Bizkaiko eta Arabako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumari buruzko uztailaren 30eko 1959/32. Legea

Aurrekari historikoakLege zibilak

BIZKAIKO ETA ARABAKO FORU ZUZENBIDE ZIBILAREN BILDUMARI BURUZKO UZTAILAREN 30eko 1959/32. LEGEA

(B.O.E.ko 1959.eko uztailaren 31ko 182. zk.)

1988. urteko maiatzaren llko Oinarriei buruzko Legeak bere 5. artikuluan, Foru
Zuzenbideak bizirik zituzten probintzia eta herrialdeek halakoak beren osotasunean,
zuten erregimen juridikoaren aldaketarik jasan gabe, gordeko zituzketela xedatu zuen,
Kode Zibilaren argitarapena gertatua izan arren «berau haietariko bakoitzean, Lege
Berezien hutsunerik denean bakarrik, zuzenbide gehigarri gisa izango baita aginduzko».

Lege berak agindu zion gobernuari, Kodegintza Batzordeari entzun eta gero,
Korteei lege proiektu batetan zein batzutan, bizirik zirauten probintzia zein herrialde
bakoitzean jagotea komeni ziren Foru Erakundeak jasoko zituen Kode Zibilaren
eranskinak aurkezteko.

1989. urteko apirilaren 17ko Erret Dekretuak Gobernuak lan hori egiteko Batzorde
bereziak izenda zitzala agindu zuen eta urte bereko apirilaren 24eko Erret Dekretuaren
bidez izendatu zen Bizkaiko eta Arabako Foru Zuzenbide Zibilaren aurreproiektua
idatzi behar zuen Batzorde berezia. 1900. urteko otsailaren 9an egin zuen Batzorde
honek bere azken bilkura eta bukatutzat eman bere lana.

Bizkaiak eta Arabak, beren Zuzenbide Zibilaren Foru Legeak Kode bakar
batetan argituak, ordenatuak eta sistematizatuak edukitzeko zuten gogo biziak
Probintziako Aldundiak eta Abokatuen Elkargoak, beren baitan, Batzordeak eginiko
proiektua ebazteko Batzorde bereziak eratzea ekarri zuen, lan hau Bilboko
Abokatuen Elkargoak bete zuelarik, 1928. urteko azaroaren 15ean eginiko txostenaren
bidez.

Berriz ere, Zaragozan izandako Foru Zuzenbideari buruzko Biltzarraren ondorioz, 1947.
urteko maiatzaren 23ko Dekretuak, orain arte bete-betean konpondua izan ez den
arazoari, hots, beren aniztasunean gure tradizio juridikoaren aberastasunaren erakusle
diren espainiar antolamendu zibil desberdinen elkarbizitzak legegileari planteatzen
dionari ekin zion. Irtenbidea bilatzeko asmotan, berriro Foru Zuzenbideko erakundeak
aztertu eta ordenatzeko Legekarien batzordeak sortzeari ekin zion eta Bildumen
Aurreproiektuak, erakunde historikoak aurkitzen ziren uneko beharrizan eta premiei
egokitzeko zuten indarra zein aplikagarritasuna kontutan izanik egokiro sistematizatuz,
Kode Zibilaren sistematikara moldatuz eta kointzidentzia eta errepikapenak ekidinez
egin beharra zegoela xedatu zuen.

Sortutako Legekarien Batzordeen lana osatzeko, Kodegintza Batzorde
Orokorraren 1953. urteko urriaren 23ko Dekretu Organikoak, bere barnean
Batzordekide foruzaleak sartzea agindu zuen, eginiko bildumak ikertu eta zegozkien
aurreproiektuak gobernuaren menpean jar zitzaten. Batzorde Iraunkorrak, Batzordeko
Lehendakariaren ardurapean, Bizkaiko eta Arabako batzordekide foruzale eta Lehen
saileko ordezkariekin osaturiko sail berezi bat sortzeko agindu zuen, 1928. urtean
Bilboko Abokatuen Elkargo Txit Argiak egindako txostena oinarritzat hartuz,
aurreproiektu bat idatz zezan.

Gobernuari aurkeztutako testua, aurretik egindako aurreproiektuen, Foru
berberaren eta Bizkaiko eta Arabako zuzenbide bereziaren inguruan sorturiko doktrina
juridiko eta jurisprudentzialaren miaketa zehatz eta xehetuaren ondorioa da.

Lan honen helbururik nagusiena, tradizio juridikoaren bilduma ordenatu eta
sistematiko baten bidez zein zuzenbide hispaniarren ezaguera, zehaztapen eta
komunikazioaren bitartez, Kode Zibil orokor baten azterketa eta idazkuntzara
heltzea da, bertan bilduko direlarik herri espainiarrean eta bertako eskualde
desberdinetan bizirik dirauten erakunde bizi eta indarrekoak, erro nazionala duten
errealitate natural, sozial eta juridikoen erakusleak eta berebiziko interes moral zein
materialei dagozkienak. Azken batetan helburua ez da, halanolako zuzenbide
uniformea sortzea, erakundeen onartasun eta komenigarritasunari buruz jokatzea
baino, nazionala denaren egituraketa eta integrazioaren bidea era amultsu eta zientifiko
batez egiteko.

Forudun herrialdeko erakundeen arau erregulatzaileen indar eta aplikagarritasunaren
azterketak ez du, ez Bizkaian ez eta Araban, arazo funtsezkorik planteatzen,
berauetan beren zuzenbide pribatua herriaren barnemuin ekonomiko, familiar eta
sozialean ondo errotuta bait dago.

Areago oraindik, Bizkaitar Foru Zuzenbidea, benetako baserri estatutua dena,
espainiar baserriaren antolamendu juridikorako joera berrien aurrerapen gertatzen
da, familia eta ondaren kontzentrazioaren bitartez eta kezka bakar horren zerbitzuan,
Bizkaiko zuzenbide berezia, bere erakundeen oreka armonikoan, hain bikaintasun
tekniko handiko tresna izanik, egungo legegilearentzat, aintzinako kutsuaz bada
ere, eredu izan daitekeelarik.

Bizkaiko eta Arabako bildumaren aldarrikapenak ez luke bere berezko xederik
beteko, herriko praktika juridikoetan osoki gordeak direla, gaur ere, berebiziko
antolaketa ekonomiko, familiar eta sozialaren zerbitzuan diren zuzenbide
pribatuzko erakunde tradizionalak gorpu organiko batetan batzera eta artikulatzera
mugatuko balira.

Bizkaitar Zuzenbidearen eraginkortasun funtzionalak arrisku bizian
konprometatuta jarraitzen du ezpairik gabe, historikoki sistema beraren
ahulezia izan denarengatik, hain zuzen ere, Foruaren herrialde oinarriaren
zehaztapen ezagatik, Herrialdean elkarren ondoan bizi izan diren bi erregimen
juridiko zibilen gatazka amaigabeagatik.

Izan ere, zuzenbide honek bere Herrialde oinarriarenganako duen
desegokiera hori, bizkaitar foru estatutuaren akats barnekoi eta bereberekoa
da, zeren jatorrian Zuzenbide arrunta hiri forugabeetako udal mugarte
hiritarrean kontzentratua egonik, inguruko baserri giroan hiritarraren izaera
tartekatzearen prozesu geldoak Kodearen eta Foruaren arteko gatazka
automatikoa sortzen du, etengabeki onibarren oinetxekotasun objektiboa zein
forudunen oinordetzazko estatutu pertsonala eta ezkontz ekonomia nahasten
dituelarik.

Horrela, zehaztapen juridiko falta hori sortzen indar desbideratzaile
handiagoz lagundu du honako errakuntza historiko honek: hau da, zuzenbide
pribatua, Forua hiri forugabeen zabalkunde administratiboak bereganaturiko

baserri guneetatik baztertuz, aldaketa topografikoen menpean jartzeak.

Ezin ditu inolaz ere erizpide legegileak arazo hauek alde batera utzi; are
gutxiago foru Bildumaren aldarrikapenak ematen dion abagadunean,
Bizkaitar Zuzenbidearen erakundeetako bizitasuna bertan behera desegiketa
prozesu baten arriskuan jarri gabe.

Horrelako hori konpontzeko, Probintziako Batzordearen Aurreproiektuan
bildutako formula proposatu zen, hots, bat-batean zuzenbide arruntaren
gunea, hiri forugabeetako hiriguneko mugatik, gaur beraien udal mugarteetako
perimetroa zehazten duen lerro administratiboraino zabaltzea. Sistema honen
bidez, Foru Zuzenbideak, trukaketa astunenaren ordainez, itxura batetako
egonkortasuna irabaziko luke: hau da, bizkaitar familia ondarearen
berezitasunik jatorrizkoenak era bereziz kokatzen direneko baserrigune zabal
askotatik kanpo geratzea.

Agerikoa baldin bada ere ezin dela lortu, aldian ez eta espazioan, formula
erabateko eta iraunkor baten bidez bizkaitar zuzenbidearen eta beraren
herrialde oinarrien arteko egokiera, Legeak, Kodegintza Batzordearen
ebazpenaren arabera, zuzenbidearen eta beraren herrialde oinarrien arteko
lotura antolamendu juridiko honen gorenengo zioa dela pentsatuz, Herri honen
bizimodu juridikoa ezerosotasunez betetzen duten eskumen gatazkak ekiditeko
irtenbidea bilatzera jotzen du.

Halakoari dagokio Bildumaren Lehen Titulua, Kode Zibilaren aginpidea
hiri forugabeetako egungo hiriguneen perimetro osora zabaltzen hasten den arau
zuzentzaileen sistema baten bidez; jarraian gertatuta uzten du haien garapen
organikoaren araberako zuzenbide arruntaren hedakuntza automatikoa eta
landa eta hiria elkarren artean nahasten diren gunera, Kodea eta Forua
elkarren aurka hasten diren unera heltzean, presuntzio bikoitza jartzen du
aginpide biak beren benetako herrialde oinarrietan kokatzeko, baserri
bakoitzaren eta beraren lurren ondare batasunari dagokionean Foru
Zuzenbidea lekutuz eta mugatuz. Horrela fideltasun osoz betetzen da
Foruaren «ratio legis» delakoa, honek bere erakundeak, batez ere baserriaren
banaezintasunaren eta bizkaitar famili ondarearen funtzionaltasunaren ohoretan zabaltzen dituelako.

Baina Foruaren ideia nagusienarenganako menpekotasun horrek, gaur
egungo udal mugarteko mugetaraino, iraupen irtenbiderik gabe aurreratu den
Bilbo hiriaren hedapen hiritarraren azterketa berezia eskatzen du. Hiriburuaren
udal mugarte osoa, hitzaren adiera teknikoan hiritarra da eta horrelakoa ez
dena ere, bere baserritartasuna galdua duela, xedez zein helburuz
hiritartasunez beteta dago. Desagertu egin da, beraz, Foruaren zioa udal mugarte
osoan. Eta hala ere, beraren hiriburutasunaren garrantzia, beraren higiezinen
hedadura eta beraren ekonomia industrialaren garapen handia hala badira ere,
Bilboko bizimodu juridiko indartsu osoak legegintzazko biltasunaren
euskarri irristakorraren gainean oinarrituz jarraitzen du, beraren mugak uste
huts eta irudimenaren hondakin soil izatera iragan direlarik.

Zilegi da, beraz, salbuespen gisa, Bilboko udal mugarte osoa Zuzenbide
arrunteko deklaratzea, hemen ez bait dago Foruaren inolako atzerapenik, udal

mugarte osoan desagertu bait da forua izateko zioa. Eta Lehen Tituluan trinkoki
biltzen diren egonkortasun neurri horiek osatzeko, 4. artikuluak erabat ixten
dio bidea Foruaren aginpidean egin daitekeen edozein tartesartze administratibori.

Teknika legegilearen arrazoiak direla medio, Bizkaiko Foru Zuzenbidea
konfigurazio autonomozko erakundeen inguruan, hala nola oinetxetasun,
testamentu askatasun eta foru komunikazioan mamitzen bada ere, onartu
beharra dago, sakonean, ondare kontzentrazioaren printzipioa indar berberaz
sortu eta nagusitzen dela Bizkaiko Zuzenbide Zibilaren gune osoan, Foruaren
Printzipio guztiak erabat agortuz, Foruko manu guztiek delako printzipio
nagusi haren menpean egon behar dutelako eta haren esanetara ez daudenak
sistemaren barne orekatik kanpo geratzen direlako.

Oinarrizko ideia honen nagusitasunak, beraz, jatorrizko foru manuak
aukeratzeko erabateko erizpidea ematen du eta horrexegatik onartzen ditu
Legeak batera eta ohore guztiak dituztela mendeetan zehar Herrialde
antolamenduaren benetako politikaren menpe izan diren erakunde horiek,
berauetariko batzuren barneko egituraketan beharrezko garapen teknikoak, hala
nola, foru deiak sortzera mugatuz edo eta, beste batzu, oinordetza ordeinadun zein
testamentugabean gertatzen den bezala, Kodean egiten den gai beraren foru
sistematizazioari egokituz.

Erizpide berbera aplikatuz, alde batera uzten dira Foruaren printzipio sortzaileen
araberakoak ez diren erakundeak, honela laga egiten delarik testamentu
amankomunatua eta Kode Zibilpean jartzen direlarik dohaintzen ezeztapena,
preskripzioa eta lursailen arteko distantziak.

Laudio eta Aramaio forugune arabarretan, Bizkaiko zuzenbideak duen
dudagabeko indarrak ez du eskumen arazorik sortzen, Zuzenbide pribatuaren eremua
nahikoa ezarrita dagoelako, Bizkaiko zuzenbide zibil bereziak, egun ere, bere indar
osoa gordetzen dueneko bi udal mugarteetako muga administratiboen alboan.

Era berean, Aiarako Forua gaur egun indarrean izatea onartuz, Bilduma, beraren
tradiziozko ezarpen lurraldean lekutzera eta, hasierako foru testuaren isiltasuna,
Aiarako erabateko testamentu askatasuna eta nahitaezko jaraunsleen seniparte
eskubide zilegierazleak bateragarri egiten dituen formula batez ordezkatzera
mugatzen da. Aiaratarrentzako ondasunak erabiltzeko askatasun zabal honen
onarpenak, bere-berea duen «gozamen poderosoa» deituriko Foru erakundea
mantentzea suposatzen du.

Foru Erakundeen ikuspegia osotzeko eta erregimen juridiko orokorraren barnean
kokatzeko, Kode Zibilaren indarra aldarrikatzen da zuzenbide osatzaile eta
ordezkatzaile bakartzat, hots, Bilduman bildu gabeko gaietan zuzenean eta lehen mailan
aplikagarri den zuzenbide osagarri bakarra eta bildutakoetan ordezkatzaile bakarra dena,
zeren testamentu amankomunatua indargabetua eta komisari bidezko testamentuei
dagozkien Toro-ko 31 eta 38. Legeetako aginduak hirugarren tituluan artikulatuak
izan ondoren ez baitago Gaztelako zuzenbide klasikora jo beharrik.

Ondorioz eta Espainiako Korteek egindako proposamenarekin ados izanik,
honako hau xedatu dut.

LEHEN LIBURUA

Bizkaian apligarriak diren xedapenak

LEHEN TITULUA

Bizkaiko zuzenbide zibilaren herrialde aplikazioa

1. artikulua.

Lege honetako Lehen Liburuaren xedapenek Bizkaiko
Infanzonatuan edo Lur Lauean izango dira aginduzko.


2. artikulua.

Bizkaiko Infanzonatu edo Lur Lauaren izenduraz gaur
egungo Bizkaiko probintziak hartzen duen lurralde osoa izendatzen da, salbu
Bermeo, Durango, Ermua, Gernika eta Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina,
Otxandio, Ondarroa, Portugalete, Plentzia eta Balmaseda hamabi hiriak,
Urduñako ziutatea eta Bilboko udal mugarte osoa.

Salbuetsitako lurralde honetan Kode Zibila izango da aginduzko.


3. artikulua

Aurreko artikuluan zerrendatutako hamabi hiri forugabeei
dagokien izendurak beraien hiriguneetako egungo edo etorkizuneko perimetroko
lurralde osoa hartzen du barru.

Hamabi hiri forugabeetako hiriguneen alboko soro-landa eta lurrak,
menpekotasunez zein xedez beraiei erantsitzat joko dira eta, ondorioz, Kode
Zibila izango dute aginduzko, baserri batetako atalak izanik, beraren nekazal
ustiategiaren batasunari Iotuak ez badira, behintzat.

Hamabi hiri forugabeetako hiriguneei erantsitzat eta, baita ere, Kode
Zibilaren aginduzkotzat joko dira.

Beraien udal mugarteetan kokaturiko eraikuntza eta lurguneak, ustiategi
industrialera zein berez baserriko erabilera edo ekintza ez direnetara
zuzendutakoak edo eta baserri bateko lursailak ez direnak.

a) Egungo nahiz etorkizuneko lurzoruaren gaineko legeriaren arabera,
ofizialki onartutako urbanizazio planek joak izanik, beraien udal mugartean
lekuturiko lurguneak.

b) Aurreko erregelak aplikagarri izango zaizkio Urduñako ziutateari ere.


4. artikulua

Bizkaiko udal mugarteetako mugen aldaketa administratiboek
ez dute lurralde ukituei dagokien zuzenbide zibil aplikagarria aldaeraziko.


5. artikulua

Bizkaiko eta bizkaitarrentzako estatutu pertsonal, erreal eta
formalaren ondorioak eta legeria zibil desberdinetako gainerako espainiar
lurraldeenganako duten bizkaitartasuna, Kode Zibilaren Atariko Tituluko arauen eta
kideko xedapen bidez edo eta etorkizunean gai hau aginduzko izango duten lege
orokorrez arautuko dira.

Tokiko auzotartasuna, hiritartasuna eta auzotartasun zibilaren arau orokorren
bitartez zehaztuko da.

BIGARREN TITULUA

Oinetxekotasuna

6. artikulua

Ahaidetasuneko oinetxekotasuna, beti, Infanzonatuan lekuturiko
onibar bati dagokionean zehazten da. Ondorio horretarako onibar dira.

1. Kode Zibilaren 334. artikuluaren lehenengo zenbakitik zazpigarren zenbakirainokoak.

2. Elizetako hilobiak.


7. artikulua

Senide oinetxekotar dira:

1. Beheranzko
lerroan, legezko seme-alaba guztiak, ezkontzaren ondorioz
legeztatuak zein gainerako legezko ondorengoak. Hauek falta direnean, odoleko semealabak eta Estatuko Buruzagiaren emakidaren bidez legeztatuak eta batzuen zein
besteen legezko ondorengoak horrelakotzat aitortu dituen aita-amarekiko.

2. Goranzkoan, delako onibarrak jatorri dueneko aitaren edo amaren lerroko
legezko aurrekoak.

3. Bizirik dirauten aita edo ama ere izango dira, Lege honen 36. artikuluan ezartzen
den erreserbaren kalterik gabe, berek ezkontza bitartean erosi edo irabazitako eta aurrehildako ezkontidearengandik ezkontzan edukitako seme-alabengandik jarauntsitako
ondasunekiko.

4. Albokoan, delako onibarrak jatorri dueneko aitaren edo amaren lerroaren
legezko senideak.


8. artikulua

Beheranzko lerroan, ahaidetasun oinetxetarra luzatu egiten da,
edozein delarik iristen deneko maila.

Goranzkoan, ahaidetasun oinetxetarra onibarra lehen aldiz eduki zuen aurrekoan
bukatzen da, oinetxekotarra ez den oinordetzan beraren aurrekoek dituzten
eskubideen kaltetan izan gabe.

Albokoan odolkidetasunezko laugarren maila zibileraino iristen da, hau ere barne
delarik


9. artikulua

Oinetxetartzat hartzen dira.

1. Beheranzko lerroari dagokionean, Infanzonatuan lekuturiko onibar guztiak,
jarauntsiak zein erosiak, arrotzengandik eskuratuak izan badira ere.

2. Aurreko nahiz alboko lerroei dagokienean, oinordekoaren eta oinordetza
kausatzailearen oin amankomunarenak izan diren Infanzonatuan lekuturiko
onibar guztiak, azken honek senide oinetxetarrengandik eskuratuak izan
direnak ere barru direla. Behar denean «oinordeko» eta «kausatzaile» hitzak
«erosle» eta «saltzaile» hitzen bidez ordezkatuko dira.

3. Infanzontuan kokaturikoak direlarik, oinetxetarrak diren ondasunen eta
horrelakoak ez direnen arteko trukaketa bidez eskuratuak.


10. artikulua.

Bizkaitarrek Bizkaiko Foru Herrialdetik kanpoko beste
batetan bizi badira ere, senide oinetxekotarrak edukiz gero, haien alde bakarrik
erabil ditzakete ondasun oinetxetarrak «inter vivos» zein «mortis causa»
dohainezko titulu bidez.


11. artikulua.

Ondasunean oinordekoaren izendapena, direla oinetxekotarrak edo ez, testamentu, ezkontz kontratu, ezkontsari-eskritura edo
dohaintzaren bidez egin beharko da.


12. artikulua.

Baserri baten dohainezko eskualdaketak, kontrako xedapenik
ez denean, beraren lursailekin batera, barnean dituen altzariak, abereak eta
laborantzarako tresnak barruhartzen ditu.

HIRUGARREN TITULUA

Testamentu motak

13. artikulua.

Kode Zibilak arauturiko testamentu egikera ezberdinez
gainera Infanzonatuan «Hil-buruko» testamentua eta «botere testatzaile» ere
deitua den komisariaren bidezko testamentua onartzen dira.

LEHEN KAPITULUA

«Hil-buruko» testamentua

14. artikulua.

Herritik eta Notari publikoaren egoitzatik urrun hilzorian
dagoenak hiru lekukoen aurrean testamentua egiletsi ahal izango du, idatziz zein
ahoz.

Testamentu honen balioa, Auzibide Zibilari buruzko Legearen III. Liburuko
VI. Tituluan berau kautotzeko formalitateak betetzearen menpean geldituko da.

BIGARREN KAPITULUA

Komisariaren bidezko testamentua

15. artikulua.

Testatzaileak bere oinordekoaren izendapena, bere ondasunen
banaketa eta hauek oinordetzazko eskualdaketari buruz dagozkion ahalmenak,
komisari baten zein batzuren eskuetan utz ditzake.


16. artikulua

Komisariaren izendapena Notariaren aurrean eginiko testamentuan
bakarrik egin daiteke. Ezkontideek elkar izenda ditzateke komisari ezkontz
kontratuaren eskrituran.


17. artikulua

Komisariak testamentuan egilesleak xedatutakoaren eredura
ihardungo du bere karguan eta halakorik ez dagoenean, Lege honen arabera
testatzaileari dagozkion ahalmenak edukiko ditu.

Komisariak ezin izango du Komisio-emailearen testamentua, osoro zein zatiriko,
ezeztatu honek ez badu horretarako bereziki baimentzen.


18. artikulua

Komisariek, testamentutik besterik ateratzen ez bada, beren
eginkizunak amankomunzki beteko dituzte. Erabakiak bizirik dirauten komisarien
arteko gehiengoz hartuko dira eta berdinketaren kasuan lehenengo izendaturikoak
ebatziko du. Edozein komisariren berarizko ahalmenak beraren heriotzaz amaitzen dira.

Komisari kargua, edozein kasutan ere, dohainezkoa da eta beraren ahalmenak
amankomunatuak nahiz solidarioak, norberezkoak eta eskualdaezinak dira.


19. artikulua

Komisariak bere egitekoa egintza batetan formalizatuko du,
oinordeko guztiak adin nagusikoak badira; baina haietariko bat edo haiek guztiak
horrelakoak ez balira, egilespen batetan edo batzutan egin ahal izango du, haiek
ezkondu edo adin nagusiko egiten diren adinean.

Testatzaileak epea jar diezaioke komisariari bere eginkizuna burutzeko. Epea jartzen
ez dionean, urtebetekoa izango da, testatzailearen heriotzatik edo eta, kasua denean,
ustezko oinordekoetariko gazteena ezkondu edo adin nagusiko egiten denetik zenbatuko
delarik.

Testamentuzko boterearen erabileran komisariak egiletsitako xedapenak
ezeztaezinak izango dira.


20. artikulua

Komisariak bere testamentuzko boterea «inter vivos» edo ondorio
bakar horretarako egiletsitako testamentuaren bidez erabil dezake, bertan bere
ondasunik erabil ez dezanean. Hala ere, bizirik dirauen ezkontideak aurre-hildakoak
berari emandako testamentuzko boterea, osoro zein zatikiro, erabili ahal izango du, beti
ere bi ezkontideen seme-alaba edo ondorengo erkideei bakarrik dagokienean.

LAUGARREN TITULUA

Testamentuzko oinordetza

21. artikulua

Legezko edo nahitaezko jaraunspena testatzailearen ondasun guztien
lau bostenez osatuta dago. Gainerako bostena erabilera askekoa da.


22. artikulua

Nahitaezko jaraunspena honako mailakatze honen bidez burutzen
da.

1. Legezko seme-alaba eta ondorengo legezkoei, beren legezko ondorengotzaren
aldeko ordezkapen eskubidea dutela.

2. Odoleko seme-alaba aitortuei eta Estatuko Buruzagiaren emakidaren bidez
legeztatuei, legezko ondorengotzaren aldeko ordezkapen eskubidea izango dutela.

3. Legezko guraso eta aurrekoei.

4. Albokide oinetxetarrei beren lerroko ondasun oinetxetarrei dagokienean.

Honelako nahitaezko oinordekorik ez denean, ondasun guztiak, direla oinetxetarrak
edo ez, erabilera askekoak izango dira.


23. artikulua

Testatzaileak askatasun osoz bana dezake nahitaezko jaraunspena,
aurreko artikuluaren lerro bakoitzean sarturiko oinordekoen artean edo eta haietariko
bakar bat, besteak baztertuz hautatu.

Artikulu horretako bat, bi eta hiru zenbakietan sarturikoak bazterketa formula
berezirik gabe albora daitezke, testatzaileak bere jaraunspenetik baztertzeko duen gogoa
argi egonez gero.

Laugarren zenbakian sarturikoen bazterketa esanbidezkoa edo isilezkoa izan daiteke,
isilaren bidez batertutzat ematen direlarik beren aldeko izendapenik izan ez dutenak.


24. artikulua.

Lerro bakoitzaren aurreko oinetxetarrek, ondasunak
oinetxetarrak direnean, bakoitzaren lerrotik datozenak jarauntsiko dituzte 7. artikuluko
3. zenbakian xedatutakoaren kaltetan izan gabe.

Bi lerro horietako batetan aurreko oinetxetarrik izaten ez denean, ondasun
oinetxetarrak, alboko oinetxetarrek jarauntsiko dituzte hurbiltasun mailako ordenaren
arabera.


25. artikulua

Legezko guraso eta aurrekoek oinetxetarrak ez diren ondasunak erdi
bana jarauntsiko dituzte lerro bien artean, edozein delarik bataren zein bestearen
hurbiltasun maila. Haietariko batetan horrelakoak ez direnean beste lerrokoek
jarauntsiko dituzte.


26. artikulua

Ezkontide alargunak erabilera askeko ondasunen erdiaren
gozamena edukiko du, seme-alaba edo ondorengo legezkoekin batera gertatzen ez
denean.


27. artikulua

Seme-alaba, ondorengo edo aurreko legezkoei ezin izango
zaie ondasunen bostetik gorakoa den ordezpen edo zamarik inposatu, nahitaezko
oinordekoen alde denean izan ezik.

Era berean, ezin izango da ordezpen edo zamarik ondasun oinetxetarren
gainean inposatu, beste oinordeko oinetxetar baten alde ez bada.


28. artikulua

Testatzaileak, seme-alabak, ondorengoak edo eta aurrekoak,
guztiak legezkoak direla, eduki ditzanean, erabilera askeko bostena, zorren
kenketa egin osteko ondasun jaraunsgarrien balioa kontutan hartuz, zenbatuko
da; baina ezofiziosoa izango da ondasun ez-oinetxekotarren balioak gainezkatzen duen
erabilera.

Kausatzailearen zorrak ondasun higigarrien eta onibar ez-oinetxetarren
zenbatekoaz ordainduko dira eta batzuen eta besteen eza denean bakarrik
erantzungo dute lerro bakoitzaren ondasun eta onibar oinetxekotarrek,
bakoitzaren zenbatekoaren proportzioan.


29. artikulua

Arimaren aldeko bostenaren legatua, zorren kenketa egin eta
gero, ondasun guztien balioa kontuan hartuz zenbatuko da, baina lehenengo
eta behin ondasun higigarri eta onibar ez oinetxetarretatik aterako da. Ondasun
hauen kopurua legatuarena betetzeko ainakoa ez denean, onibar
oinetxetarretara joko da, falta dena, kausatzailearen bi lerroetatik, beren
kopuruaren proportzioan, ateratzeko.

«Animaren aldeko legatua» esamoldean sartutzat ulertzen dira
testatzailearen pietatezko agindu guztiak, horrela, mezak, pobreentzako
erremusinak, Onegintz Etxeentzako legatuak eta horrelakoen antzeko helburuak
dituztenak.


30. artikulua

Oinordetza, ezkontz kontratu, ezkontsari eskritura edo
dohaintzaz gauza dadinean, bazterketa 23. artikuluan ezarritako moduan egin
beharko da.

BOSTGARREN TITULUA

«Ab intestato» oinordetza

31. artikulua

Testamenturik gabeko oinordetza jarraiko ordenaren arabera
burutuko da.

1. Legezko seme-alabei eskubide propioz eta gainerako ondorengo legezkoei
ordezkapen eskubidez.

2. Odoleko seme-alabatzat aitortuei eta Estatuko Buruzagiaren emakidaz
legeztatuei eskubide propioz eta beren ondorengo legezkoei ordezkapen
eskubidez.

Ordezkapen eskubidea beheranzko lerro zuzenean bakarrik gertatzen da.


32. artikulua

Aurreko artikuluan aipaturiko oinordekorik ez denean, oinordetza
honela ordenatuko da.

a) Aitaren zein amaren lerro bakoitzeko ondasun oinetxetarrak, beren
jatorriaren arabera, lerroko aurreko oinetxetarrentzat izango dira, 7. artikuluaren 3.
zenbakiak ezkontza bitartean zein irabazitakoei buruz xedatutakoaren kaltetan izango ez
dela. Lerro batetan aurreko oinetxetarrik ez dagoenean, ondasunak bertako alboko
oinetxetarrentzat izango dira. Lerroen batetan alboko oinetxetarrik izango ezbalitz,
ondasun oinetxetarrek galdu egingo lukete izaera hori.

b) Ondasun ez-oinetxetarrak zati berdinetan banatuko dira legezko aurrekoen bi
lerroen artean, edozein delarik lerro bateko zein besteko aurrekoen hurbiltasun maila. Haietariko batetan legezko aurrekorik ez dagoenean, ondasun guztiak aurrekoak
dituen lerroko aurrekoentzat izango dira. Batetan ere ez dagoenean, erdi bana
banatuko dira albokide legezkoen lerro bien artean, edozein delarik bateko zein besteko
senideen hurbiltasuna.

Bietatik batetan albokide legezkorik ez dagoenean bakarrik igaroko dira

albokideak dituen lerrokoengana.


33. artikulua

Goranzko eta alboko lerroetan, aitarenean zein amarenean, senide
hurbilenak mailak urrunagokoa baztertzen du. Lehentasun mailako senideak hainbat
badira, ondasunak beraien artean zati berdinetan banatuko dira eta lotura bikoitzeko nebaarrebek, lotura soilekoekin batera egoten badira, hauen zatia bikoiztuta jarauntsiko dute.


34. artikulua

Ezkontide alarguna, senide oinetxekotarrik ez dagoenean,
testamenturik gabeko ondasun oinetxekotarren oinordetzara deitua izango da; ondasun
ez-oinetxekotarretan, neba-arreben eta neba-arreben seme-alaben ostean.

Beste kasuetan, seme-alaba edo ondorengo legezkoak ez diren oinordekoekin
partehartzen duenean, testamentuzko ondorengotzan erabilera askekoak izango
liratekeen ondasunen erdiaren gozamena.

SEIGARREN TITULUA

Oinordetza testamentudun eta testamentugabeei zein dohaintzei buruzko
baterako xedapenak

35. artikulua

Infanzonatuan Kode Zibilaren 811. eta 812. artikuluak dira
aginduzko, 7. artikuluaren 3. zenbakiari dagokion ondasunen oinordetza
oinetxetarraren kaltetan izan gabe.


36. artikulua

Legearen aginduz edo borondatezko jaraunspenez, seme-alaba
batengandik, honek aitarengandik edo amarengandik jaruntsitako onibar oinetxekotarrak
eskuratzen dituen aitak edo amak, geroko ezkontzarik burutzen badu, ondasun horiek,
hildako seme-alabaren lotura bikoitzeko neba-arreba edo beraien seme-alaba edo
legezko ondorengoentzat, kasua denaren arabera, erreserbatu beharra edukiko du,
geroko ezkontzaren ondorengoak baztertuak geratuko direla.


37. artikulua

Geroko ezkontzarik burutzen duen alargunak, aurreko ezkontzako
seme-alaba edo ondorengo legezkoen alde erreserbatu behar ditu, hildako ezkontidearen
lerrotik komunikazioaren bidez eskuraturiko onibarrak. Halakorik ez dagoenean,
ondorengotza, ondasun horiek jatorria duten lerroko oinordeko oinetxetarrek izango dute.

Bi kasuetarik edozeinetan, bi aldiz ezkondutako ezkontideak oinordekoak izenda
ditzeke holako ondasunen ondorengotzara deituriko pertsonen artean testamentuzko
oinordetzarako ezarritako moduan.


38. artikulua

Ezkontza batentzako, burutua izan aurretik zein ostetik, dohaindu
edo ezkontsaritzat emandako onibarretan, beretik izandako seme-alaba edo
ondorengo legezkoek oinordetuko dute, geroko ezkontzan berriro ezkondutako
ezkontideak eduki dezakeen ondorengotza baztertuz. Dohaintza-hartzaileak halakoen
artean ondasun haien oinordekoa izendatu ahal izango du eta ezingo ditu beraien gainean ordezpen edo zamak ezarri, oinordetzara deitutako seme-alaba edo
ondorengoen alde izan ezik.

Oinordetzak, edonola ere, berriro ezkondutakoak egindako eraikuntza,
landaketa edo hobekuntzak barruhartzen ditu, berari halakoen kopuru erdia
ordaindu beharko zaiolarik beraren edukitzan sartu diren egunetik zenbatuko den
urtebete eta egunaren barruan.


39. artikulua

Dohaintzailearengana itzuliko dira elikatzeko zama gisa beraren
ondorengo bati dohaindutako ondasunak, berau, hark bizirik dirauela, seme-alaba edo

ondorengo legezkorik utzi gabe hiltzen denean.

Dohaintza-hartzaileak ezin izango ditu dohaintzailearen bizitza bitartean,
dohainezko ondasunak, dela «inter vivos», dela «mortis causa» besterenganatu,
zamatu edo erabili, dohainezko tituluaren bidez bere seme-alaba edo legezko
ondorengoen alde denean izan ezik.


40. artikulua

Ezkontzaren bidez legezturiko seme-alabak, oinordetza
testamentudunean zein testamentugabea, legezkoek dituzten bezainbesteko eskubideak
izango dituzte.

ZAZPIGARREN TITULUA

Ezkontzaren ondasun erregimena eta foru erkidegoa

41. artikulua

Ezkontzaren ondasun erregimena, hura burutu eta gero, aldaezina
da, senarrari bizkaitar infanzoi izaeraren galera zein eskuraketa borondatez edo
borondaterik gabe gertatu bazaio ere.


42. artikulua

Ondasunen gaineko kontraturik ez denean, ezkontza burutzerakoan
senarra bizkaitar infanzoia bada, ezkontza hori ondasunen Foru Komunikazio
erregimenaren pean egina izan dela ulertuko da.


43. artikulua

Foru Komunikazioaren bidez erdi bana erkideratuko dira, senaremazteen arteko ondasun guztiak, direla higigarriak zein onibarrak, edonolakoa
dutelarik beren jatorria, edozein tituluz batena zein bestearenak direlarik, ezkontza
bitartean eskuratu zein erakarriak eta edozein delarik aurkitzen direneko lekua.


44. artikulua

Foru Komunikazioak ez du ukatzen ezkontza bitartean
irabazpidezko ondasunak izatea, Kode Zibilaren arabera horrelakotzat joko direlarik
izaera hori merezi dutenak.


45. artikulua

Foru komunikazioan, onibar komunikatuetan eta ezkontza
bitartean eginiko besterenganaketa edo zamaketa egintzek, bi ezkontideen adostasuna
beharko dute.

Ondasun higigarrien besterenganaketa Kode Zibilak arautuko du.


46. artikulua

Senar-emazteen ondasunen administrazioak Kode Zibila izango
du aginduzko.

Bestearen baimenik gabe, ezkontide batek harturiko zor eta betebeharrak, bakarrik
betebehar peko denaren erdiaren kontura izango dira, hura horren ondorioz saldua izango
balitz, bere zor edo betebeharra dela eta salmentabide izan zen ezkontideak ez luke,
ezkontza bitartean, gainerako erdian zatirik izango, ezingo lukeela azken hau beste
ezkontideak besterenganatu eta familiaren elikadurarako utzi beharko litzatekeela.


47. artikulua

Ezkontza seme-alabak dituela desegiten denean, iraun egingo du
Foru komunikazioak, alargunaren eta aurre-hildakoaren oinordekoak diren seme-alaba
edo ondorengoen artean, ondasun komunikatuen banaketa eta esleipena egin dadin arte.

Gurasoek beren adin txikiko seme-alabei esleitutako ondasunen gozamena eta

administrazioa edukiko dituzte Kode Zibilaren arabera.


48. artikulua.

Aurre-hildako ezkontideak oinordekoa izendatzea komisariari agindu
dionean, ondasunek «pro indiviso» iraungo dute, hark izendapena egin arte. Ondasunak egoera horretan dirauten artean ezkontide alarguna izango da jaraunspeneko
ondasuntza osoaren ordezkatzailea eta administratzailea.


49. artikulua.

Ezkontza seme-alabarik gabe desegiten denean, bukatu egingo da
Foru Komunikazioa eta ondoko erregela hauen eredura jokatuko da:

1. Irabazpidezkoak ez diren ondasunak, jabea duten ezkontidearengana edo
honen ondorengoengana bihurtuko dira.

2. Irabazpidezkoak diren ondasunak Kode Zibilaren arabera banatuko dira.

3. Aurre-hildakoaren baserrira etorritakoa den ezkontide alargunak egoera
horretan irauten duen bitartean bertan jarraitzeko eskubidea edukiko du eta bereak
izandakoen gozamenaren erdiaz gozatzeko eskubidea urtebete eta egun batez, gozamen
hori 26. eta 34. artikuluetan ezarritakoarekin bateragarri izango delarik.

4. Ezkontide alargunak ezkontsaririk edo bestelako aportaziorik ekarria badu,
aurreko erregelan ezarritako epea luzatu egingo da, hildakoaren oinordekoek, hura
berari berriz itzultzeko egiten duten denbora osoz, edozein unetan, aipaturiko
urtebetea eta eguna igaro eta gero haiei erreklamatzeko duen eskubidearen kaltetan
izan gabe.

5. Ondasun onibar oinetxetarren erosketak eta hobekuntzak, beraien jatorria
duten lerroaren ezkontidearentzat edo bere oinordeko oinetxetarrentzat izango dira,
nolanahi ere, ezkontz sozietatearen likidazioan, bizi den ezkontiderari dagokion edukina
ordaintzeko, eginiko erosketa edo hobekuntzen kopurua kontutan hartuko delarik.

Erregela honetan xedatutakoa ondoriorik gabe gera daiteke, alarguna hil arte,
beroni erdia libreki gozatzeko eta disfrutatzeko eskubidea aitortzen bait zaio bere
bizitzako egunetan.


50. artikulua

Ondasun komunikatuen esleipenean ondoko erregela hauek beteko
dira:

1. Lehenik, ezkontide alargunari, bereak dituen hartzekoak ordaintzeko, bere
jatorrizko onibar oinetxetarrak esleituko zaizkio.

2. Hauek nahikoak ez balira, falta liratekeen ondasun higigarri eta onibar ezoinetxetarren bidez beteko litzateke.

3. Aurreko bi erregeletako ondasunak nahikoak ez direnean bakarrik joko da
hildako ezkontidearen onibar oinetxetarrera.

Ezkontide alargunaren hartzekoa zehazteko, 46. artikuluko 2. lerroaldean
xedatutakoa hartuko da aintzakotzat.

ZORTZIGARREN TITULUA

Ondasun oinetxetarren besterenganaketa

51. artikulua

Senide oinetxekotarrek, 7. artikulo ordena zein onibarrarenganako
hurbiltasun mailaren arabera, beren lerroetako ondasunak eskuratzeko lehentasun
eskubidea dute, ondasun horien besterenganaketa kostubidezko tituluaren bidez egin
nahi denean, eskubide hori besterenganaketa-gai diren ondasun guztien edo batzuren
gainean erabili ahal izango delarik.

Eskubide hau erabiltzera maila bereko hainbat senidek joko balute, lehentasuna,
onibarra dagoen herrian ondasun higiezinetan hedadura gutxien duenak izango luke.


52. artikulua

Ondasun oinetxekotarren salmenta, jendaurrean, ondasun horien
gainean Eliz eskumena duen parrokiako elizako atean domeka batetako meza nagusi
orduan jarriko den ediktu baten bidez iragarriko da. Agerian egongo da beraren ezarpen
egunetik kontatuko diren hamabost egunetan zehar, berau ediktuaren oinean lekuko

Parrokoak ezarritako ziurtagiriaren bidez benetakotua izan daitekeelarik.

Ediktuak salmentaren salneurria, besterenganaketaren baldintzak eta berau egiletsi
behar duen notaria adieraziko ditu.


53. artikulua

Onibarra eskuratu nahi duen oinetxetarra, ediktuan esandako
epearen barruan, bertan izendaturiko notariarengana aurkeztuko da beraren
eskuetan, fidantza gisa, iragarritako salneurriaren ehuneko hamarraren gordailua
eginez.

Egintza berean adierazko du, salneurria eta iragarritako baldintzak onartzen dituen
ala finka bere berberezko balioztapenaren bidez eskuratzea hautatzen duen. Erabaki hau
hurrengo hiru egunen barruan jakineraziko dio Notariak saltzaileari.

Oinetxetarrak iragarritako salneurrian eskuratzea hautatuko balu, hurrengo bost
egunen barruan egiletsiko da eskritura. Bidezko balioztapenaren aldeko aukera egiten
denean berau jartzeko, bi alderdiak, beren gizon onen laguntza dakartela, epe
berberaren barruan agertuko dira notariaren aurrean. Desadostasunik ez denean,
alderdiek egintza berean izendatutako gainontzeko batek erabakiko du eta, haiek ez badira pertsonari buruz ados jartzen, hiru izen sartuko dira zorro batetan, ahal den
neurrian lur kontribuzioa ordaintzen duten lekuetakoak direla, zorteak izendatzen duena
aukeratuko dela eta eskritura hurrengo bost egunen barruan egiletsiko delarik.


54. artikulua

Ediktuan ezarritako epearen barruan dei oinetxetarretara
eskuratzeko legebideztatua den oinetxetarrik etorriko ez balitz, jabeak askatasun osoa
izango luke iragarritako baldintzetan onibarra gainontzeko bati saltzeko.


55. artikulua

Ediktua jarria izatea, hura idatziko deneko notari aktaren bidez
agerteraziko da eta jarraiko eginbideetan 53. artikuluan aipatzen diren notari egintzak
jakineraziko dira.


56. artikulua

Ondasun oinetxekotarren gaineko edozein eskrituratan Foru deia
egina izan den ala ez jarriko da, lehen kasuan ediktua jarria izateari buruzko akta eta
jarraiko eginbideei aipamen zehatza eginez eta dagokion erregistro inskripzioan dei
hori legezko eran egina izan den ala ez agerteraziko delarik.


57. artikulua

Onibar oinetxetarra deirik gabe edo eta deia egina izan arren
salmenta ediktuan ezarritako salneurri edo eta baldintza ezberdinetan saldua izan
denean, eskuratzeko legebideztatuak diren senide oinetxetarrek, Jabetza Erregistroaren

inskripzio egunetik edo eta, kasua denean, salmentaren ezagupidea edukitzen dutenetik
zenbatuko den urtebetearen barruan, hura epaibidez baliogabe uztea zein onibar saldua,
perizialki prozedura berean eta hurrengo artikuluan ezartzen den moduan ezarritako
bidezko balorazioan beraiei esleitzea eskatu ahal izango dute.


58. artikulua

Hipoteka beterazpenean eta onibar oinetxetarren kontra
auzibidetzen delako balorazio jarrita agertzen deneko beste kasu guztietan, senide
oinetxetarrek, ondasun horiek baloratuak dauden salneurrian eskuratzeko gogoa
adierazteko enkantera agertzeko eskubidea izango dute.

Balorazio hori agertzen ez den premiamenduzko bestelako kasuetan, alderdi
bakoitzak bana izendatuak izango diren bi perituk jarriko dute edo eta, ados izango ez
balira, ahal den neurrian onibarrak daudeneko udal mugartean lur kontribuzioa
ordaintzen dutenen artean, zaku batetan sarturiko hiru izenen artean zortez
aukeratutako gainontzeko batek jarria izango da.

Epaiketaz kanpoko prozeduran onibarren balorazioa 53. artikuluaren azken
lerroaldean ezarritako moduan egingo da.


59. artikulua

Titulu honetan salerosketarako xedatutakoa, ondasun
oinetxetarren kostubidezko edozein eskualdaketari aplikatuko zaio baita
oinetxetarra den finkaren bat horrelakoa ez den beste baten ordez trukatzean gertatzen
diren trukaketa tituluei ere.

BIGARREN LIBURUA

Araban aplikagarriak diren xedapenak

LEHEN TITULUA

Laudio eta Aramaioko zuzenbide zibilaren lurralde aplikazioa

60. artikulua

Laudio eta Aramaioko udal mugarteetan ere aginduzko da Lehen
Liburua, Lehen Tituluko, 1, 2 eta 3. artikuluak izan ezik.

BIGARREN TITULUA

Aiara lurraldeko legeria zibila

61. artikulua

Aiara lurraldeak Aiara, Amurrio, Lezama eta Okendo udal
mugarteak, eta Artzeniegako udal mugarteko Mendieta, Retes de Tudela, Santa
Koloma eta Sojoguti herriak barruhartzen ditu, bertako hiria eta baserritalgoa kanpo
direla.


62. artikulua

Aiaratarrek, Aiarako Foruaren arabera, ondasun guztiak zein
haien zatiak, testamentuz, agintzaz nahiz dohaintzaz, titulu orokorrez edo bereziz
erabil ditzateke, beti ere, beren legezko oinordekoak, gutxi zein askorekin, nahi izan edo
ontzat jotzen dutenarekin bazter ditzatenean. Legezko oinordekotzat, Kode Zibilaren

arabera nahitaezkoak direnak ulertzen dira.


63. artikulua

Izendatua edo eta zerbaitekin espreski baztertua izan ez den legezko
oinordekoak, bere senipartea erreklama dezake, baina oinordekoak izendatzea eta
gainerako testamentuzko erabakiak, legezko seniparte honen kaltetan diren adinean
bakarrik ezereztuko dira, halakotzat seniparte luzea deiturikoa dela ulertzen delarik.


AZKEN XEDAPENAK

1. Bizkaiko eta Aiarako Foruen xedapen zibil guztiak, bilduma honetan daudenen
bidez ordezkatuak gelditzen dira.

2. Lege honetan aurrikusiak izan ez direnetan eta beraren aurka ez doazen
adinean, Bizkaiko Infanzonatuan eta Arabako Foru Herrialdean, Kode Zibila eta
berak indarrean direla aitortzen dituen Legeak aplikatuko dira.


XEDAPEN IRAGANKORRAK

1. Aurreko legeriaren pean eskuraturiko eskubide guztiak errespetatuko dira,
bizirik aitortzen direlarik eta beraien ondorioak hark xedatutakoaren arabera sortuko
dituztelarik.

2. Lege hau indarrean jartzen den unetik, 2. artikuluan zuzenbide arrunta zabaltzen
den Bilboko udal mugarteko aldeko biztanleek, delako egitatearen bidez zuzenbide
arrunteko auzotartasuna irabaziko dute, hala ere, berau indarrean sartu baino lehenago
haiek burututako edo egiletsitako egintza edo kontratuak, ordurarte indarrean zegoen
Legearen araberakoak izanez gero, baliozkoak izango direla eta halakoan beren ondorio
guztiak sorteraziko dituztela.

3. Honako Eranskin honen argitarapenak sor ditzakeen zuzenbide iragankorreko
arazoak Kode Zibilaren xedapen iragankorren arabera konponduko dira.

El Pardo-ko Jauregian, 1959.eko Uztailaren 30ean emana.

This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.