2002/7. FORU-ARAUA, BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOAREN TRIBUTU-SISTEMA. EUSKAL HERRIKO FORU ZUZENBIDE ZIBILAREN BEREZITASUNEI EGOKITZEN DUENA
(BAO Urriaren 15koa)
Bizkaiko Batzar Nagusiek, 2002.eko urriaren 15ko osoko bilkuran, urriaren 15eko
2002/7, Foru Araua, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Tributu-Sistema Euskal Herriko
Foru Zuzenbide Zibilaren berezitasunei egokitzen duena, onetsi dutela eta nik neuk
aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dudala jakinarazten dut, aplikatu zaien beharra
duten hiritar, norbanako eta agintari guztiek zaindu eta zainaraz dezaten.
URRIAREN 15eko 2002/7. FORU-ARAUA, BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOAREN TRIBUTU-SISTEMA EUSKAL HERRIKO FORU ZUZENBIDE ZIBILAREN BEREZITASUNEI EGOKITZEN DUENA
HITZAURREA.
Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-sistema Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilaren
berezitasunetara egokitzeko egin behar diren aldaketak egitea da foru arau honen xedea,
foru zuzenbide zibil horren erabilera eta sendoketa berma daitezen. Euskal Herriko Foru
Zuzenbide Zibilaren berezitasunak kontuan hartu gabe garatu dira, neurri handi batean,
Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-sistema osatzen duten arau juridikoak; foru
zuzenbide zibila, hala ere, gure lurralde historikoan ezargarria da, eta lurralde
forugabean indarrean dagoen zuzenbide zibiletik ezberdina.
Zerga gehienei dagokienez, eskumen arau-emaile handiagoak bereganatu dituzte
Bizkaiko Lurralde Historikoko erakundeek, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez
onetsi, eta Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean indarrean dagoen
Ekonomi Itunean xedatutakoarekin bat etorriz. Eskumen horiei esker, gaur egun
ahalmen arau-emailea daukagu Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilaren berezitasunak
aintzat hartu eta zerga-arauak eraldatzeko. Izan ere, lurralde historikoko erakundeek
betiere gogoan izan duten helburua da eraldaketa hori, gure lurraldearen eskubide
historikoen sendoketa sustatzearren.
Hortaz, oinordetza eta dohaintzen gaineko zergan, pertsona fisikoen errentaren gaineko
zergan, ondarearen gaineko zergan, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko
dokumentatuen gaineko zergan, Toki Ogasunei buruzko Foru Arauan, hiri lurren
balioaren gehikuntzaren gaineko zergan, ondasun higiezinen gaineko zergan, eta
Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean egin beharreko
aldaketak egiten ditu honako foru arau honek, gure foru zuzenbide zibilaren erakunde
berezien erabilerak zerga-alorrean dituen ondorioak behar bezala arauturik egon
daitezen. Alde batetik, beraz, foru zuzenbide zibileko erakundeok zerga-kontuetan
tratamendu desegokia jasotzeagatik bazterturik gera daitezen eragoztea du helburu, eta,
bestetik, helburu hori gure zerga-sistemaren oinarrizko printzipioekin bateratzea.
Horrez gain, testamentua egiteko ahalordearen bidezko jarauntsiek, hori erabili
bitartean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta ondarearen gaineko zergan
daukaten ordainketa-araubide berezia ezartzen du foru arau honek. Figura horrek taxuera berezikoa eta Kode Zibilaren sisteman guztiz arrotza izanik- eta Euskal Herriko
Foru Zuzenbide Zibilean ezarritako seniparteen sistema eta ondasunen foru
komunikazioaren ezkontza araubide ekonomikoa aplikatzeak arazo ugari sortzen
dituzte, aipaturiko zerga biei buruz indarrean dauden arauak aplikatzerakoan. Hori dela
eta, haientzako zerga-araubide berezia ezartzea erabaki da, erakundearen berezitasun
juridikoa errespetatzeko.
I. TITULUA.
ZERGA-ARAUEN EGOKITZAPENA.
(…)
II. TITULUA.
TESTAMENTU-AHALORDEAREN BIDEZKO JARAUNTSIEN.
ZERGA-ARAUBIDEA, AHALORDEA ERABILI BITARTEAN.
9. artikulua. Arau orokorrak.
1. Titulu honen bidez testamentu-ahalordea baliatzearen zain dauden jaraunspenei
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren karga aplikatzeko araubide berezia
ezarri da
2. Jaraunspenaren kausatzailea hil denean ohiko egoitza Bizkaian eduki badu, Zerga
Bizkaiko Foru Aldundiak ordainaraziko du titulu honetako manuak aplikatuz.
10. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga
1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru
Arauko 12.6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera testamentu-ahalordea erabiltzearen
zain dauden jaraunspenei dagozkien errentei foru arau horretan ezarritako xedapen
orokorrak eta araua garatzeko arauzko xedapenak aplikatuko zaizkie, artikulu honetako
hurrengo paragrafoetan biltzen diren berezitasunekin.
2. Zerga honetatik salbuetsita daude testamentu-ahalordea erabiltzearen zain dauden
jaraunspenetako ondasun edo eskubideak eskualdatuz lortzen diren ondare-irabaziak
edo – galerak, baldin eta eskualdaketa horrek Oinordetza eta Dohaintzen gaineko
Zergaren sortzapena ez badakar.
Halaber, zerga honetatik salbuetsita daude Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari
buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 37. artikuluan aipatutako kapital
higigarriaren etekinak, baldin eta testamentu-ahalordea erabiltzearen zain dauden
jaraunspenen baitako besteren kapitalen erakarketa eta erabilera ordezten dituzten
aktiboak eskualdatuz lortzen badira, eta eskualdaketa horrek Oinordetza eta Dohaintzen
gaineko Zergaren sortzapena ez badakar.
3. Zerga-oinarria zehazteari dagokionez, ekonomi jardueren etekinak testamentuahalordea erabiltzearen zain dauden jaraunspenen bidez lortutakotzat hartuko dira beti,
kontuan hartu gabe Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren
29ko 6/2006 Foru Arauaren 24. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako betekizuna betetzen
duten ala ez.
4. Oinarri likidagarri orokorra kalkulatzeko, hala badagokio, testamentu-ahalordea
erabiltzearen zain dagoen jaraunspenaren kargura epailearen erabakiz ordaindu den
urteko mantenuaren ondoriozko murrizpena soil-soilik aplikatuko zaie zerga-oinarri
orokorrari eta aurrezpenaren zerga-oinarriari, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko
Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 69. eta 71. artikuluetan eta
Euskal Autonomia Erkidegoko Foru-Zuzenbide Zibilari buruzko Legean xedatutakoaren
arabera.
5. Zergaren kuota likidoa kalkulatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari
buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 53.8., 90. eta 94. artikuluetan ezarritako
kuotakenkariak aplikatu ahal izango dira, eta ez besterik.
6. Oinarri likidagarri negatiboak eta kuota nahikorik ez izateagatik aplikatu ez diren
kuota-kenkariak soilik konpentsatu ahal izango dira testamentu-ahalordea erabiltzearen
zain dagoen jaraunspenari dagozkion oinarri likidagarri positiboekin eta kuota oso
positiboekin.
7. Testamentu-ahalordea erabiltzearen zain dagoen jaraunspenak zerga ordaindu
beharko du, eta, era berean, foru arau honetan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko
Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan eta arau hori garatzeko arauzko
xedapenetan ezartzen diren gainerako betebeharrak bete beharko ditu
8. Testamentu-ahalordearen erabilera oso eta ezeztaezina edo ahalorde hori azkentzeko
beste edozein arrazoi abenduaren 31 ez den beste egun batean gertatzen bada, zergaldia
egutegiko urtea baino laburragoa izango da. Hala denean, zergaldia egun horretan
amaitu eta zerga orduan bertan sortuko da.
11. artikulua. Betebehar materialak eta erazkoak.
Testamentu-ahalordea baliatzearen zain dauden jaraunspenez ezarritako betebeharrak,
erazkoak eta materialak, jaraunspenen administratzaileek bete behar dituzte.
12. artikulua. Erantzukizuna eta ondasun-lotura.
1. Testamentu-ahalordea baliatzearen zain dagoen jaraunspenaren administratzailea
Zergaren ordainketaren erantzule subsidiarioa izango da
2. Testamentu-ahalordea baliatzearen zain dagoen jaraunspeneko ondasunak eta
eskubideak Zerga ordaintzeari lotuko zaizkio, nornahi ere den edukitzailea, ondoko
kasuetan izan ezik: erregistro- fede publikoak babestutako hirugarrena izatea edo,
ondasunak ezin inskriba daitezkeen ondasun higigarriak badira, onustean eta titulu
justuaren bidez merkataritzako edo industria establezimenduan eskuratu direla
frogatzea.
Ondore hauetarako, aurreko idatz-zatian aipatutako ondasun eta eskubideen
eskualdaketa testamentu-ahalordea modu ezeztaezinean guztiz edo partzialki
erabiltzearen edo hura iraungitzearen ondoriozkoa bada, notario edo fedemaile
publikoek eskuesten dituzten agirietan ohartaraziko dute ondasunak zerga kuota
ordaintzeari lotuta daudela, hain zuzen ere eskualdatu aurretik, beraien
preskripzioaldian, sortutako zorrak ordaintzeari.
Halaber, jabetzaren erregistratzaileek edo merkataritzakoek albooharrean agerraraziko
dute ondasunak zerga kuotak ordaintzeari lotuta daudela, hain zuzen ere eskualdatu
aurretik, beraien preskripzioaldian, sortutako zorrak ordaintzeari.
13. artikulua.Atxikitzeko betebeharra.
1. Testamentu-ahalordearen bidezko jarauntsiak behartuta daude, ahalordea erabili
bitartean, atxikipenak, konturako sarrerak eta zatikako ordainketak egitera eta dagokien
zenbatekoa Bizkaiko Foru Aldundiari ordaintzera, pertsona fisikoen errentaren gaineko
zergari, sozietateen gaineko zergari eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari
buruzko foru arauetan eta beraiek garatzeko arauzko xedapenetan ezarritako kasu eta
eretan.
2. Nolanahi ere, testamentu-ahalordea erabili bitartean, ahalorde horren bidezko
jarauntsiek foru aldundiari diru-sarrera egiteko betebeharra bereganatuko dute, eta
aurreko 1. paragrafoan ezarritako betebeharra ez betetzeak ez ditu salbuetsiko sarrera
egiteko betebehar honetatik.
14. artikulua. Ondare sozietateen araubidea
Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekainaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 66. artikuluko
1 paragrafoaren b) letran aurrikusitako betekizunaren ondorenetarako, ez dute ondare
sozietateen izaera galduko testamentu-ahalordea erabili gabe dauden jarauntsiek parte
hartuta dauden erakundeek, Titulu honetakoa aplikagarri zaienean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA.
Bakarra.
Foru arau hau indarrean jartzen denean, bertan ezarritakoaren kontra dauden
xedapen guztiak indargabetuko dira, hala lerrun berekoak nola beheragokoak.
AZKEN XEDAPENAK.
Lehena.
Indarrean jartzea. Foru arau hau Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den
egunean jarriko da indarrean, eta 2003ko urtarrilaren 1az geroztik sortuko ditu
ondoreak. Bereziki, testamentu-ahalordearen bidez eratu eta egun horretan ahalordea
erabili gabe dauden jarauntsiei aplikatuko zaizkie II. tituluan bildutako arauak.
Bigarrena.Arauak emateko ahalmena. Ahalmena ematen zaie Bizkaiko Foru Aldundiari
eta Ogasun eta Finantzen foru diputatuari, foru arau hau garatu eta betetzeko behar diren
xedapen guztiak eman ditzaten.
