nahitaezko jaraunsle gisa hartzen dira lege honen 47. artikuluaren
arabera halakoak direnak.
90. artikulua
1. Bazterketa esanbidezkoa nahiz isilbidezkoa izan daiteke, banakakoa
nahiz baterakoa.
2. Bazterketa ez egiteak sortuko ditu 48.3 artikuluan ezarri ondoreak.
91. artikulua
3. Aiarako toki-auzotasun zibila dutenek botere osoko gozamena eratu ahal
dute, testamentuaren bidez nahiz oinordetza-itunaren bidez.
2. Eratutakoa botere osoko gozamen gisa hartzen da, gozamendunari
ahalmena ematen zaionean, ondasun guztiak edo batzuk doan, inter vivos nahiz mortis
causa xedatzeko, eratzailearen seme-alaba edo ondorengoen mesederako, eta eratzaileak
beren-beregi aipaturiko beste pertsonen mesederako.
3. Eratzaileak botere osoko gozamenaren edukia zabaldu, murriztu edo zehaztu
ahal du.
4. Testamentu-ahalordea ematen denean ulertzen da botere osoko gozamena ere
egiletsi dela, beren-beregi kontrakoa xedatzen denean izan ezik.
92. artikulua
Botere osoko gozamena bere-berezko eskubidea da. Ezin izango da inolako
tituluren bidez besterendu edo kargatu, eratzaileak horretarako baimena eman ezik.
93. artikulua
Botere osoko gozamendunak ondasun batzuk xedatzen baditu, jasotako
ondasunekin baztertuta geratzen dira senipartedun onuradunak; horri kalterik egin gabe,
geroagoko egintzetan, gozamendunak beste ondasun batzuk eman ahal dizkie
senipartedun horiei.
94. artikulua
Gozamendunak ordaindu beharko ditu botere osoko gozamenak zein ondasun
hartu, eta ondasun horien gaineko konponketa, gastu, zama eta kontribuzio guztiak,
ondasunok xedatzen ez dituen bitartean.
95. artikulua
Botere osoko gozamendunak ez du fidantza emateko betebeharrik izango,
kausatzaileak beren-beregi xedatutakoa salbu.
5. ATALA
Baserriari buruzko arau bereziak Gipuzkoan
96. artikulua
Gipuzkoako lurralde historikoan, baserriaren gaineko oinordetza antolatzeko,
lege honen arauak aplikatuko dira, betiere lurralde historiko horretako forma, erakunde
eta printzipio tradizionalei egokituz.
97. artikulua
Baserria multzo gisa hartuko da, eta multzo hori osatzen dute etxebizitzak berak
eta horri lotutako eraikin, areto, lursail eta ondazilegiek, eta, baserria ustiatzen bada,
ustiatze horri lotutako altzari, azienda, ustiatze-eskubide eta makinek ere.
98. artikulua
Baserria eta horri lotutako lurrak doan eskualdatzen direnean, eskualdaketa
horren baitan sartzen da, kontrako xedapena izan ezean, aurreko artikuluan
deskribaturiko multzoa.
99. artikulua
1. Kausatzaileak baserria eta horri lotutako lurrak xedatzen baditu atal
honetan ezarritako moduan, horren onuradunak edo onuradunek ezin izango dute sei
urteko epean aldatu kausatzaileak baserria zein destinotarako erabili eta destino hori;
eta, hala denean, ezin izango dute erkidegoaren zatiketa eskatu.
2. Bestela, onuradunak edo onuradunek beren nahitaezko jaraunskideei edo
horien jaraunsleei ordaindu beharko diete lege honetan araututakoaren arabera
nahigabeko preterizio-kasuan haiek jasoko zuketen kopuruaren bestekoa.
III. TITULUA
OINORDETZA-ITUNAK
1. ATALA
Arau orokorrak
100. artikulua
1. Oinordetza-itunaren bidez, ondasunen titularrak horiek xedatu ahal ditu mortis causa.
2. Itunaren bitartez, halaber, uko egin dakieke jarauntsi oso baten edo zati
baten gaineko oinordetza-eskubideei, jarauntsi horren kausatzailea bizirik dagoen
bitartean. Era berean xedatu ahal dira hirugarren baten jarauntsiaren gaineko oinordetzaeskubideak, betiere hirugarren horren adostasunarekin.
3. Oinordetza-ituna baliozkoa izan dadin, nahitaezkoa da egilesleak adin
nagusikoak izatea.
4. Oinordetza-itunak nahitaez egiletsi beharko dira eskritura publikoan,
ezkontzako itunetan edota testamentu-ahalordea erabiltzeko egintzan bertan.
101. artikulua
1. Oinordetza-itunaren bidez ondasunen oinordekoa izendatzeak ondorerik
gabe uzten ditu itunpeko ondasunen gainean aurretiaz egindako testamentu-xedapen
guztiak.
2. Izendapen hori aldarazi edo suntsiarazi egingo da, bakarrik, egilesleek edo
euren oinordekoek beste itun bat eginez gero, eta, orobat, alderdiek ezarri arrazoien
ondorioz.
3. Oinordetza-ituna azkentzen da, alderdiek finkatutako arrazoien ondorioz edo
legez ezarritako arrazoien ondorioz. Oinordetza-ituna ezezta daiteke edo suntsiarazita
gera daiteke, lege-aginduz 108 eta 109. artikuluetan ezarri arrazoien ondorioz.
102. artikulua
Banakako ondasunen gainean mortis causa egindako dohaintza oinordetza-itun
gisa hartzen da, eta halakoa izango da, orobat, inter vivos egindako dohaintza
unibertsala, kontrakoa hizpatu ezik.
103. artikulua
Oinordekoa izendatzeko itunak bere baitan jaso dezake jarauntsiaren gaineko
xedapena, titulu unibertsalaren bidez nahiz banakako tituluaren bidez, baita jarauntsiari
uko egitea ere; bi kasuotan, egilesleek finka ditzakete hari jarri beharreko erreserbak,
zamak, betebeharrak eta baldintzak.
2. ATALA
Oinordekoa izendatzeko itunak
104. artikulua
1. Familia-ondarearen oinordekoa izendatzen denean, horrekin batera
izendatzaileen eta izendatuen arteko bizikidetasun-ituna egin daiteke, sozietate-mota
desberdinen formapean edo ondasun-erkidegoaren araubidea erabiliz. Itundutako
bizikidetasun-araubideari edo familia-sozietateari aplikatuko zaio, lehenengo eta behin,
titulu eratzailea, eta, ordezko moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko lege zibil honetan
xedatutakoa; eta, Gipuzkoan, baserriaren gaineko oinordetzari dagokionez, 96. artikuluan ezarritakoa.
2. Kontrako ituna egin ezean, izendatzaileetatik bat hiltzean ulertuko da horren
ezkontideak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak, itunaren egilesle denak, bizi
artean eta oso-osorik eusten diela bi-biok erreserbatu izan dituzten eskubideei.
3. Izendatuak aurkaratu ahal izango ditu atal honetan xedatutakoaren aurkako
egintzak edota alderdiek erabakitakoaren aurkako egintzak, baita izendatzailea bizirik
dagoen bitartean ere.
105. artikulua
1. Oinordekoa izendatzen denean post mortem eragingarritasunarekin,
izendatuak ondasunak jasoko ditu, izendatzailea hiltzen den unean; baina, ituna
egilesten denetik, oinordeko-izaera eskuratzen du, eta izaera hori besterenduezina eta
enbargaezina da.
2. Izendatzaileak ondasunen gaineko titulartasunari eusten dio, eta,
kontrakoa itundu ezean, ondasun horiek xedatu ahal izango ditu kostu bidez.
Eskualdatutako ondasunak, izatez, ekoizpen-ondareak badira, eta izendatuak ondare
horietan lan egiten badu, haren adostasuna nahitaezkoa izango da, ondasunok kostu
bidez besterentzeko, baldin eta izendatzaileak eta izendatuak ez badute bestelakoa
itundu.
3. Kontrakoa ituntzen ez den bitartean, ulertuko da post mortem izendapena
egilesten dela, izendatzailearen seme-alabei familiako usadioen arabera laguntza eta
heziketa emateko erreserbarekin.
4. Oinordekoa izendatzen denean post mortem eragingarritasunarekin, izendapen
horren barruko ondasunek erantzukizuna dute, izendatzaileak hartutako zorren gainean.
106. artikulua
Oinordetza-itunak post mortem eragingarritasuna badu eta ezkontzako itunetan
egilesten bada, izendatuak bere eskubidea xedatu ahal izango du doan, baita
izendatzailea bizirik dagoenean ere, inter vivos nahiz mortis causa egintzen bitartez,
bere seme-alaba eta ondorengoen mesederako. Izendatua izendatzailea baino lehen hilez
gero, izendatuaren eskubidea haren ondorengoei eskualdatzen zaie.
107. artikulua
1. Oinordekoa izendatzen denean, unean bertan ondasunak eskualdatuz,
oinordekoak ondasun horien gaineko titulartasuna eskuratzen du, betiere izendatzaileen
intereserako, familiaren intereserako eta ondasunen ustiatzearen intereserako ezarritako
mugekin; horregatik, kontrako ituna egin ezean, xedatze- edo kargatze-egintza oro
baliozkoa izan dadin, nahitaezkoa izango da izendatzailearen eta izendatuaren baterako
adostasuna.
2. Kontrako ituna egin ezean, izendatzailea hiltzean, izendatuak eskuratuko
ditu erreserbapeko ondasunak edo izendatzailearen ondarera heldu direnak.
3. Izendatzaileak oinordetza-itunaren aurretik zorrak hartu baditu, zor horiek
lehenespena dute, izendatuaren hartzekodunei begira, unean bertan eskualdatutako
ondasunen gainean.
108. artikulua
Izendatzaileek izendapena ezeztatu ahal dute.
1) Itundutako arrazoien ondorioz.
2) Ezarritako zama edo baldintzen ez-betetze larriaren ondorioz.
3) Izendatuak ezduintasun- edo jaraunsgabetze-arrazoia betetzearen ondorioz.
4) Izendatuaren jokabidearen ondorioz, jokabide horrek familiaren ohiko
bizikidetasuna oztopatzen badu.
5) Izendatuaren ezkontzari dagokionez, deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa
gertatzen denean, edota izatezko bikotea azkentzen denean, baldin eta oinordetza-ituna
egiletsi bada, ezkontza horren edo izatezko bikote horren eretzean.
109. artikulua
Oinordekoaren gaineko izendapena suntsiarazi egingo da.
1) Izendapen horri jarritako baldintza suntsiarazlea betetzearen ondorioz.
2) Izendatua ondorengorik gabe hiltzearen ondorioz.
3) Egilesleek eskritura publikoan formalizaturiko hitzarmenaren ondorioz.
IV. TITULUA
TESTAMENTURIK GABEKO OINORDETZA EDO LEGE-OINORDETZA
110. artikulua
Testamenturik gabeko oinordetza edo lege-oinordetza gertatzen da, jarauntsi
osoa edo horren zati bat baliozkotasunez xedatu ez denean, dela testamentuaren bidez,
dela oinordetza-itunaren bidez, lege honetan xedatutakoarekin bat etorriz.
111. artikulua
1. Ondasun tronkalen kasuan, lege-oinordetzaren hurrenkera izango da 66.
artikuluan ezarritakoa, baina alargunari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari
aitortzen zaizkio lege honetan araututako eskubide guztiak; ondasun ez-tronkalik izan
ezean edo horiek aski ez direnean, eskubideok ondasun tronkalen gainekoak izango dira.
2. Oinordeko tronkerorik ez dagoenean, ondasun guztiak ez-tronkalak direla
ulertuko da.
112. artikulua
Ondasun ez-tronkalen kasuan, testamenturik gabeko oinordetza gauzatzen da,
honako hurrenkera honetan.
1) Lehenengo eta behin, seme-alaba edo ondorengoen mesederako.
2) Aurrekoen mesederako.
3) Alargunaren eta bizirik dirauen izatezko bikotekidearen mesederako, bikote
hori azkendu denean bikotekideetatik bat hiltzearen ondorioz, eta, betiere, legezko
banantzerik edo modu sinesgarrian bi-biek hitzartutako banantzerik izan ez denean.
4) Albokoen mesederako, laugarren graduaren barruan.
113. artikulua
1. Seme-alabak jaraunsle dira, berezko eskubidearen ondorioz, jarauntsitik
hartzeko dutena zati berdinetan banatzen dela.
2. Ilobak eta gainerako ondorengoak jaraunsle izango dira, ordezkapeneskubidearen ondorioz.
114. artikulua
1. Gurasoek jarauntsiko ondasunak eskuratzen dituzte erdi bana. Euretatik
bat hilda badago, bizirik dirauenak ondasun guztiak jasoko ditu.
2. Gurasoetatik bat ere ez badago bizirik, gainerako aurrekoak izango dira
oinordeko, bi lerroetan ondasunak erdi bana eginez; eta, lerroren batean ez badago
aurrekorik, ondasun guztiak zati berdinetan eskuratuko dituzte aurrekoak zein lerrotan
egon eta lerro horretako aurrekoek.
115. artikulua
1. Ondorengorik eta aurrekorik izan ezean, eta albokoak baino lehenago,
oinordekoa izango da alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea, bikote hori
azkendu denean bikotekideetatik bat hiltzearen ondorioz.
2. Edozein kasutan ere, alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak
bere seniparte-eskubideei eutsiko die, gozamenari dagokionez.
116. artikulua
1. Ondorengorik, aurrekorik eta alargunik edo bizirik dirauen izatezko
bikotekiderik izan ezean, alboko senideak izango dira oinordeko; lehenengo eta behin,
neba-arrebak eta hildako neba-arreben seme-alabak, eta, halakoak izan ezean, seniderik
hurbilenak, betiere laugarren graduaren barruan.
2. Ordezkapen-eskubidea gertatuko da, bakarrik, neba-arrebak neba-arreben
seme-alabekin batera agertzen direnean; lehenengoak oinordeko izango dira buruko, eta
bigarrenak, leinuko. Lotura bikoitzeko neba-arrebak lotura bakarreko neba-arrebekin
agertzen badira, haiek horien bikoitza jasoko dute oinordeko gisa.
117. artikulua
Aurreko artikuluen arabera lege-aginduz oinordetzara deituriko pertsonarik izan
ezean, ondasun guztien oinordekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoa.
V. TITULUA
OINORDETZA-MOTA GUZTIENTZAKO XEDAPENAK
118. artikulua
Aurrekoak jaraunsle gisa eskuratzen baditu ondasun batzuk bere
ondorengoarengandik, eta ondorengoak ondasun horiek jaso baditu doan beste
aurreko batengandik edo neba nahiz arreba batengandik, orduan aurrekoak betebeharra
du lege-aginduz jasotakoak erreserbatzeko, ondasunok zein lerrotatik etorri eta lerro
horretan hirugarren gradurainoko senide direnen mesederako.
119. artikulua
Onibarrak dohaintzan eman badira ezkontza baterako, ezkontza horren aurretik
zein ondoren, ondasunon oinordeko izango dira ezkontza horretan izandako semealabak edo ondorengoak, beste guztiak baztertuz.
120. artikulua
Testamentugileak edo dohaintza-emaileak kontrakoa xedatu ezean, alarguna
berriz ezkontzen bada, edota hildakoarena ez den seme edo alabaren bat baldin badu,
alargun horren betebeharra izango da hildako ezkontidearekin izandako seme-alaba eta
ondorengoei erreserbatzea berak harengandik testamentuaren bidez, dohaintzaren bidez
nahiz dohaineko beste edozein tituluren bidez eskuratutako ondasun guztiak.
121. artikulua
Hemen arauturiko erreserbek, edozein kasutan ere, euren baitan hartzen dituzte
erreserbagileak egindako eraikin, landaketa eta hobekuntzak; eta betebeharra sortzen da,
horri edo beraren jaraunsleei halakoen balio eguneratua ordaintzeko, erreserbahartzaileak horien edukitza noiz eskuratu, eta hurrengo urtebete eta egun bateko epean.
122. artikulua
Erreserbagileak, kapitulu honetan araututako kasu guztietan, oinordekoa
izendatu ahal izango du erreserba-hartzaileen artean, testamentuzko oinordetzari buruz
ezarritakoaren arabera; eta ezin izango du ordezpenik eta kargarik ezarri, horien
mesederako ez bada.
123. artikulua
Aurrekoak oinordeko dira, beste pertsona guztiak baztertuz, euren seme-alaba
edo ondorengoei eman dizkieten ondasunetan, baldin eta seme-alaba edo ondorengo
horiek hil badira ondorengorik utzi gabe, eta dohaintzan emandako objektuak eurak
oinordetzan badaude. Objektuok besterendu badira, aurrekoak oinordeko izango dira,
dohaintza-hartzaileak objektu horiei begira izango zituzkeen akzio guztietan; objektuok
saldu badira, prezioan; eta trukatu edo aldatu badira, horien ordezko diren ondasunetan.
124. artikulua
1. Dohaintza-emaileari itzuliko zaizkio mantenu-zamarekin dohaintzan
emandako ondasunak, baldin eta dohaintza-hartzailea hiltzen bada, dohaintza-emailea
bizirik dagoen bitartean, eta seme-alabarik edo ondorengorik utzi gabe.
2. Dohaintza-hartzaileak ezin izango du, dohaintza-emailea bizirik dagoen
artean, dohaintzan jasotako ondasunak besterendu, kargatu, ezta doan xedatu ere, inter
vivos ez mortis causa, non ez duen hori egiten bere seme-alaba edo ondorengoen
mesederako.
III. LIBURUA
EZKONTZAKO ONDASUNEN ARAUBIDEA
I. TITULUA
LEGE-ARAUBIDEA
125. artikulua
Ezkontzako ondasunen araubidea izango da ezkontideek ezkontzako itunetan
ezarritakoa, bai beren-beregi araubide horren baldintzak hizpatzen dituztenean, bai lege
honetan nahiz beste foru-lege edo lege berezi batzuetan edota Kode Zibilean ezarritako
sistema ekonomikoetatik edozein aipatzen dutenean.
126. artikulua
1. Ezkontzaren araubide ekonomikoa, itundutakoa izan nahiz legezkoa izan,
aldarazi ahal izango da, beste ezkontza-itun batzuk egiletsiz.
2. Edozein kasutan ere, ezkontza-araubidearen gaineko aldarazpenek ezin izango
diote hirugarrenari kalterik egin.
127. artikulua
1. Ezkontzako itunak egin ezean, edota egindakoak aski ez direnean edo
deusezak direnean, ezkontzari aplikatuko zaizkio Kode Zibilean irabazpidezko
sozietateari buruz ezarritako arauak.
2. Ezkongaiak Bizkaiko Lur Lauko, Aramaioko edo Laudioko auzotarrak
direnean, ezkontzari aplikatuko zaio, ituna egin ezean, III. liburu honen II. tituluan
araututako araubidea.
3. Ezkontideetatik batek bakarrik badu bere auzotasun zibila Bizkaiko Lur
Lauan, Aramaion edo Laudion, ondasunen araubidea izango da, ituna egin ezean,
ezkontideen lehenengo eta ohiko bizileku erkideari dagokiona, eta, halako bizilekua
izan ezean, ezkontza non egin eta toki horri dagokiona.
128. artikulua
1. Ezkontideek batera edozein agiri publiko egilesten dutenean, bertan
aldarazi ahal izango dute lege-aginduz ituna egin ezean eurei esleitzen zaien araubidea.
2. Ezkontzako ondasunen araubidea aldarazteak ez du ondorerik sortuko
hirugarrenen aurka, aldarazpena Erregistro Zibilean, edo, hala denean, Jabetza
Erregistroan inskribatzen denetik baino.
II. TITULUA
ONDASUNEN FORU-KOMUNIKAZIOARI BURUZKO ARAUBIDEA
1. ATALA
Foru-komunikazioa
129. artikulua
Foru-komunikazioaren bitartez, erkide egiten dira, ezkontideentzat erdi bana,
ondasun guztiak, higigarri nahiz higiezinak, horien jatorria edozein izanik ere, batarenak
izan zein bestearenak izan, edozein tituluren ondoriozkoak, bai ekarritakoak, bai
ezkontza bitartean eskuratutakoak, eta horien kokalekua edozein izanik ere.
130. artikulua
Foru-komunikazioak, ezkontza bitartean, lege honetan ezarritako norainokoa eta
mugak ditu, eta zuzenean bukatuko da, ezkontideen arteko banantze-epaia, ezkontzaren
deuseztasunari buruzkoa edo dibortzio-epaia ematean, bai eta ezkontzako itunak
egilestean ere, baldin eta ezkontideek beste izaera bateko araubide ekonomikoa ezartzen
badute.
131. artikulua
Foru-komunikazioa bukatuko da, halaber,
ezkontideetatik batek hori eskatuta, hurrengo kasuetan.
epailearen
erabakiz
eta
1) Beste ezkontidea epaiketa bidez ezgaituta geratu denean, haren absentziaadierazpena nahiz hartzekodunen konkurtso-adierazpena eman denean, edota familia bertan
behera uzteagatik kondenatua izan denean. Foru-komunikazioaren desegitea erabaki ahal
izango da, kasuan kasuko ebazpen judiziala betearazten denean, edo, bestela, edozein
epaile eskudunek erabaki ahal izango du desegite hori, baldin eta eskaria egiten duenak
haren lekukotza aurkezten badu.
Familia bertan behera uzteko kasuetan, errudun ez den ezkontideak bakarrik
eskatu ahal izango du foru-komunikazioaren bukatzea.
2) Beste ezkontideak xedatze- eta kudeatze-egintzak gauzatzen dituenean, haren
kalterako edo haren eskubideei iruzur eginez.
3) Egitez urte bete baino gehiago bananduta egon direnean, nahiz eta elkarrekin
adostutako banantzea izan.
Komunikazio-araubidea desegin ondoren, ezkontza bera ez bada azkentzen,
ezkontideak ondasunen banantze-araubidearen mende geratuko dira, Kode Zibilean
arautu bezala, kontrakoa itundu ezik.
132. artikulua
1. Foru-komunikazioa, ezkontzarekin sortzen dena, sendotu egiten da,
ezkontideetatik bat hiltzearen ondorioz desegiten den unean, bi-bion seme-alabak edo
ondorengoak baldin badaude.
2. Ezkontideetatik edozeinek ezkontza desegin arte lortu dituen ondasun,
eskubide eta akzio guztiak komunikatu direla ulertuko da; ez, ordea, pertsonari
datxezkion eskubideak, ezta ezkontideetatik baten heriotzaz geroztik eskuratutakoak
ere. Era berean, ez dira komunikatuko ondasun eta eskubide eskualdaezinak, ezta
norberaren erabilerarako direnak ere.
133. artikulua
Foru-komunikazioa indarrean dagoen bitartean, irabazitako ondasunak eta
ezkontide batengan jatorria duten ondasunak bereiziko dira, eta bereizketa horri
aplikatuko zaizkio legeria zibil orokorrak irabazpidezko ondasunen gainean eta ondasun
pribatiboen gainean ezarritako arauak. Ezkontzari dagozkion ondasun guztiak
irabazitakoak direla uste izango da, baldin eta ez bada frogatzen ezkontideetatik bati
bakarrik dagozkiola, ondasun pribatibo gisa.
134. artikulua
1. Ezkontzaren zamatzat hartuko dira familia mantentzeko, seme-alaba erkideak
elikatu eta hezteko, eta, ezkontide batenak bakarrik izanik, familiaren etxean bizi diren
seme-alabak elikatu eta hezteko beharrezkoak diren guztiak. Beste edozein gastu
ondasun erkideekin ordaintzen bada, baina ezkontide baten interes edo ondasunei
buruzkoa baldin bada, itzulketa eskatzeko eskubidea sortuko da, komunikazioa
likidatzeko unean.
2. Ezkontzaren zamak ordainduko dira, lehenengo eta behin, irabazitako
ondasunekin eta, halakorik izan ezean edo horiek nahikoa ez badira, eta orduan
bakarrik, ezkontide bakoitzarengan jatorria duten ondasunekin, horien balioaren arabera.
3. Azken horiekin ordaindutakoa etorkizuneko irabaziekin konpentsatuko da.
135. artikulua
1. Foru-komunikazioan, ondasunak xedatzeko egintzetarako nahitaezkoa izango
da bi ezkontideen adostasuna. Ezkontideetatik batek adostasuna ukatzen badu, epaileak
xedapena baimendu ahal izango du, hori familiaren intereserako dela uste badu.
2. Hala ere, ezkontideetatik edozeinek bere kabuz xedatu ahal izango du bere
titulartasunpeko dirua, finantza-aktiboak edo balore higigarriak.
136. artikulua
Kreditu-eskubideak, horien izaera edozein izanik ere, zein ezkontideren izenean
eratu eta horrexek egikarituko ditu.
137. artikulua
1. Ezkontide bakoitzari dagokio, modu esklusiboan, berarengan jatorria duten
ondasunak kudeatu eta administratzea, Merkataritza Kodean ezarritakoari kalterik egin
gabe.
2. Era berean, ezkontide bakoitzak bere ondasunen fruituak eta produktuak
xedatu ahal izango ditu, eta, aldian-aldian, besteari argibideak eman beharko dizkio,
ondasun horien egoerari buruz.
138. artikulua
1. Ezkontideetatik edozeinek zorrak eta betebeharrak hartzen baditu bestearen
adostasunik gabe, hartutako horiek betebeharpekoari dagokion erdiaren kontura bakarrik
geratuko dira, hurrengo mugekin.
Lehenengoa. Erantzukizunetik aske geratuko dira beti ezkontide ez-
zordunarengan jatorria duten ondasunak.
Bigarrena. Prozesu judizialetan edota betearazpen-prozesuetan, hurrengo
erregelen mende geratuko da irabazitako ondasunen eta zordunarengan jatorria duten
ondasunen gaineko erantzukizuna.
Ezkontide ez-zordunari jakinarazi beharko zaio enbargoa, eta ezkontide horrek
eskubidea izango du, edozein enbargoren aurka jartzeko, baldin eta enbargo horrek,
irabazitako ondasunen gainekoa izanik, berari dagokion erdia gainditzen badu. Era
berean, ezkontide ez-zordunak, egutegiko hamabost eguneko epean, forukomunikazioaren desegitea eskatu ahal izango du, 145. artikuluko erregelen arabera;
kasu horretan, betebeharpekoari adjudikaturiko ondasunak bakarrik geratuko dira
erantzukizunaren menpe, eta ezkontzari ondasunen banantze-araubidea aplikatuko zaio
aurrerantzean. Eskubide hori ez da gertatuko, baldin eta hartzekodunak frogatzen badu
zorrak onura ekarri diola familiari.
Foru-komunikazioa desegitearen ondorioz, ondasunak adjudikatu behar
direnean, adjudikazio hori betearazpen-prozeduran bertan egingo da, eta, zehatzago,
pieza bananduan, eta, horretarako, jarauntsien banaketari buruz ezarritako arauak
aplikatuko dira.
Hirugarrena. Betebeharpekoaren erdi komunikatua saltzen bada, ezkontide
erantzuleak ezkontza bitartean ez du inolako zatirik izango, beste erdiaren gainean; erdi
hori beste ezkontidearen administraziopean geratuko da. Ezkontideak ezin izango du erdi
hori besterendu, epailearen baimenik gabe, eta haren fruituak familiaren gastu arruntetarako
destinatu beharko ditu.
Laugarrena. Irabazpidezko ondasunen gaineko erantzukizuna subsidiarioa da, eta
ezkontide ez-zordunak halakoak enbargatzea saihestu ahal izango du, zordunaren
ondasun propioak behar besteko kopuruan adieraziz.
2. Edozein kasutan ere, betearazpena zein ondasunen gainean gauzatu eta
ondasun horiek ezkontide zordunak jasotakotzat hartuko dira, komunikazioan horrek
duen partaidetzaren kontura, eta sozietatea likidatzeko unean haiek duten balioaren
neurrian.
139. artikulua
Foru-komunikazioa indarrean dagoen bitartean, jarauntsira deitutako
ezkontideak ezin izango du hori arbuiatu, bestearen adostasunik gabe. Adostasuna lortu
ezean, jarauntsia inbentario onuraren arabera onartu dela ulertuko da.
2. ATALA
Ondasunen komunikazioari buruzko araubidea desegitea
140. artikulua
Ezkontza desegiten bada ezkontideetatik baten heriotzaren ondorioz, eta ez
badago seme-alaba edo ondorengo erkiderik, foru-komunikazioa sendotu eta ondasunerkidego bihurtzen da, batetik, alargunaren, eta, bestetik, aurrez-hildakoaren oinordeko
diren seme-alaba edo ondorengoen artean, ondasunak zatitu eta adjudikatu arte.
141. artikulua
1. Kausatzaileak komisarioa izendatu badu, ondasunak erkidegoan egongo dira,
oinordekoa izendatu arte. Ondasunak egoera horretan diren bitartean, alarguna izango
da, testamentugileak kontrakoa xedatu ezean, jarauntsiaren ordezkari bakarra eta
ondasun guztien administratzailea, izendatutako oinordekoek jarauntsia onartzen ez
duten bitartean.
2. Testamentugileak kontrakoa xedatu ezean, alarguna komisario izendatu bada,
bera bakarrik edo beste pertsona batzuekin batera, alargun horrek, testamentu-ahalordea
erabiltzen ez duen bitartean, ondasunen gaineko gozamena izango du, eta ez du fidantza
emateko betebeharrik izango.
142. artikulua
1. 140. artikuluan xedatutakoa salbuetsita, alarguna komisario izendatu bada,
alargun horrek bere buruari adjudikatu ahal izango dio ondasun guztien erdia, eta beste
erdia aurrez-hildakoaren oinordetzarako utzi ahal izango du, ondasun tronkalen gaineko
erreserbari kalterik egin gabe.
2. Kausatzaileak kontulari-banatzailea izendatu badu, ezkontide komisarioak,
kontulari-banatzailearekin batera, eratutako erkidegoaren desegitea eta likidazioa egin
ahal izango ditu, 144. artikuluan ezarritako moduan; horrela, kausatzailearen
oinordetzan geratuko dira horri adjudikaturiko ondasunak. Era berean, hori egin ahal
izango du, ustezko oinordekoekin batera, edo, osterantzean, berak epaileari hala eskatu
eta horrexen erabakiz.
143. artikulua
Ezkontza desegin bada, seme-alabak edo ondorengoak daudela, alargunak,
epaiketa bidez, hildakoaren oinordekoei eskatu ahal izango die haren intereseko
jarauntsietatik edozein onartzea. Epaileak adierazi epea ezin izango da hogeita hamar
egunetik gorakoa izan; eta, behin hori igarota, oinordekoek ez badute adierazi jarauntsia
onartzeko borondatea dutenik, edo jarauntsia arbuiatu badute, aipatu ezkontideak
jarauntsi hori onartu ahal izango du inbentario onuraren arabera.
144. artikulua
1. Komunikaziopeko ondasunak adjudikatzean, hurrengo erregelak beteko dira.
Lehenengoa. Lehenengo eta behin, alargunari adjudikatuko zaizkio, horren
hartzekoa ordaintzeko, berarengan jatorria duten onibar tronkalak.
Bigarrena. Horiek ez badira nahikoa, alargunaren hartzekoa osatuko da ondasun
higigarri eta onibar ez-tronkalekin.
Hirugarrena. Aurreko bi erregeletako ondasunak nahikoa ez direnean, eta orduan
bakarrik, aurrez-hildako ezkontidearen onibar tronkala erabiliko da.
2. Alargunaren hartzekoa zehazteko, aintzakotzat hartuko da 138.
artikuluan xedatutakoa.
145. artikulua
1. Foru-komunikazioa azkentzen denean ezkontideetatik bat hiltzeagatik,
ondorengo erkiderik utzi gabe, edota banantze-, deuseztasun- edo dibortzio-epaia
emateagatik, hurrengo erregelak aplikatuko dira.
1) Ezkontide bakoitzari dagozkio berarengan jatorria duten ondasunak edota
horiekin eskuratutakoak nahiz haien salmentaren ondorioz eskuratutakoak. Eskuraketa,
zati batez, beste jatorri bateko ondasunekin egin bada, halako ondasunetan proindibisoa
sortuko da, ondasunon titularren artean, bakoitzak jarritako kopuruaren arabera.
2) Irabazitako ondasunak erdibanatu egingo dira bi ezkontideen artean.
3) Ezkontide baten ondasuna edo horren balioa familiaren intereserako gastatu
bada, horren balio eguneratua kontuan hartuko da, irabazitako ondasunekin hori
ordaintzeko; eta, irabazitako ondasunak nahikoa ez badira, alde horretatik beste
ezkontideak ordainduko du berari dagokion zatia, bakoitzak dituen ondasunen balioaren
arabera.
2. Foru-komunikazioa azkentzen bada ezkontzaren araubide ekonomikoa
aldaraztegatik, itundutakoa beteko da, eta, horren ezean, aplikagarria izango da artikulu
honetan xedatutakoa.
146. artikulua
Desegitea gertatzen bada ezkontideetatik baten heriotzaren ondorioz, eta ez
badago ondorengorik, orduan, aurreko artikuluaren erregelez gain, hurrengoak
aplikatuko dira.
1) Alarguna aurrez-hildakoaren baserrira ezkondu bada, orduan eskubidea
izango du, alargun dagoen bitartean, baserri horretan geratzeko, urtebete eta egun bat;
horrek ez die kalterik egingo legezko edo borondatezko xedapenaren ondorioz
alargunak dituen beste eskubideei.
2) Alargunak ezkonsaria ekarri badu edo bestelako ekarriak egin baditu, aurreko
erregelan ezarritako epea luzatu egingo da, hildakoaren jaraunsleek alargunari ekarri
horiek itzultzen ez dizkioten bitartean.
3) Onibar tronkalak kostu bidez eskuratu badira, edo horietan hobekuntzak egin
badira, eskuraketa eta hobekuntza horiek izango dira ondasunok zein lerrotatik etorri eta
lerro horretako ezkontidearentzat edo horren jaraunsle tronkeroentzat; baina, ezkontzasozietatea likidatzean, aintzakotzat hartuko da egindako inbertsioen balio eguneratua,
eta beste ezkontideari edo horren jaraunsleei ordainduko zaie hari dagokion hartzekoa.
Gerta daiteke ordainketa horrek ondorerik ez izatea, alarguna hil arte, horri
eskubidea aitortzen baitzaio, bizirik dagoen bitartean, bere erdia askatasunez gozatu eta
lupertzeko.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa
Lege honen eta beronek indargabetzen dituenen artean, aldi arteko gatazkak
sortzen badira, gatazkok konpontzeko aplikatuko dira Kode Zibilaren atariko xedapen
iragankorra, eta 1, 2, 3, 4 eta 12. xedapen iragankorrak.
Aldi arteko gatazka ezin bada konpondu aurreko xedapenen bitartez, kontuan
hartuko da lege honen ondoriozko aldaketek ezin dietela kalterik egin aurreko legeriaren
arabera eskuratutako eskubideei.
Bigarrena
Bide-zorraren gaineko edukitza hasi bada lege hau indarrean jarri baino lehen,
edukitza horretatik probetxua aterako du edukitzaileak, preskripzio bidez hura
eskuratzeko ondoreetarako.
Hirugarrena
Lege honen aurretik egiletsitako testamentu-ahalordeei atzeraeraginez
aplikatuko zaizkie 41. artikulua, testamentu-ahalordea egikaritzeko epeari buruz; 43.
artikuluaren 3, 4 eta 5. paragrafoak, ondarearen administratzaile eta ordezkari den
komisarioaren ahalmenei buruz; eta 42. artikulua, ahalordea egintza edo egilespen
bakarrean nahiz batzuetan egikaritzeko aukerari buruz.
Laugarrena
1992ko uztailaren 1eko Legea indarrean jarri aurretik egiletsitako testamentuahalordeetan, alarguna komisario izendatzeak berarekin ekarriko du alargun horri bizi
arteko gozamena eratxikitzea, eta gozamen hori ez da azkenduko ahalordea
erabiltzeagatik.
Bosgarrena
Xedatze-egintzak burutzen badira, Kode Zibilaren 831. artikuluaren itzalpean
edo Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legearen 13. artikuluaren itzalpean, egintza horiek guztiz baliozkoak izango dira.
Seigarrena
Hilobien gaineko tronkalitate-eskubideei, egun indarrean dauden neurrian,
Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legearen
xedapenak aplikatuko zaizkie.
Zazpigarrena
Lege hau indarrean jartzeaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoaren
lurraldeetatik edozeinetan auzotasun zibila dutenek zuzen-zuzenean eskuratuko dute
euskal auzotasun zibila, eta, hala denean, eurei dagokien toki-auzotasun zibila ere bai.
Xedapen honetan ezarritakoarekin bat etorriz, haiei aplikatu beharreko legeria
berria ezarriko da, eta legeria horrek ez du aldatuko ezkontzaren araubide ekonomikoa,
edo, izatezko bikoteen kasuan, ondare-araubidea, salbu eta hori ezkontzako itunetan
erabakitzen denean; eta, harreman pertsonalei eta oinordetza-harremanei dagokienez,
lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoa beteko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa
Eusko Legebiltzarrak foru-aldundiei eskatzen die, horiek, euren subiranotasun
fiskala baliatuta, euren tributu-arauak molda ditzaten, lege honek garatzen dituen
erakundeen arabera, eta, horren ondorioz, arau fiskalak euskal zuzenbide zibilaren
printzipioekin bat etor daitezen.
Bigarrena
2/2003 Legea, maiatzaren 7koa, izatezko bikoteak arautzekoa, aldarazi egiten da,
eta, zehatzago, lege horren 2 eta 5. artikuluak aldarazten dira, eta, aurrerantzean, hauxe
izango da horien idazkera.
“2. artikulua. Izatezko bikotearen kontzeptua eta aplikazio-eremua.
Lehenengoa. Lege hau aplikatzeko, izatezko bikotea da bi pertsonaren arteko
elkartze askearen ondorioa; pertsona horiek adinez nagusi edo adingabeko emantzipatuak
izan behar dute, gaitasun osoa izan behar dute, eta ezin dute euren artean lerro zuzeneko
odol- edo adopzio-ahaidetasunik eduki, ez eta alboko lerroko bigarren mailako odolahaidetasunik ere. Harreman sexual edo afektiboa izan behar dute elkarren artean, eta
berdin izango da pertsona horiek sexu berekoak edo desberdinekoak izatea. Gainera,
bikoteko kideek, ez batak ez besteak, ezin dute ezkontza edo izatezko bikotearen
bidezko loturarik izan beste inorekin ere.
Lege honetako xedapenak 3. artikuluan eta ondokoetan zehazten den eran
eratutako izatezko bikoteei aplikatuko zaizkie.
Horrela, bada, izatezko bikotea inskribatzeko, bikotekideetatik batek behintzat
euskal auzotasun zibila izan beharko du”.
“5. artikulua. Bikotearen harremana eta ekonomia-erregimena arautzea
1. Izatezko bikoteko kideek beren elkartzearen ondorio diren harreman pertsonal
eta ondarezkoak arautu ahal izango dituzte agiri publiko edo pribatuaren bitartez, eta
bakoitzaren eskubide eta betebeharrak zehaztuko dituzte hor, bai eta bikotea deseginez
gero eman beharreko ordain ekonomikoak ere.
2. Ezin izango da hitzartu izatezko bikotea aldi baterako eratzea, ez eta haren eraketa baldintzaren baten menpe ezarri ere. Administrazio publikoek ez dituzte
erregistroan jasoko edozein bikotekideren oinarrizko eskubide eta askatasunak hautsi
litzaketen itunak.
3. Esanbidezko ituna egin ezean, lege honek araututako izatezko bikoteen ondarearaubide ekonomikoa izango da Kode Zibilean ondasunen banantzeari buruzko araututakoa”.
Hirugarrena
Lege hau indarrean jarriko da, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian
argitaratzen denetik hiru hil igarotakoan.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Aurreko lege guztiak indarrik gabe geratzen dira, orain aldarrikatzen den
honetan zer xedatu eta horren aurkako diren heinean.
