2/2004 LEGEGINTZAZKO ERREGE DEKRETUA, martxoaren
5ekoa, Toki Ogasunen Lege Arautzaileari buruzko Testu
Bategina onetsi duena
(EAO, 2004. urteko martxoaren 9koa)
104. artikulua. Izaera eta zerga-egitatea. Zergapetik kanpokoak.
1. Hiri-Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga zuzeneko tributua da; tributu horrek
kargatzen du halako lurretan gertatutako ondare-gehikuntza, baldin eta gehikuntza hori
agerian jarri bada, lurren gaineko jabetza edozein tituluren bidez eskualdatzeagatik, edo
aipatu lurren gaineko gozatze-eskubide errealetatik edozein, jabaria mugatzen duten
horietatik bat, eratu edo eskualdatzeagatik.
2. Ondare-gehikuntza ez dago zerga honen mende, baldin eta gehikuntza hori gertatzen
bazaie Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ondorioetarako landa-lur direnei. Horren
ondorioz, ondare-gehikuntza zergapean dago, baldin eta gehikuntza hori gertatzen
bazaie Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ondorioetarako hiri-lur direnei, eta ez da
kontuan hartuko lurrok Katastroan edo haren erroldan halakotzat jasota dauden ala ez.
Zerga honen ondorioetarako, ondare-gehikuntza zerga honen mende egongo da, orobat,
gehikuntza hori gertatzen zaienean ondasun higiezinetan barruratutako lurrei, baldin eta
lur horiek ezaugarri bereziak badituzte, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren
ondorioetarako.
3. Ezkontideek ezkontza-sozietateari ondasunen eta eskubideen ekarpenak egiten
badizkiote, edo ezkontideen mesederako adjudikazioak egiten badira, halako ekarpenen
ordainean, edo ezkontideei eskualdaketak egiten bazaizkie, haien hartzeko erkideen
ordainean, horiek guztiak ez dira zergapean egongo.
Era berean, ezkontzaren deuseztasunari, banantzeari edo dibortzioari buruzko epaiak
betetzearen ondorioz, ezkontideek elkarri edo euren seme-alabei ondasun higiezinak
eskualdatzen badizkiete, hori ez da zergaren mende egongo, ezkontzaren araubide
ekonomikoa edozein izanik ere.
